Goix eder zoragarri bat
Gaba irago eta eguna eldurik
Mendiari igo neutsan gañera goixetik,
Alde guztietara begiratuta andik
Erri on bat nekusan jantzita bakarrik,
Eta beste guztiak billos mutildurik.
Negua izan arrren, gois zoragarria,
Zein da udan legez zan zerua garbia,
Mendiak bardin atxak, au zan miraria,
Eguzkiak ezarri orduko begia,
Guztiai asten jaken barrez arpegia.
Zer egin neikian nik? ezpada samurtu?
Belauniko jarrita Jauna adoratu,
Biotz barru barrutik eskerrak agertu,
Neure Erriarentzat gloriak eskatu,
Damu ta poz artian alan otseztitu.
Negu ta uda badagoz kanpuak berdiak,
Etorteko onaren dira señaliak,
Soñeko orregaz jantzi beti oi dan Erriak
Zerutik itxaroten laguntza barriak,
Munduan desengañu ikusita andiak.
O! Erri jaungoikozko ta atxurlaria,
Mendi ta atxai burruka kentzen zuk ogia
Botiaz bekokiko zeure izerdia,
Busti ta samurtuaz lur zaill ta arria,
Emoten biarturik nekien saria.
Lau milla une onetan dozu eskiñia,
Jaunari izateko euskeldun Erria,
Mendi arte orretan gordiaz bizia,
Orbandute ez arren zeure jatorria,
Oituren izan zedin ispillu garbia.
Alan iraun zenduan gizaldi askotan,
Inoren biar baga ziñan gobernetan,
Baña aurkitzen zara egun batzuetan,
Biziera barri ta neketsu latzetan,
Zure gatxaz pozturik txarrak auzuetan.
Areek zuri ikasia artu biarrian,
Ipiñi zinduezan euren bardiñian,
Aurrera asmu asko gaurko egunian,
Baña zu ez goituko legien gañian,
Oberik ezin jarri gizonak lurrian.
O! Ebroz onuntzako Israel barria,
Mundu guztiak atzo eutsun inbidia,
Baña nik gaur zakustaz katigu jarria,
Nundik etorri jatzu orren gatx andia
Lotuten itxiteko erdel-buztarria?
Eretxi desbardiñak gauza batzuetan
Ipiñi zinduezan emen burruketan,
Pekatu asko egin gerran batzuetan
Kastiguz orain Jaunak zaitu garbietan
Zeure gaizki egiñen negar malkuetan.
Fedez oraindik zara baña zu nausia,
Esperantzan daukazu iraupen andia,
Karidadez aiñ bero sutsu ta goria,
Jaungoikoz biziteko beti dozu leia,
Agaitik entzungo dan orain eskaria.
Amar justo badira Jauna zure Errian,
Noz arte gara egongo emen lotsarian?
Franziako anaiak lengo gizaldian,
Gero Nafarroan ta orain Kantaurian
Oso menperatu ta iñoren azpian?
Librau egizu Jauna, librau zure Erria,
Ia zuzendu da ta zugana guztia,
Urriñ baña urrindu beraren etsaia,
Artu dau Israelek betiko garbaia,
Euskeldun izateko emoten dau baia.
Bedeinkatu dagian zure izen santua,
Amaren titiagaz iruntsitakua,
Gure lenengo Aitak beti onradua,
Eta bere semiak zintzo ezautua,
Euskeraz adoretan dogun Jaungoikoa.
Joko dituguz gero euskel zortzikuak,
Aterako kantu ta itzneurtu gozuak,
Garaitzak iragarten danbolin txistuak
Aratuko dituez kale ta auzuak,
Urietan piesta inoz ez lakuak.
Neskatxen atanborak, mutillen tuntunak,
Alboka, txilibitu, gañera dulzaiñak,
Artzainen dantza salto ta uju ujuak,
Gozotuko dituez mendi ta basuak,
Ikusirik oitura zarrak biurtuak.
Buruak zutituta mendi ta atxak zoli,
Itxaroten egongo estu egunari,
Sort aldera begira eta dan agiri,
Barrez autortuteko Eguzki onari,
Zer gertatuten jakon Euskelerriari.
Argiz batera asiko txori kanta otsak,
Bior ardi ta beiak orroeka pozak,
Akitian bioka, txal eta bildotsak,
Bizar eta adarrak armatuta auntzak
Txuntxur gañetan bee bee zuri eta baltzak.
Naturaleza edo izate euskelduna,
Geixorik eguanak gura osasuan,
Negarrak zeruari eske poztasuna,
Gose ta egarriak zeinda asetasuna,
Erdeldundu ebenak euskelduntasuna.
Azkenez gure Eleixak eder ta apainduak,
Zidar urre damaskoz ormak estalduak,
Jaunari eskinteko opari dontsuak,
Bildots zuri otsan ta orban bagakuak,
Ekarriko dituez artzaiñak autuak.
Eskintiak egiñaz abade ordenduak,
Korutik erantzunaz musika organuak,
Otseztituko dabez kantiko gozuak,
Alabantza gloria esker onezkuak,
Orain esango dodan baten erakuak.
Pozetan zoraturik gora daigun Jauna,
Erri serbitzarien salbatzalle dana,
Samur ta errukiro orain onegana,
Begiratuz jaso dau, jausi eguana,
Oitura zarretara biurturik dana.
Beragan eukan onek uste oso osua,
Orain egiaztu da itz Jaungoikozkua,
Tubal gure Aitari eukan agindua,
Errian zale izango lur berarizkua,
Deitu eioen danak zorionekua.
Erakutsi dau Jaunak beso indartsua,
Gizon txarren asmua itxi birrindua,
Lurrera zelai bota Erri anditsua,
Goratu ta eregi umil beeratua,
Gozau dagian bere lege euskerazkua.
Gloria Aitari ta, bardin Semiari,
Gloria Espiritu guztiz Santuari,
Baita gloria bere Euskel erriari,
Oitura garbientzat ispillu danari,
Mundua dan artian. Alan izan bedi.
Revista Euskara, 1881, IV
|