Bizkaiko Patrona edo Jagoleari bere egunean
O! Zeruko soñuzale Serafin egalariak,
Dontsutegi zabaletan urregorrizko arpaz
Zeuen Erregiñeari oraiñ euskeraz kantetan
Zabiltzenak pozen pozaz atsegiñak emonaz.
Kantaritzako dozuen aduaren izpitxo bat
Betor eta sartu bekit barrura garaunetan,
Betorkit tximistatxo bat, erraietara eldurik,
Biotz au ipini daiztan sutu eta garretan.
Garrez gargi gardendurik gaur ene espiritua
Uts urdiñetan dakidan eregi nora gura,
Idargitik Eguzkira ta izarrez arutzago,
Bizkaiko Jagoleak an daukan bizilekura.
Izar-erritik arago fedeagaz ikusten dot;
Sollik izan arro danak baño da argiago;
Dontsutegian bera da Jesukristogaz ostean,
Ikusteko danak baño ikusgarri geiago.
Zer da gure Eguzkia? Zer da barriz Idargia?
Gaurik urdin onenean, zertzuk dira izarrak?
Zure mantu zabalean edergarritzat jartean,
Azkenenguok esan lei direala txitarrak.
Zuretzat pabelloe bat geienez da Eguzkia,
Oñen atseden lekua bakarrik Idargia,
Aingeru egalariak, andiak eta txikiak
Danak dozuz serbitzari, esaneko, guztiak.
Zugan Egilleak berak berariz jarri zituzan
Edergeien iturriko edergarritasunak,
Eguzkizko gorritasun, edurrezko zuriera,
Zeruaren urdin antza, loren loratasunak.
Bera zoratzeko duiñ dan daukazun galantasunak,
Ainbestean intsigidu eban Jauna zugana,
Zeu galantuteagaitik osoro agortu eban
Bere jakituriaren itxaso zakon dana.
Zugan berak jarri eban eukan al izate dana,
Apaindura guztiakaz egin arte apaindu
Askok esan leien legez zu bagarik Jaungoikoa
Ezin al izango zala aurrerantzean dontsu.
Zuregan beti betitik Jaunak begiak ipini
Ebazan ta egin eban bertatik irri-barre;
Egintza danak eukiko ebazan edertasunak
Ekutsazan zugan danak ta askoz geiago bere.
Zu zara ain ornidua besterik ez lakoxea,
Al izatez aren altsu guk ezin neurtua;
Esan gengi ezpagenki beste bat badagoala,
Bizkaiko Jagolea da Zeruko Jaungoikoa.
Ze zoriona daukazun Sorterri maite maitea!
Gure Jaun Jaungoikoaren Ama gaur Jagolatzat,
Jaungoikoa euskal berba dan legetxe, izan zaite
Euskalduna beti, beti, Ama andi orrentzat.
Euskalduna da Artagan, euskaldun garbi Begoña,
Ta gure Jagolearen menpeko dan Bizkaia;
Euskaldun da Artagani azpitik zear doakon
Itxasoan sartu arte, Ibaizabal andia.
Beraz nik euskeraz kantau bearko deutsat gaur egin,
Alan eskatuten dabe zerzeridade danak,
Baña, zelan enazan duiñ, bear legez kantetako,
Kantau beie gauza diran egitade dan danak.
Ez dodalako kantau nai mundutarren gloriarik,
Kantau bai, baña, ez kantau beko anditasuna;
Kantau baña, ez lurreko azaiña ta kondairarik,
Zerren onelako kantak uts daben goitasuna.
Ez dot gura nire kantok jardun daitezan lorakaz,
Lorak kantau daien nai dot kantau gura dodana;
Danak kantau daien nai dot kantarik eregiena,
Ondraurik gure Jagola kantagarrien dana.
Kardintxak erramen puntan txistueta zoliakaz,
Jaunaren gloriak pozez kantauagaz batera;
Kantau daian kantau nai dot txorrotxiozko kantakaz,
Kantageien kantagei dan Ama Begoñatarra.
Mitxileta jira zale urregorri antzekoak
Terziopelo ta granaz egotxoak jantzirik.
Agurtu ta bedeinkatu begi Jagola ain dontsua,
Jagola onek daukalako Sortitza zoraturik.
Jagola oni emon beio zuritasuna azuzenak,
Jireuzkiak opa eta eskiñi modestia;
Tulipan zarden zuzenak eguzkiaren islea,
Bioleta umilltxoak gozotasun eztia.
Lirioak Jagola oni emon begio lurruna,
Errurik eza begio aleliak saritu;
Nardoak, krabelineak, platano ta larroseak
Altarea apaindurik Jagola auxe goratu.
Iparrak Jagola oni bekartzaz loren usaiñak;
Palma ta iiak eskiñi zizpuru arintxoak;
Aixeak putz ots biguna, mendiak edur batunak,
Emon beioz koral, nakar ta perlak itxasoak.
Izar-erriak begio bere petik jira egin,
Edertu beioz galanto matrallak goix gorriak;
Odeiak ein jarlekua, Idargiak oñak jantzi,
Jaunak koroia atondu, pabelloia Eguzkiak.
Kantau bei danak Jagolau, bedeinka beie Jaunaren
Eskuetatik atera ziran egun guztiak,
Zeruetan aingeruak, lurrean zuzen justuak
Bero, iñontz, ur, eguzki, izar ta idargiak.
Bedeinka beie irestu, oñeztarri ta lañoak
Lanbro, justuri, indriska, truju eta ekatxak
Lei, karraldo, euri, txingor, bisuts otz ta zaparradak
Argi, illun, arrats, egun, osgarbi, ta ain bagak.
Bedeinka gure Jagola Bizkaiko mendi ta atxak,
Baso, solo ta landarak erneagaz batera,
Itxaso, ibai, errekak, iturri, patin, aintzirak
Ibar, landa, aldats, larrak gure Jagola ederra.
Abere otzanak eta donga sor bizi usuak,
Egazti, arraiñak jaso Begoñako Maria,
Goi goietan Serafinen soñu kantak entzun bitez,
Zeruetan izan bedi Santuen gaiñ jarria.
Bedeinkatu bei seaskan ume zurtzak kurriskaka,
Itxas-gizonak bagetan; alarguntzan zotiñak,
Aterik ate dabillan eskekoak ogi billa,
Nekazarak soloan, mendietan artzaiñak.
Geixo danak deitu beio mindunen osatzallea,
Katigu aurkitzen danak, itxien erospena,
Atsakabez dagoanak, bere izar pozgarria,
Ots egin pekatariak, non dauken parkamena.
Begira unez dalako usotxoaren antzera,
Aingeruak baño dauka obea arpegia,
Eguna jaiotzan baño askosaz da ederrago,
Bera duiñ pozgarri ez da goixetan Eguzkia.
Txito eder dan Dontzellau jaso daigun gora gora,
Benetan guztizko dontsu Berboaren Ama da,
Mututu mundu guztiak, Bizkaiak egun onetan
Eregi daian beraren Jagola ain laztana.
Euskalduna, 1903, 303
Euskal Erria, 1903, 89
|