Egarri naz
Lurra dago ikaraz, gatx egiñen bildurraz,
Kurutzean josirik gaur Erru-ezduna,
Erri ligoetua odolez aseturik,
Izarrerria iya osoro illuna.
Fariseo ta Eskribak, zuena da garaitza,
Egur lotsagarrian Jesus dago illten,
Aitalenen ta Igarlak, kantau kantau gloriak,
Antxiñako eskintzak bete dira emen.
Kalbario-egian errubaga illtera
Doianari uste dot jakola entzuten,
Illten naz zuekgaitik, pekatua azpiturik,
Zuekgaitik illten naz, zuek maitetuten.
Sortitza makurtzen da Jaubearen aurrean,
Negarrez gaurko gatxen damu ta atsakabaz,
Begiak jasoten dauz Jesusek miñen miñaz,
Borreruak entzuten deutse «Egarri naz».
Egarriz aurkietan zara itxasogiña?
Egarriz aurkietan iturrigillea?
Egarriz zure atsak, odeiak urraturik,
Nai noz sortu oi badau euri ugaria?
O, Jaungoiko aundia! ezin nik aditu dot
Une artako zure miñen mintasuna,
Baña fedeak diñost egarriz egoala
Guganako daukazun ondonaitasuna.
Egarriz egoala esku oñak burdiñaz,
Egarriz Lauburuan amarrau artean,
Egarriz iru untzez, egarriz josi arte,
Egarriz jarte arren gu libertadean.
Egarriz odolezko iturriak isurten,
Egarriz gu eurakaz garbitu gintezan,
Egarriz sugarrezko amodioz erretan,
Egarriz sartu nairik danok zeruetan.
Nekearen egarriz arintzeko gizona,
Gerrearen egarriz baketzeko bera,
Illteko egarriaz betiko biztu dedin,
Ill ez dedin egarriz pekatuz aurrera.
Egarriz zariana gloriako argia,
Mundu illunpetsua dozuna argitzen,
Zeure eskuz zuzentzen dozuz osarteak ta
Egarriz zelan baña, zara aurkituten?
Loren lurrunetan nik dakust zuren arnasa,
Egintzak zure aulki ikusten badodaz,
Txirringolan izarrak oinpeetan doatzuz ta
Gizona zelan ez da samurtuten zugaz?
Beretzat etzenduzan egin zeru zabalak?
Beragaitik etzara lurrera jatsiten?
Bere amodioak alan jarri etzaitu?
Bere amorez etzara gaur egarrituten?
Bere amodioak, bestek etzaitu Jauna,
Beste gauzak etzaitu josi Kurutziaz,
Bera zeruratzeko daukazun egarriak
Jauna, esan eragin deutsu «Egarri naz».
Euskal Erria, 1887, XVI
Euskalduna, 1897, 32
|