 |
Ama Birjiña Aranzazukoaren laguntasuna
Nere adiskide on Manuel Antonio Antia, Urnietako erretore jaun begiraungarriari
Gerrara zoaz seme maite ta,
Ez aztu ama tristiaz,
Eraman zazu nere biotza,
Bat egiñikan zuriaz;
Badakit nola burrukarako
Zoazan biotz aundiaz,
Eskuda zazu jaioterria,
Ill arteraño burniaz.
Zoazkit ondo, gerrara bañan,
Gero poz eman, nork niri?
Ill ote zeran esnatuko naiz
Sustoz goizetan beti ni;
Tori semetxo, muñ eiñda jantzi,
Eskapulariotx'ori,
Goiz eta arrats errezatzeko
Ave Maria berorri.
Arantzazuko Birjiña Amaren,
Irudi ori kolkuan,
Nik ere dakart, eta zaitu nau
Beti premia orduan;
Zu ere berdiñ gorde zaitzala
Batalletako kanpuan,
Balen txistua baño besterik
Entzuten ez dan lekuan.
* * *
—Banator ama, banator ama,
Gudatik sano etxera,
Pozaren pozaz, laztandu eta
Zerori besarkatzera;
Peleatu det garaitu arte,
Soldadu onak bezela,
Amar medalla dauzkan kapote
Zar oni galde bestela.
Eskapulari'onetxek, ama,
Bizirik nauka munduan,
Beronegatik, etxera nator,
Ikusten nazun moduan;
Bala batek beiñ joagatikan,
Bete betean petxuan,
Irristatu zan, zergatik balen
Kontra Mariak alduan.
Irudi onek ein zidalako
Mirari pare gabia,
Beroni utsik zor diogu gaur,
Degun atsegiñ aundia;
Orduan amak, beso biakiñ
Baturik bere semia,
Ots egin zuen «bizi dedilla
Aranzazuko Maria».
Euskal Erria, 1893, XXIX
|
 |