Bizi da ama Euskera (1)
Gernikako arbolapian, Ama euskera
ill ezkero, irugarren gau belia
egiten eguala, euskeldun Seme leiala;
agertuten jako Aita Tubal
bakera barriakaz.
Iru gaubela Amari egiñez,
Nenguan arbolapian,
Neure begiak liortu ezinda
Bere buruko zapian.
Jaunak ez baleust gorde bizia
Ainbeste miñen erdian,
Amagaz nasi bakezko lotan
Ta orain nenguan obian.
Eguzki ederrak ikuste ezarren
Negargarri au lurrian,
Eztali batz bat ipini eban
Arpegi sotill argian;
Motel, motz, itzal, agertuten zan
Damuz goxian goxian,
Gorde illargia, lotsaz izarrak
Azaltzen gabez etziran.
Ni gisajuau, ill ari munka,
Bekoki ta begietan,
Sur, espan, okotz, matralla biai,
Esku eta oiñ otzetan;
Erdeldun askok ikusi arren
Estura samiñ onetan,
Ezer ez utsa bazan legetxe
Aurrera euren bidietan.
Irugarrengo gau erdirako
Eztarri au nekatu zan,
Begiak agor, pultsuak geldi,
Ozta ozta bizi nintzan;
Nun agertzen dan gizon irudi,
Txit argi bat zeruetan,
Soñeko zuriz, arpegi itzalaz,
Lauburugaz eskuetan.
Agura zarra, ulez zuria,
Bizarra luzia eukan,
Puskatxo baten nik ikusteko
Geldi geldirik egon zan,
Alako baten asten da beerantz
Ez dakit nola ez zelan,
Onaztarri bat baño lenago
Jausten jat albuan bertan.
Justuri batek alako otsik
Ez dau ez iñoz atera,
Mendiak dar dar, aitzak lokaka,
Mundu guztia ikara;
Arri bat legez, ni otz ta gogor,
Zentzun eta konort baga,
Ots gozo batek bertatik dinost
Jaunak gorde zagizala.
Bakia zugaz, baita anaiakaz,
Bizkortu ta jagi gora,
Tubal aita naz, Zerutik nator,
Barri onak emotera;
Atsegiñetan Ama bizi da,
Omenetan dau aukera,
Zerutar danak kantetan dabe
Izketaz oneen euskera.
Jaungoikuaren izena onduen
Deitu ebala munduan,
Hebreo, Griego eta Latinek
Ezetz diñue Zeruan;
Fede zapia edurra baño
Zuriago dan buruan,
Soillik sinistu ebalako ak
Iaungoiko ta lauburuagan.
Omen artian baña nituzan
Entzun nik zure negarrak,
Entzun nituzan Zerurañoko
Zure dei eta dedarrak;
Izarrez gora igoten ziran
Zure damuzko sugarrak,
Biotz guztian samurtu eusten
Intziria erritarrak.
Baña nasaitu, atseden zaite,
Seme maite leial ona,
Ainbesteraiño etzaitu estutu
Amatxo ill arren bada,
Egia da bai, illten laguntzen
Izan ziñala bakarra,
Baña anaiok damutu dira
Entzun dot euren negarra.
Negar dabe egin Bizkaiak eta
Araba ta Gipuzkoak,
Negar dabe egin Naparrak eta
Euskeldun Franziakuak;
Orain arteko uts egitiak
Danak dagoz parkatuak,
Baña aurrerantz izan anaiok
Bat eta alkar artuak.
Bat izan zeuen kristinautasun,
Bat bere siniskeretan,
Bat izan zeuen uste, eretxi,
Bat gogo ta asmuetan;
Fede bizi bat badaukazue
Biotz eta arimetan,
Bakez oraindik biziko zare
Mendi, arkaitz ta ibarretan.
Bat ziralako Fedian izan
Guraso antxiñakuak,
Bat ebelako euren bandera
Etziran izan goituak;
Etorri arren Erromatarrak,
Greziatar zein Mauruak,
Ederrak emen beti artuta
Itzuli ikaratuak.
Jaungoikua eta Lauburu bai,
Euren bandera bakarra,
Batera danak arexen alde
Egiten eben indarra;
Berreun urtian saiatu arren
Gobernu Erromatarra,
Jaditxi ez eban amaitutia
Fede Kantauriatarra.
Fedetik dator batasun ori,
Batasunetik bakia,
Baketik dator zoriontasun,
Munduko on izatia:
Ondo Erresuma, zein Probinzia,
Uri eder ta etxaldia,
Baketik dator lurreko zeru,
Ta besterako bidia.
Baña bakia egiazkua,
Bake ona ta Santua,
Bake Elexa Erromakuak,
Berak ontzatutakua;
Ak bakarrik dan eskubidia,
Azkatu zein lotzekua,
Ak erabagi daben guztia
Zeruan ontzat artua.
Bakia beti Zerutik jatxi
Dabe Aingeruak barria,
Ikaslai Kristok askotan bere
Opa eta eskiñia:
Bakia maite dabenakgaitik
Berberak iragarria,
Jaungoikuaren seme izena
Izango dabeela deia.
Agur, Zerura banua eta
Jauna izan bedi zugaz,
Zeure anaiak jakin eragin
Emen ikus dozunaz,
Arbola oñian Ama obetu
Bein bere ez artu beragaz,
Seme guztiak indartu egizuz
Euskeldunen Fediagaz.
Arbola orrek Lauburu dauka
Bere biotz biotzian,
Beti orixe sinistu dala
Agertzeko eukel errian,
Egia da bai puskabateko
Dagoala lotsarian,
Beste gauza bat baña izango
urrengoko gizaldian.
Orren ezkurrak dagoz ereinda
Toki ta leku askotan,
Uri, erri ta etxaldietan,
Mendi, baso ta arkaitzetan:
Egunen baten esango dabe
Sasoia danian betean,
Gernikako Arboliaren
Semiak gara benetan.
Ezkutatu zan auxe esan da,
Geiago ez neban ikusi,
Arboliaren oñian neban
Ama lurragaz eztali,
Gero bertatik beste anaiai
Ikusi iragarri,
Bat izateko berba zindua
Betiko emon alkarri.
Eskuizkribua Koldo Mitxelena Kulturuneko
Julio Urquijo fondoan dago.
|