 |
Ama Birjiña Aranzazukoari kanta
Zoazte urruti gaur neregandik
Munduko gauzen arretak,
Zerukoetan nai duelako
Gozatu nire biotzak;
Eta kantau Birjiña bati
Gloria eta alabantzak,
Baña nun ditut orretarako
Egoki datozen itzak?
Billa dezagun, nere begiak,
Kanta berri onen gaia,
Alabatzeko mendi zale dan
Birjiña miragarria;
Baña ez dakust besterik emen
Arkaitza eta mendia,
Oiek bearko digute eman
Itzaldi onen sustraia.
Ez da mendirik, aiñ gitxi aitzik,
Doai onen bat gaberik,
Euskal-errian guztiak daude
Ondasun aundiz beterik;
Batzuek menast ugariakin
Barrundik aberasturik,
Eta besteak milla iturriz
Gaisoak osatu nairik.
Mundu guztiak egi andi au
Ezaguturik txit dauka,
Argatik dator jendea onuntz
Osasun billa pillaka;
Bedeinkatua izan dedilla
Mendia, nola arkaitza,
Nun osasunak gaitz zitalari
Kendutzen dion garaitza.
Bedeinkatua berriro diot
Orrelakoxe mendia,
Ta milla bidar alabatua
Baldin ango iturria;
Gaixo mueta guztientzako
Balitza osagarria,
Gizon guztiak edan dezaion
Ur aiñ estimagarria.
Zergatik danok geran argalak
Animaz edo gorputzez,
Bietan sano edo sendorik
Ez da billatzen, ez, errez;
Eder galantak izanagaitik
Gizonak asko azalez,
Beren biotzak, zenbat alditan
Egon oi dira naigabez?
Naigabez daukat, nik anima ta
Larri barrundik gorputza,
Orregatikan iturri artan
Osatu nai det biotza;
Maria dala maiz aditu det
Larri ta estuen poza,
Gure bizitza, gozotasun ta
Baita gañera esperantza.
Berbera dala, Elizak dio,
Ur bizien iturria,
Nundik irtetzen ez dan besterik
Zorion eta grazia,
Au edateko nere animak
Daukalako egarria,
Billa dezadan iturri on
Beragan daukan mendia.
O! mendi santu goian dezuna
Ur bizien iturria,
Igoko dizut gallurreraño
Naiz da nik bota izerdia,
Asetu arte nere animan
Dedan egarri andia,
Zein dan gaur bada bisitatzea
Arantzazuko Maria.
Atozte, korri, nerekin nasi
Gaiztoak eta zuzenak,
Atozte gaixo, atozte eri,
Elbarri eta errenak,
Atozte itxu, gorputz gelditu,
Eta beartsu den denak,
Baita atozte, demonioak
Barruan dituzutenak.
Arantza baten gañean orra,
Guretzat laguntzallea,
Pekatarien igesleku ta
Gaixoen osatzallea;
Gorputz gelditu ta errenentzat
Berau da ibillpidea,
Demonio aiñ amorratuen
Izu ta aienatzallea.
Jaungoikoaren urrengo dauka
Alako al izatea,
Zeruan eta lurrean da au
Gauza guztien jabea;
Mesede danak egiteko du
Gizonai eskubidea,
Jaunak berberak zuen eginta
Grazia danez betea.
Graziaz sortu, graziaz jaio
Graziaz bizi erazi,
Graziaz i ta, graziaz piztu,
Eta zerura eraiki,
Jaungoiko baten grazia dana
Au da zuena irabazi,
Beraren Ama izateraño
Bakarrik zuen merezi.
Jesukristoren, O Ama diña!
Bertute danen lorea,
Oien egarriz bizi danentzat
Iturri agor gabea;
Ona baña gaur izan naizan bat
Ur lizunduen zalea,
Begira zazu, nola gaixotu
Dedan anima nerea.
Aurrera baña, Ama, nai ditut
Edan ur garbi biziak,
Zeintzuek diran Zu, guregana
Isurtzen zauden graziak;
Beste gauzarik, zer egingo du
Zu bezelako iturriak?
Zoriondu ta sendatu baño
Gaixo ta pekatariak?
Gaixo guztien, o osasuna!
Etzinik zure oñetan,
Otsez naukazu nagoelako
Gaizki sentidu danetan;
Laguntzeko zu, Ama bezela
Guri ditugun premietan,
Badakit ondo ziñala irten
Arantz arbola orretan.
Ortxe zakustaz, Paradisuko
Arrosa eder gorria,
Zure usaia beziñ gozoa
Ez da sekulan eztia;
Dirudizu bai, arantz arteko
Lirio zuri zuria,
Mendi arte ta ibarretako
Lore bat miragarria.
Zu zera Feniz eremu edo
Bakarlekuen zalea,
Erreka bizi baten ondoko
Uso beltzune gabea;
Irten ziñana iragarteko
Euskaldun danai pakea,
Zu zeralako gure erriko
Oztarku pakegillea.
Pakea bada gorde zaiguzu
Euskaldun erriko onra,
Baña pake bat jaungoikozkoa
Kristau guztientzat ona;
Zorioneko izan gaitean
Erbeste onetan ala,
Eta zeruan zu alabatzen
Arantza gaiñeko Ama.
Euskal Erria, 1885, XIII
|
 |