Maria Esperantza Azkoagari, aurtengo zezeillean Mondragoko kontzeziñoko komentuan profesau dalako jarririko bertsoaldia
Jesus Piloto Jaungoikozkoagaz ontzi aparteko baten doian bidazti bati azkenengo agurrak
Asko ta asko doaz benetan
Itxasoetan ontzian,
Ibilli bear izanagaitik
Sarritan larrialdian;
Asko bai, asko ondasun batzuk
Ustez denpora gitxian,
Egitearren elduezkero
Eurak nai daben errian.
Askori, baiñoa, zirealako
Amesak euren asmuak,
Urteten jakez, ta ez gitxitan
Ustelak pentsamentuak;
usterik baga milla alditan
Sorturik aize gaiztuak,
Ontzi ta guzti urak barruan
Iruntsitean gaisuak.
Gaiztoak dira duda bagarik
Sarri askotan aizeak,
Zergaitik bota izan dituen
Iñoz lurrera etxeak;
Ezta millagro ikustea guk
Euskaldun arrantzaleak,
Aiñ sarri galtzen, intziriaka
Itxirik andra ta umeak.
Ezta millagro, entzutea guk
Askotan barri tristeak,
Galdu dirala Amerikara
Joiazan diru-zaleak
Luma bat legez irrada baten
Ontzi zimentu bageak,
Atxa jo arte eroanagaz
Zatitu daizan golpeak.
Ezta millagro au gaitik asko
Bere atzeratutea,
Itxasoz joan baiño lenago
Etxean geratutea;
Ezta millagro mundu barritik
Etorri arren kartea,
Eztabela nai urik igaro
Emendik erantzutea.
Baiña alan bere, nik ezautzen dot
Berak ni daben erara,
Piloto on bat itxasoetan
Gura legetxe doana;
Nik ezautzen dot kontrara jagi
Arren galerna zitala,
Aize txarrari sama samatik
Katea lotu deutsana.
Nik ezautzen dot ondo doala
Beraren biajantea,
Gabetan lorik galdu bagarik
Irabaziaz bidea;
Badakit pozik egin daikela
Bere ibilpide luzea,
Dakialako Piloto ain onak
Ekatxai jarten legea.
* * *
Ain al izate andia baiña
Zeiñek ete dau agertu?
Nor da ekatxa egin daikena
Bere besoaz geratu?
Nor itxasoa berba bategaz
Dabena oso baketu?
Eta, nor uren gaiñetik oiñez
Joan da eztana urpetu?
Nor da alako mirarigiña?
Nor gizon orren altsua?
Nor izango da ezpada zugaz
Gaur izan dana lotua?
Bere ontzian zoazalako
O emakume dontsua!
Seguru dakit joko dozula
Zorioneko portua.
Seguru dakit eta ezpeizu
Bildurrik artu barruak,
Urak adarka ekiñagaitik
Zeiñ tximistaka zeruak;
Nozbait egingo baleutsu bere
Lurra idigi munduak,
Badakit zelan eutsiko deutsun
Piloto orren besuak.
Seguru dakit berak daukala
Zugaz ardura andia,
Seguru dakit, dakust garbiro
Berorren Probidentzia;
Otzak eztaian ill, jazten badau
Luma ederrez txoria,
Non itxi daike galtzen egazti
Obe bat zoragarria?
Non itxi daike galtzen zu lako
Arima biotzekua?
Beti betitik emaztegeitzat
Eukana aukeratua?
Non itxi leike deitzen badeutsa
Laztan ta neure usua,
Bere urruetak entzuten baldin
Artuten badau gustua?
Joan zeindekez ardura baga
Pozik birjiña noblea,
Piloto orrek eztabelako
Iñoz erratu bidea;
Linboa bera ezer ezpada
Orri illuntzeko bistea,
Zer da ardura gabak sarritan
Jantziarren baltz kapea?
Joan zintekez pozik, dalako
Ori egungiña berbera,
Ori dalako argi gartsua
Izarrai emon eutsena;
Ori dalako eguzki danen
Eguzki bizi ederra,
Jatzitakoa illuntasunak
Desegitera lurrera.
Joan zintekez pozen pozagaz,
Zergaitik egun guztiak,
Gaurko legez ain alegere
Eztiran izan jagiak;
Joan zintekez kantaurik kanta
Santu ta samurgarriak,
Zergaitik jaunak egin dituan
Gaur zugan gauza andiak.
Joan zintekez uso zuria,
Eguzki orren argitan,
Gu leorretik baiño askozaz
Pozago itxasoetan;
Joan zintekez urruetakaz
Kataurik modu onetan,
«Jaungoikoari emon gloria
Zeru lur eta uretan».
Joan zintekez, kantaurik gaur zor
Egin deutsazun ondrea,
Kantaurik berak gaur egin deutsun
Mesede barebagea;
Bizilekutzat nok emon deutsun
Beretzat daukan gelea,
Grazia on berak eiñarren
Poza dalako zurea.
Joan zintekez, zergaitik berak
Begiak deutsuz ezarri,
Izanagaitik serbitzaritxo
Duiñ bagako bat berari;
Zoaz kantaurik mailla altura
Bazaitu bere eregi,
Mesede on egin deutsula
Nai deutsulako geiegi.
Sekula baiño kantariago
Zoaz eztiturik boza;
Erakutsirik egun onetan
Gaiñezka darizun poza;
Zarealako zeru ta lurren
Egillearen Esposa,
Kantaurik zoaz, zelan beretzat
Bakarrik dozun biotza.
Zoaz kantaurik lotu dozula
Maite zenduan maitea,
Zein azkatzeko eztan izango
Naikoa eriotzea;
Ak emonarren egunen baten
Koraiñeagaz golpea,
Dala izango bizitza obera
Idigiteko atea.
Zoaz kantaurik korapill ori
Ezin leikela urratu,
Arimea ta gorputza baiño
Zarela obeto oratu;
Baita zagozen abian biok
Eingo zarela aurkitu,
Kaiola batek gaur sekulako
Zaituelako zarratu.
Eta nik barriz kantauko deutsut
Ume Jaungoikozkotua,
Argizagia argizagiaz
Surtan oi bada nastua;
Zure biotza Jesusenagaz
Izan danean lotua,
Lora on danen Erregegandik
Artu dozula mentua.
Lora on danen errameagaz
Zarelako mentau zu,
Elorri latza sagar gozora
Legetxe zaite aldatu;
Pitxi barri ta obeagoak
Egiñik argitaratu,
Lengo zarrakaz zergaitik Jesus
Eztan izango kontentu.
Zoaz emonik obak bai, obak
Aurtengo udabarrian,
Izan zaitean aparteko bat
Sartu zarean ontzian;
Zuri begira Piloto Jesus
Doian kontentu andian,
Igarri baga eldu zaitezen
Portu atsegingarrian.
Ori kontentuz joan dakizun,
Zoaz apaintzen larrosaz,
Edertuagaz lirioz eta
Jantziaz bioletakaz;
Galantu arte berba batean
Mingotz bagako lorakaz,
Izan zaitean Jesukristoren
Zoragarri bat eurakaz.
Zoragarritu artean zoaz,
Edertzen kastidadiaz,
Miragarritu artean txito
Umill obedientziaz;
Amodioan su ta gartuaz,
Zaletu arte mirriaz,
Au irunsteko adiskidetu
Egiñik atsekabiaz.
Zoaz eztia billatu arte,
Pena min eta nekean,
Nai dabelako larrosak bizi
Beti narrakaz batean;
Gura badozu larrosa izan
Jesusen beren artean,
Pena bagarik ezpedi bizi
Zure biotza bakean.
Zoaz zoaz bai, beti eskatzen
Teresak legez penea,
Zoaz zoaz bai Pazzis legetxe
Izanik pena-zalea;
Zeintzuk nai eben penetan bizi,
Eta penetan illtea,
Penetan jaio bizi eta ill
Zalako euren maitea.
Zoaz, zoaz bai eurak legetxe
Maite izanik pobreza,
Eurak legetxe menpetasuna
Ta anditasunik nai eza;
Zorioneko Jesusen bide
Aldastsu baiña arteza,
Nondik ain gora igo zirean
Klara, Pazzis ta Teresa.
Zoaz penetan igo artean
Euren Olinpo altura,
Odeiak baiño gorago berak
Jasoagaitik txuntxurra;
Zoaz igoaz eldu artean
Santuen mendi dontsura,
Egaztietan agillak bere
Eltzen eztiran lekura.
Zoaz igoaz kurutzeagaz,
Jesusen lagun zintzua,
Santuak beti sendor orregaz
Emon oi dabe pausua;
Untza sarritan arboleari
Laztanka oi bada jaiua,
Egur orretan zuk billatuizu
Bizi eta illteko lekua.
Egur orixe zoaz baturik
Errime beso artean,
Mariñel on bat dirudizula
Berari oratutean;
Zoaz beragaz, boga ta boga,
Ur zelai urdin berdean,
Olatu dongai barren eginda
Danak itxirik atzean.
Zoaz azkenez largaurik lur au
Ill batek legez betiko,
Zoaz beroni agur eginda
Bein bere ez biurtuteko;
Ikusten nago negarrez Ama
Urtzen dozula itxiko,
Baiña badakit barrien barri
Non zaren gero batuko.
Zoaz itxirik Aita kutuna,
Neba ta aizta maitiak,
Izeko, osaba, senide, lagun,
Ezaun ta adiskidiak;
Zoaz itxirik negarrez danak,
Baiña kontentuz guztiak,
Euren begiak pozaren pozaz
Dagozalako bustiak,
Zoaz zergaitik ondo dakien
Gaur zure bizierea,
Zelan eurena baiño askogaz
Dan duda baga obea;
Zoaz begira dagotzulako
Piloto Jesus zurea,
Bere betiko erreiñuruntza
Abietako bidea.
Agur, zoaz bai, bagietatik,
Jira eginda ontzian,
Agur, ta belak zabal zabalik
Eroan bide guztian;
Agur, okerrik baga eldu ziate
Piloto orren errian,
Antxe biziten ipiñi zaizan
Esposen lorategian.
Agur, agur, bai, ikusi arte
Antxe egunen batean
Patriarka ta Profeta eta
Konfesorien artean;
Zure Piloto aiñ galant orren
Inguruan gu batzean,
Alkarregaz bai, biziko gara
Atsegin oso betean,
Jaungoikoaren mendi santuan
Betikotasun guztian.
Euskalzale, 1897, I
|