Bariku Santu goixerako gomutaldi bat
Ecce-Homo
Orra, Jaungoiko, guztiz altsu ta itzalgarria!
Jakiturian neurri bagako baita onegia,
Gu salbetako gogo ta asmoa berak arturik,
Gizon egiña Dontzella Ama Mariagandik.
Orra! ikusi bere arpegi samur, biguna,
Sotill, baketsu, gozo, otzan, lau ta eztiduna!
Orra, justoen, baita aingeruen zoratzallea,
Ta pekatari damutuaren parkatzallea!
Suerte danak zuzenduteko giari izanik,
Orra! nun daukan gaur beretzako aukeraturik,
Gertaldi onik baperez ta bai, dana dongea,
Lauburu baten artu artean eriotzea.
Gaiztakeria guztiz oker bat gaur da jazoten,
Mesede asko artu dabenak dabe zauritzen,
Burutik eta beatzeraño mesedegiña,
Zeñ dan esker on ta alabantza guztien diña.
Nazareteko Jesusek zer gatx ete dau egiñ?
Sekula iñor ez dan bestean kastigau dediñ?
Bere oñkadak etziran izan mesedetsuak?
Bere aoko berba dan danak osasuntsuak?
Bestelan orra! ikusmen baga itsu aurkitzen
Ziranak, zelan begi biakaz daben ikusten,
Gizon Jaungoiko onek egiñik mirari andia,
Dalako berau gauza guztien agintaria.
Dantzue gorrak; ta egozanak beti muturik,
Illak legetxe berba bagarik beti ixillik,
Gaur diardue Jesusegaitik ondo esaten,
Bere mirari arrigarriak iragarriten.
Azkenez illak bere jagirik obietatik,
Agertu ziran gizon artera berta bertatik,
Jesusen deira orrei bizia jake etorten,
Eriotzeak bildur ikaraz iges egiten;
Pobreak bere Ebangelioz gaur argiturik,
Neke artean bizi oi dira pozez beterik,
Biotzez pobre direanentzat Zerua dala,
Zergaitik daukan Jesus Jaungoiko onek esana.
Baita aberatsak zabaldu dabez pobre artean,
Eukezan diru ta ondasunak euren mendean,
Jesusi pobre jarraituagaz beian munduan,
Gero beragaz bizite arren goian Zeruan.
Orañ Judegu esker bageak zelan azartzen
Zare orrelan, ill bedi Jesus! deadar egiten?
Alan ordaindu uste dozue Gizon añ ona
Mesede baño besterik egiñ ez deutsuena?
Begira bada! zelan dagoan ia amaitua,
Dana azotez urratu eta odol ustua,
Ukabillkadaz añ ezaindurik matralla biak,
Eta illunik eguzki ziran bere begiak.
Burua arantzaz ta gorputzean mantu bat zarra,
Kañabera bat gañera eskuan zetrotzat bada,
Burla ta barre egite arren deutsez ipini
Zeru ta lurra egin zituan Jaungoiko oni.
Eta alanbere etzare oraindik errukituten?
Etzare Jesus onegiagaz gaur samurtuten?
Etzare bildur bere odola eskatzen bada
Jausi dedilla zeuen ta umeen gañera dana?
O Erri gogor, madarikatu, legoetua!
Asetu arte edaik odol bat errubakua
Baña ondotxo pagau bear dok pekatu ori,
Erre, kiskaldu, auts biurturik, bertan danori.
Euskal Erria, 1882, VI
Euskalduna, 1901, 175
|