Bizi da ama euskera (3)
Iru gaubela Amari egiñaz
Nengoan Arbolapian,
Neure begiok leortu ezinda
Bere buruko zapian;
Jaunak ez baleust gorde bizia
Ainbeste miñen erdian,
Bakezko lotan arime au ta
Gorputza neukan obian.
Eguzki ederrak ikuste ezarren
Negargarri au lurrian,
Odei illun bat ipiñi eban
Arpegiaren aurrian;
Baltzez jantzirik agertu oi zan
Damuz goisian goisian,
Gorde illargia lotsaz izarrak
Gabaz azaltzen etziran.
Ni gisajo au Amari munka
Bekoki ta begietan,
Sur, ezpan, okotz, matralla biai,
Esku eta oiñ otzetan,
Erdeldun askok ikusi arren
Estura samiñ orretan,
Ezer ezpazan legez joaiazan
Aurrera euren bideetan.
Irugarrengo gau erdirako
Eztarri au zarratu zan,
Begiok agor, pultsuak geldi,
Ozta ozta bizi nintzan;
Gizon argitsu bizi eder bat
Non dakustan zeruetan,
Zuriz jantzita, odei gaiñ baten
Lauburugaz eskuetan.
Ule luze ta bizar urdinez
Agura itzaltsu bat zan,
Odei gañean puskaten geldi
Ikusi neian egon zan,
Asi zanean baña beruntza,
Ez dakit nola ez zelan,
Onaztarri bat baño lenago
Jausten jat alboan bertan.
Justuri batek alako otsik
Ez dau ez iñoz atera,
Mendiak dardar, atxak lokaka
Euskalerria ikara;
Arri bat legez ni otz ta gogor
Iya zentzun asko baga,
Ots gozo batek bertatik dinost
Jaunak gorde zagizala.
«Bakea zugaz, baita anaiakaz,
Natortzu iragartera,
Tubal Aita naz, zerutik nator
Amatxo osatutera;
Atsegin eta pozez beterik
Zerutar danak batera
Kantetan dabe izketa artean
Garbiena da Euskera.
Omen artean baña nituzan
Entzun nik zure negarrak,
Aitu nituzan zerurañoko
Zure dei eta dedarrak;
Beian itxirik illargia ta
Eguzkia zeiñ izarrak,
Oraindik gora igoten eben
Amodio orren sugarrak.
Baña, nasaitu, atseden zaite
Seme maite ez da ill Ama,
Ume gaiztoen atsekabiak
Geixotu dabe onela;
Oraiñ guztiak negar dabe egin
Ezaguturik okerra,
Ill dalakoan beti betiko
Euskera Ama laztana.
Negar dabe egin Bizkaiak eta
Araba ta Gipuzkoak,
Negar dabe egin Naparrak eta
Euskaldun Frantziakoak;
Oraiñ arteko uts egiteak
Daukazuez parkatuak,
Baldin bazare aurrera izaten
Anaiok alkar artuak».
Auxe esanda putz egin eutsan
Ama geixuari aotik,
Eta bertatik gazte bat legez
Oñen ganera zan zutik,
Eta dirautsa: Ama jatsi naz
Zeruetatik zugaitik,
Seme leial au ill ziñala ta
Neukalako otsez lurretik.
Biziko zara baña zu emen
Munduak dirauan arte,
Lur onetara etorri ziñan,
Neugaz orain lau milla urte;
Etsai gaiztoak gerra miñ asko
Ta zauri egin deutsue,
Baña oraindik Ama bizkorrik
Ikusi bear zaitue.
Agur, zerura banoa; eta
Geiago etzan ikusi,
Ama bakarrik neuri begira
Eta ni barriz berari,
Zabal zabalik bere besoak
Eustazan laster ezarri,
Sotill ta umill entzun neutsazan
Berba samurrok nik ari.
Pasiño latza irago dot, ai!
Joan diran egunetan,
Neure arimau neukan ala ez
Ez dakit gorputz onetan;
Indar barri ta bizi bizi bat
Biotzean dot sometan,
Odol gaztea darabilldala
Uste dot neure zanetan.
Seme guztiai esan eiezu
Bizirik nazala emen,
Ta datozela txar eta onak
Danak ikusi nagien;
Mundua mundu arbolapean
Bizirik euki naizuen,
Berbetan gozo samur onetan
Saiatu danok egiten.
Egia da bai, umezurtz gagoz
Foru baga lotsarian,
Baña emongo arbola onek dauz
Orriak uda barrian,
Negu gogor ta ekatx andiak
Artu gaitue erdian,
Ainbeste gatxez ez gara egon
Lenago Euskalerrian.
Baña, begira neure semea,
Arboala oni an goian,
Non antxiñako Lauburu zarra
Zelan daukan agirian;
Esan egizu lotsarik baga
Ta arrokeraia andian,
Beste gauzarik ez dala adorau
Sekula Euskalerrian.
Zoaz, barriro dirautsut eta
Neure bedeinkaziñoaz,
Zoaz anaiak argitutera,
Emen ikusi dozunaz,
Baña ez arren geiago nastu
Erdaldunen oiturakaz,
Neugaz bakarrik biziko zare
Munduan atsegiñakaz.
Irakatsiok entzun neutsazan
Malkoak gorde eziñik,
Aldendu nintzan esku-oñetan
Laztan gozoz mun egiñik;
Neure erriari iragartera
Ez dala ez ill Amarik,
Eta anaiok gaiteala izan
Euskaldun garbi bakarrik.
Neure anaiak bat izan beti
Euskeldun siniskeretan,
Bat izan geure uste eretxi
Gogo eta asmoetan,
Fede bizi bat baldin badogu
Biotz eta arimetan,
Bakez oraindik biziko gara
Mendi atx eta ibarretan.
Euskalzale, 1898, II
|