Jesus artzaiñ onaren txabolako ardi bat
Maria Esperantza Azkoagari, Mondragoko Kontzeziñoko komentuan, aurtengo zezeillaren 12an mojageitzat sartu zanean, egilleak kantauriko bertsoak.
Basamortutik itxasoraño
Jasten da errekatxua,
Ara doiazan ur pilloakiñ
Nastutearren burua;
Zu barriz zatoz pillo artetik
Birjiña konturatua,
Erretirora topeta arren
Zeuretzat bakar lekua.
Garraren keia eziñ egon da
Igo bagarik bakean,
Euri tantaka aiñ gitxi goian
Jo egin baga lurrean;
Itxas-orratza penaz badabill
Geratu arte nortean,
Zure biotza ez da baketu
Klaustroan sartu artean.
Agur bategaz despreziauta
Mundukeria guztia,
Zorionean esleidu dozu
Jaunaren Santutegia;
Izana gaitik lurra eiztari,
Lazu ta sarez josia,
Zu izan zara iges egiten
Jakin deutsazun txoria.
Larra librean larri zenbiltzan
Bildots bildurrez betea,
Billatu dozu gorde lekutzat
Ezin txabola obea;
Billatu dozu baita Artzaiñ bat
Geiegiraño noblea,
Zeñek idigi deutsu bertatik
Jo dozunean atea.
Bestela, nor da Artzaiñ ill danik
Ardiak gaitik munduan?
Bakar bakarrik topau dozuna
Txabola orren barruan;
Baleki askok ze bizitza dan
Egiten bere onduan,
Emen letorkez bildots pilloak
Atea joka beinguan.
Artzaiñ ez eze baita Esposo
Geietan bere onena,
Galai ori da, dalako doe
Ederrez aberatsena;
Birtute danak beragan ditu
Jabe da zeru-lurrena,
Bera dalako Seme Bakarra
Aita Betikoarena.
Ardiak daukaz Isak-ek baño
Geiago dudarik baga,
Agintaritza Josen aldean
Andi da berak daukana;
Zeñen onduan utsa legez da
Santsonek eukan indarra,
Bere ikutuaz izar-erriko
Arroiñak dabiltz ikara.
Odei ederrak ditu kotxeak
Aixe bizkorrak zaldiak,
Izarrik izar egin dagizan
Bere paseo aldiak;
Pastutzat daukaz askoz gorago
Menditza zoragarriak,
Artaldietan maitien ditu
Zeldran ill ziran ardiak.
Usoak eta tortolak bere
An dabiltz egan pilloak,
Jesusi zeldran jo eutsezanak
Urruetatxo gozoak;
An barriz orain doakenean
Bisitetara basoak,
Abietatik bota oi deutsez
Amore garbiz bertsoak.
Errenu, erri, zein basoetan
An Jesus ondretan dabe,
Deiturik Santu danen Santua,
Errege danen Errege;
Lenaingeruak auspeztu arren
Bere aurrean umillde,
Zuri eskua eskiñi deutsu
Kunplimenturi bat bage.
Baña jakizu Jaun ori dala
Zeloak artzen nausia,
Biotza euki bearko dozu
Lirioa duiñ zuria;
Gorputz usaiña dana botata
Espiritukoz jantzia,
Gura badozu izan Jesusen
Arditxo maitegarria.
Txabola orretan pasautakoan
Pruebetako denpora,
Artzaiñ orrexek jasoko zaitu
Sorbaldan izarrez gora;
Ango larretan ibilli zaiten
Bildur bagarik nai nora,
Otsoak eziñ leikealako
Araño igo iñola.
An ez da bedar bat bere txarrik,
Guztiak dira gozuak,
Ur lizundurik ez dago iñon
Dan danak edatekuak;
Janari eta edari danak
Osoro osasuntsuak,
Ara bagoaz zu ta gu bere
Izango gara dontsuak.
Ara bagoaz biziko gara
Gau eta egun argitan,
An Eguzkiak ez gauz erreko
Emen eiñ arren sarritan;
Iratargia ez da gordeko
Sekula bere gabetan,
Artzain Jesusen arpegi ederra
Ikusten bizi gaitezan.
Euskal Erria, 1896, XXXIV
Euskalduna, 1899, 148
|