Otxandioko udea
Neure adiskide don Pantaleon Zuaza jaunari bere eguneko bazkarian
irakurriak
Egunak dira oso tristeak
Emen sarritan neguan,
Pagadui ori ikusten dogu
Billox billoxa abenduan;
Baña jantziten asi ezkero
Aprilla jaio orduan,
Ez da gelditzen arrotu arte,
Begira zelan dagoan.
Egunak daukaz gizonak bere
Alegere ta tristeak,
Danetakoak iragoten dauz
Jaio eguin dan guztiak;
Geienez dira alegereak
Gaztien egun ta asteak,
Baña bestera gero oi dira
Bat zartutean urteak.
Baña aberatsak zar egitean
Eta au diñot benetan,
Pobreak baño obeto irago
Oi dabez mundu onetan;
Don Pantaleon eta andreak
Egun au urte askotan,
Gaur legez gozau eingo al dabe
Udako etxe onetan.
Udan leku au guztizkoa da,
Gaztela baño oba da,
Larregi bero gitxitan dago,
Geienez dabil Iparra;
Etxegintzako asmoa jauna,
Ez eban egiñ ain txarra,
Askok eiñ balei elitzateke
Izango erri au aiñ zarra.
Eguntxo baten baña diñoe
Etzala egin Sebilla,
Ez ta Granada osterantzean
Jarri Bilbori begira;
Etxe ederrak asko egiten
Uri orixe nausi da,
Baña, eldu dan mallara eltzen
Urteak joan eztira?
Etxe eder au ein dabelako
Oneretxiak askuak
Artu beiz eta berorrek legez
Uste dot urrengokuak
Konpoetara joan da jarten
Diranak aberastuak
Dituezala askok egingo
Etxeak udarakuak.
Udan ementxe ditue jauna,
Naikerak bakartadean,
Ez Madrillen ez erri andian,
Ta asko bizi dan kalean;
Ezpada auxe lako tokian
Gañera euskal-lurrean,
Nun eztagoan ezen bildurrik
Ez egunez zein gabean.
Ze gozoa dan aberatsentzat
Udan au lako etxea!
Baso ondoan nun gura legez
Bizi dan ugazabea;
Nun zelan gura baita bizi da
Bertako etxanderea,
Ixiltasunaz an dabelako
Gozetan libertadea.
Bai, emen daike aberats batek
Gozau nai daben bakea,
Lurrean dogun gauzarik onen
Eta bardiñik bagea;
Zergaitik ona ez dan elduten
Inbidiaren sugea,
Zergaitik ona ez dan sartuten
Bere izpia dongea.
Ementxe bizi leiteke jauna,
Ermitaño bat egiñik,
Eztauka zetan kanpora aldendu
Gura ezpadau emendik,
Bertantxe dauka jardin ederra,
Bertatik urten bagarik,
Pasietako egiñ artean
Jateko ezpadau gogorik.
Soñularitzat aurrean daukaz
Ugaraxoak errekan,
Txirtxirrak bere ixilldu baga
Emen bertantxe landetan;
Ontzak uluka ez dauz entzuten
Gabez pagadui orretan,
Ta iratzartu ez dabe egiten
Txorien kantak goixetan?
Aixeak barriz ze gozo meiak,
Iñontzak o! ze preskuak,
Iturrietan zelako urak
Garbi ta osasuntsuak;
Ibiltokiak pagopeietan
Ta landa kerizpetuak,
Nun leikez udan Gaztelan topau
Onetariko lekuak?
Baita or dauka noz gura beti
Mendi orrexen gañean,
Edurtegia guztiz eroso
Egun bero ta errean;
Gaurko antzera limonadea,
Eginda gura danean
Otzituteko erraiak oso,
Nai bada leitu artean.
Gaztelatarrak gura badabe
Udan oztxua tokia,
Betoz onaxe ementxe dauke
Eurak nai daben guztia;
Ementxe dauke zer jana merke
Non nai ostatu garbia,
Gorputz-arimak deskantzetako
Ixill ixill dan erria.
Udan ez eze neguan bere
Nai dot nik ementxe bizi,
Orduan bere ezkagoz jauna,
Erri onetan ain gaizki;
Gorbeiak baldin egiten badau
Kapea zuria jantzi,
Egurra sendo laster suari
Guk oi deutsagu egotzi.
Don Pantaleon erri au zer dan
Nik añan ondo badaki,
Ez daukat zetan irakatsiten
Berorri bururik ausi;
Millaka eskerrak baña artu beiz
Bazkari eder au gaiti,
Zeñegaz ondrau emen gaituzan
Adiskide on ez gitxi.
Osasunagaz gozau begie
Onetariko etxea,
Gozau begie, Jauna ta Andrea,
Bertan lurreko ditxea;
Orretarako nik opa deutset
Bizitza luze luzea,
Urte askotan irago daien
Otxandion bai udea.
Zorionakaz irago beie
Arren bai, gaurko eguna,
Berau dalako berori jaio
Egin jakuna mundura;
Igoko al dau emendik gero
Zuzen ta artez Zerura,
Gura guraso euskaldun onak
Gaur bizi diran lekura.
Euskalduna, 1903, 95
Ibaizabal, 1903, 90
|