 |
O munduko denporea!
Ikusi neban bein bada
Gabez lotan nengoala,
Egan agura guztizko zar bat
Usoa legez joiala;
Zer zan nik ez nekiala,
Itandu neutsan nor zara?
Erantzun eustan nor zara?
Erantzun eustan «beti joan ta
Biurtuten enazana».
Sustoz iratzarri nintzan,
Zer bear ete zan izan
Agura arek esan eustana
Biotzean sartu jatan;
Zelan joan zeitekean
Urrinduaz beti egan,
Geiago onuntz itzuli baga
Ezin asmau izan neban.
Gauza guztiak jirea
Eukala neukan ustea,
Gaur Eguzkiak igex ein arren
Dauka biyar etortea;
Amaitutean urtea,
Barriro dator bestea,
Mundua sortu zanik geiago
Au da betiko kantea.
Esan ezkutapentsua!
Agureak aitatua,
Asmau ezinda gaba guztia
Irago neban osua;
Zer zan ez biurtzekua
Atera ezinik kontua,
Neure buru au egunerako
Jarri jatan zoratua.
Aztertu eta aztertu
Ustez neban nik aurkitu,
Etzan ikusi neban gauzea
Ez gizon, ez ta aingeru,
Ta gitxiago deabru,
Orretan nago seguru,
Gaiztoen antzik iñondik bere
Ez neutsalako asmadu.
Nozbait bururatu jatan
Zelan guztizko zarra zan,
Adanek aña urte beukala
Ziertu daiket nik esan;
Agaitik modu orretan
Nai ta ez bear ak izan,
Denporean irudi bizi
Gizon zar baten itxuran.
Egiten dabeela jira,
Gau-egunak ikusi da,
Baña denpora joandakorik
Noz atzera etorri da?
Neure begiak begira
Ezker eta eskubira,
Nire guraso izan ziranak
Egun onetan nun dira?
Joan bai, ta etorri ez,
Askorentzat da uts legez,
Denporak igex egiñagaitik
Damurik artu baperez;
Au etorri arren berez,
Ezin geratu indarrez,
Ez irabazi bein galdu bazan
Urtuagaitik negarrez.
O munduko denporea
Zure balio andia
Bardinduteko ez dira gauza
Ez zidar eta urria;
Askoren maitegarria!
Enetzat bildurgarria!
Zara zorion edo txarrera
Garoazuzan zaldia.
Euskal Erria, 1885, XIII
Ibaizabal, 1902, 3
|
 |