Neure adiskide maite Don Juan Franzisko Maria Imaz Jaunari bere meza barriko egunean
Beko aukeren zaletasunik etzeunkalako,
Ikusten zaitut Don Juan Franzisko gaur abade,
Ta beraugaitik alabantzetan adiskidea
Zu Zeruraiño goratutea gura neuke;
Baña nik, zelan jaso zaikedaz sorutik goruntz
Lurrean narras ibilten banaz ni neu bere?
Ezpadaukat nik Agustin batek eukan egorik
Zelan izarrak baño gorago igo neike?
Eta, non ditut abade baten anditasunak
Goratuteko bear dan añan itz zakonak?
Non esakunak, non bardinkuntzak, irudi eta
Orretarako bear neukezan dote onak?
Non ditut bada apaingarriak orniduteko
Non pitxi eder, non egokiak diran lorak?
Non emokaiak non gogamenak eta azkenez
Jakituria etorri gozo ta ganorak?
Zure onarren baña zertxobait kantau bagarik
Ezin nindeke adiskidea gaur geratu,
Ezin nindeke abiau dodan arlo onetan
Lotsor bat legez aria eten da mututu;
Ezin nindeke aldats andiaz aurkitu arren
Al dodan goren igo bagarik etxeratu;
Iturri onak agortu dedin baño lenago
Daukan ur dana egin bear dan argiratu.
Asi zakidaz beraz agotik zerbait urteten
Asi zakidaz itz-errekea erioten,
Asi zakidaz egarritua daukazulako
Artega, estu, edan zagizan itxaroten;
Asi zakidaz zuri begira dagotzun orri,
Bere eztarri eta sabela ezotuten,
Eskiñitera nire edari biotzeko au
Don Juan Franzisko zugana gaur naz zuzenduten.
Zuk bear dozu izarrak baño gorago
Egun onetan askoz gorago goratua,
Fedeagaz nik ikusi egin zaitudalako
Zeru gañetik lurreratuten Jaungoikua;
Lenengo aldiz nik gaur ikusi zaitudalako
Egiaztuten orren mirari ain dontsua,
Biotz guztitik agurtzen zaitut eta gaur au
Ai! gura neuke balitxakizu gogokua.
Lenengo aldiz ikusi zaitut adiskidea,
Golgotan jaso eben Mesias zu jasoten,
Lenengo aldiz ikusi zaitut nik gaur altaran,
Ze eskubide andia dozun agertuten;
Lenengo aldiz: «Jauna zuekaz izan bedi», gaur
Meza entzulai leial: «zure espirituz izan bekigu»
Berealaxe zelan eutsuen erantzuten.
Lenengo aldiz ikusi zaitut tximista gori
Eta justuri burrundarien Egillea,
Zuk eskuetan zelan gaur euki dozun berbera
Bazan legetxe bildots otzan ta umilldea;
Zeñen suaren ondoan utsa izanagaitik
Odei tximista jaurtilarien aserrea,
Bigun bigunik ak zirudian gura ebala
Aukera, atsegin dan danak zuri emotea.
Lenengo aldiz emon deuskuzu bendeziñoa,
Jaungoiko ardi itzaltsuaren izenean,
Irudituaz ostarku eder zuk ziñeala,
Bere su eta gure erruen bitartean;
Lenengo aldiz baita eskiñi bake dontsua
Zorionakaz lurrean bizi gu gaitean
Urte askotan egin daizula beste ainbeste,
Lotatik zoli gois guztietan jagitean.
Alabau beie itzartutean lora argalak
Gura badabe Eguzki arro anditsua,
Alabau beie txorrotxioka txori zoroak
Axe balitza legetxe euren Jaungoikua;
Baña Franzisko goix guztietan zuk adorauko
Dozu egiñaz gaurko eskintza goratsua,
Eguzki, lora, txori, ta arraiñak goix eta arrats
Alabau bear leukien Argi Betikua.
Goix guztietan areik guztiak baño gorago
Jasoko dozu milla aldiz gora zuk biotza,
Orgañu soñuz eta intzentso-kez gozoturik
Erregutuaz baita kantuan iñoz boza;
Eta Jaunari zelan gogoan sartuko jakon,
Garra legetxe doakon zure deien otsa.
Bigunduko da bere barrua ta o! zelango
Mesede errekak jatsiko dozuz guganuntza.
Zer ziran bada antxiñakoen erreariak?
Lege zarreko taiuak eta antz guztiak?
Zer ziran bada Abel, Abran ta Melkisederen
Egunetako eskintza eta opariak?
Zer ziran areik eitamu txiki batzuk besterik?
Zertzuk ezpada oraingo mezen irudiak?
Ai! baña gaurko egiagaz dauz atzean isten,
Keriza areik abade Kristok ipiñiak.
Aingeruena baño gorako orrexegaitik
Franzisko dago jaritxi dozun duintasuna,
Abel, Abran ta Melkisederi etxaken emon
Zuri Eleixan zeugandu jatzun altasuna;
Ze atsegiña al daikeozun emon Jaunari,
Eta Zerutar danai zelako poztasuna,
Baita garretan beko lezetan dagozan askoi
Askamena ta goiko betiko ondasuna.
Ze ederra dan Errelijiño Katolikua,
Ze pozgarria andik datorkun sinistea,
Ze gozoa dan erbeste baltz au irago eta
Gero dogula bizitza argia jakitea;
Ze atsegiña Eleizan beti abadeari
Berbategitik egi andi au entzutea,
Eztala lur au gure erritzat egiña izan,
Eta billatu daigula goiko a bestea.
Ze zoli bera jaioagaz bat ipinten gaitu,
Ara joango garean bide zuzenean,
Ze ardureaz jasoten gaitu iñoz lurrera
Oiñkaden baten laban eginda jausitean;
Eta ze prestu aldats garratz au irago eta
Beste mundura aldatu bear dogunean,
Pasea bere abade jaunak emoten deusku
Zeruan zuzen sartuak izan gu gaitean.
Oi abadea, bai, abadea bagenki nor dan,
Ze mallatara eukiko geunken goratua,
Beraganako, zer zan Zesar bat, zer Alejandro,
Napoleon zer ia lurreko jaungoikua?
Danak guztiak etziran gauza ez, biztuteko
Soldau bat iñoz euren ladera illdakua,
Baña abadeak daikela ekarri lengo senera
Arima illa, ez da sinisgei fedekua?
Areik irurak gerren bitartez baño bakeaz
Geiago da ta, baita izango abadea,
Zergaitik onek arma bagarik daben sartuko
Larra batera azkenerako gizartea;
Abadeentzat Jesukristoren Lauburuagaz
Dago gorderik garaitz andi au jaristea;
Danok Artzain bakar bakarrik buru dogula
Eta beraren azpian danok bizitea.
Abadetzako ziñealako zu bere jaio
Zara Jesusen mastietako langillea,
Dirudizula Don Juan Franzisko gazte zardena
Zipresa deitu egiten jakon arbolea,
Ta ez lloroe bekorra legez beti sorua
Gogoan daukan arbola triste lur zalea,
Lur zale baldin izan baziña Obispo Jaunak
Ez eutsun eingo buruan dozun señalea.
Eskuizkribua Azkue Bibliotekan dago
|