Itxastar-baten kantua
Txalupa, zoakit uretan aurrera,
Ebagi egiñaz bertan bidea,
Neure bizi geia irabaziteko
Zarealako zu tresna maitea,
Baita bizileku eta etxea.
Umetatik deutsut zuri itxasoa,
Gura izate bat berarizkoa,
Zure altzo zabal urdiñ au jaiotzan
Da billatu neban Erri dontsua;
Zerren ontzi baten nazan jaioa.
Ill ziran antxiña nire gurasoak,
Eta zeruetan gaur dagoz biak,
Itxasgizona zan neure aita eta
Alan izan nai dau bere semeak,
Iruditze arren aita umeak.
Itxasoa dala uste dot erreñu
Eder bat, ta bera neure neurea,
Lurreko errege askorena baño
Andiagoa eta baita obea;
Eta ni bertako agintzallea.
Leorrean bizi diran aberatsak
Ondasun askoren dira jaubeak,
Uste dot itxasoz baña ditudala
Euki andiago eta obeak;
Lurrean diranen parebageak.
Banoa, banoa itxas-zabaletan,
Banoa, banoa uren gañean,
Mendien atzetik eguzkia bere
Barreka agertu oi dan goixean;
Pozik biurtzeko ustez gabean.
Ikusgei eder da orduan benetan
Itsasotik dogun ikusgarria,
Mendiak dirudi urregorrizkoa,
Itxasoak zeru urdin garbia,
Zidarrez arrañak dala jantzia.
Ontzi andi baten jaio nintzan eta
Baña, gaur bizi naz batel txikian,
Neure sareakaz arraiñak arturik
Atsegintasun ta pozen erdian;
Onelan nor bizi da jauregian?
Itxasoa, zaitut neure Erreñua,
Itxasoa zaitut jaioterria,
Itxasoa zaitut neure lorategi,
Arrañezko loraz dana jantzia;
Itxasoa, emen illgo banintz bere
Aitagaz izango zaitut obia.
Euskal Erria, 1901, XLV
|