Neure adiskide Antonio Arzak jaunari bere ama zanaren naigabean
Adiskidea, zuretzat ez da gaur iñon pozik
Denak biotza goibelik jarri oi dizute;
Zure anima miñaren miñez miñezko ujolak
Ansi artean betiko ito gura duten.
Zure etxea gaur neretzat da, dirudiana
Basamortuko etxol bat iñor bizi gabe;
Ez da sentitzen itz, mizt, oiñ otsik, estul bat utsik,
Ez det ikusi orren ixilik oraiñ arte.
Zer gertatzen da kabi orretan lagun
Zer gerta oi da beltzez jazteko illun ala?
Zertan galdetu, nik irakurri baten banuen
Ill zala! Ill bai! Ill! Antonio zure ama?
Ill zan! mundura eman zinduzan uso samurra,
Ill! amorio neurri gabeko gurasoa
Ill! apa laztan, musu, palagu, arrunga kanta,
Euskaldun asko zuri seaskan eindakoa.
Ill zan! ainbeste arret ta arduraz asi zinduzan
Pelikanoa, zu maitetutzen geiegia;
Ark odolakin azten baditu bere umeak
Zer da amaren ugatza, edo zer titia?
Ill zan! aingeru aragizkoa zu zaitzearren
Galdutakoa ainbeste gau eta ainbeste lo;
Egin zenezan lumazako kabi aiñ biguñean
Aingerutxoak aingeru-amaz lo gozoro.
Andia baño andiagoa badakit dala,
Zure biotza zulatu zuen lar zorrotza;
Kaiolatikan egatutzean egazti arek
Egan zuela ostuta zure zere poza.
Bañan, eztizu egan betiko, izarren gisa
Dakust ederrik disdiska errañuz goi-zeruan:
Nora joango zeran zu ere egunen baten,
Bizi izatera pozen pozetan bere albuan.
Orretarako Golgotan ill zan Salbatzallea,
Gaurko egunez illik geundenok piztutzeko;
Bizitzagiña ill ezpalitza nondik giñaden
Goiko bizitza sekulakora gu sartuko.
Bizitzagiña ill zan zor gabe eriotzarik,
Beste guziok zorrean gera arkitutzen;
Lenengo Aitak utzi zigun da ondorengoak
Jarraitzen degu aren zorrari erantzuten.
Orregatikan arraz ill ziran Asabak danak,
Aiton guraso ezaun ta gure lagun asko;
Ta illko gera gu ere laster lagun maitea,
Kristokin baña goian al gera gu piztuko.
Bai piztuko da ill zatzun Fenix ederra ere,
Justa, auts, errauts, noiz da lurpean gaur biurtu;
Justa, lurtuak animaz naste justo artean
Zerura noizbait, O Antonio! igoko du.
Ibaizabal, 1903, 68
|