 |
Moja bat
Neure adiskide Lazpitako Errosari, profesetan zan egunean kantetakotzat jarritako bertsuak.
Ordu onean mundura jaio
Ziñean krabeliñea,
Lurreko bullai iges egiñda
Bizi zarean lorea;
Nok leikekean zuk egin dozun
Ezkontza parebagea,
Zure Esposo dalako Dabid
Erregearen Semea.
Aiñ da galanta Printzipe ori
Arpegiz zuri gorria,
Dirudiala goixeko eguzki
Beti barreka jagia;
Zu barriz zara, bere argitan
Loratxo guri azia,
Agaitik berak ezarri deutsu
Esposatzako begia.
Berak egiñak dira goi urdiñ
Izarrez jantzitakuak,
Bere naiagaz apaintzen dira
Urtero pitxiz kanpuak;
Badira bere millaka lorak
Ederrez aukerakuak,
Onenetan bat zu artu zaitu
Salomon Jaungoikozkuak.
Zer dira bada udako lora,
Mardo arro ta zoruak?
Izoztxo batek baditu isten
Zimel igerrik gaixuak?
Errosa bere erreko eban
Bardiñ Abendu leitsuak,
Beren berariz egiñ ezpaleu
Krabeliña zaill zeruak.
O! kriatura zoragarria,
Nogaz zaikedaz bardindu?
Ai! al baneizu diamantezko
Koroi argi bat atondu!
Erregina andi batek legetxe
Burua daizun apaindu,
Errege danen Errege bera
Gaur dozulako zeugandu.
Bene-benetan pozgarria da
Errosa gaurko eguna,
Kristogaz egiñ zuk dozulako
Batzar ta alkartasuna,
Gorde egiozu leialtadean
Osoro zintzotasuna,
Gero beragaz gozau dagizun
Goian betikotasuna.
Izan zakioz niretzat bere
Bitarteko bat altsua,
Mesedegiñan dalako zure
Jesus guztizko prestua,
Eskatu-iozu euki daiala
Nigaz errukimentua,
Salbaziñoko bidean emon
Ez daidan oker pausua.
Igo beki krabeliñ-usaiñ
Gozozko zure lurruna,
Intzentso keia doakon legez
Bera dagoan tronura,
Edanda andik jatsiten jatzun
Inontzen lanbro biguna,
Izango zara uda ta negu
Jesusen lora kutuna.
Izan zakioz leun txukun-kutun
Ez otz motz eta mingotza
Euki egizu goian zein beian
Jesusegaz bat biotza.
Taborren legez bazara izaten
Golgotan bere esposa
Egunen baten deitu leikezu
Eleixak Santa Errosa.
Azkenean edo etxera birutzekoan kantetako bertsuak
Banoa orain Errosa,
Banoa etxera,
Ez ikusteko iñoz
Benturaz atzera,
Ez dago zer sentidu
Ori gora bera,
Baldin batzen bagara
Sion ederrera.
Bizi zaitez bakean,
Leku zarratuan,
Gorputzagaz lurrean
Biotzaz zeruan,
Nik bizi bearko dot
Pelean kanpuan,
Arerioen kontra
Ill arte munduan.
Bide batzuk daukazu
Nondik joan garbi,
Ni barriz illunpetan
Emen nabill sarri,
Zenbat bider uretan
Itxasoan larri!
Izango ete nazan
Balien janari.
Basamortuetatik
Nabill geienetan,
Lañoagaz galduta
Bide labanetan;
Eta gaur arte nik jo
Dodan errietan,
Negarra baño ez dot
Billatu euretan.
Nozbait topauko al dot
Lur aukerakua,
Erri bat dariona
Dana kontentua;
Billatzen dodanean
Iturri aiñ dontsua,
Jarriko al jat arimau
Betiko asetua.
Baña zer da iturri bat?
Zer da errekea?
Zer itxasoa bera
Ur danen jabea?
Zeiñ, balitz dana ezti,
Naiz balitz esnea,
Ez baleuskit aseko
Nire arimea?
Jaungoikoa billatu
Dagian orduan,
Arimau jarriko jat
Kontentu osuan,
Au zelan ezin neian
Baña emen munduan,
Billatu bearko dot
Goiko erreñuan.
Goazen bada guztiok
Goiko erreñura,
Bertan bera itxita
Zizpuruen lurra,
Ill bear izan arren
Ez deutsa ardura,
Eriotzatik zuzen
Bagoaz zerura.
Baña kontuz irago
Zubi aiñ bedarra,
Jausi baga azpiko
Suzko errekara;
Ordu estu artatik
Ondo urtenik bada,
Siongo lur santuan
Sartuko al gara.
Bizi gaitezan antxe
Kontentuz pozarren,
Ez emen legez kejaz
Otzta beroaren;
Maiatz gogo loratsu
Alegere baten,
Jaunaren arpegia
Beti ikusten. Amen.
Euskal Erria, 1895, XXXII
Euskalduna, 1899, 159
|
 |