www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

ESKUALDUN JOKOAREN ALDE

 

Batzuer eta bertzer entzun dut frangotan

Dabiltzala gazteak anhixko zokotan,

Hutsik eskualdun plazak utzirik orotan;

Laster ez dela nehor ariko pilotan.

 

Arrunt galtzera doa beraz Eskalduna,

Saltzen duenaz geroz zaukan ontasuna!

Pilota! bethi danik horren osasuna,

Pilota! Jabe dadin egon erdalduna?

 

... Egia da, partidak zenbeit urte huntan

Itsuski doatzila, guziz hirietan!

Hamar bat pilotari tugu ferietan,

Arrotz ezdeus batzuen diruaren puntan...

 

Guzietan urhea nagusi dago-ta!

Urkaturen eztiki dauku're pilota...

—Etxean geldi hadi, lagun kaxkarota!

Oi, ez pilotarekin ohorea bota!

 

... Herrixketan beharrik dugu igandea...

Astean badabila goiz arrats goldea,

Zinez gero pilotan ari da jendea.

Gaiten pausa delarik Jaunaren galdea!

 

Ez da gure plazetan dirua nagusi,

Gezurra baitzaiote guzier itsusi.

Ez bazira gutarat igan edo jautsi,

Pilotan ez dukegu deus onik ikusi!

 

                  * * *

 

Horra non lothu diren: anaiak iduri,

Athorrak eta galtzak orok berdin xuri...

Orai miatzen dute pilota den guri...

—Zer izerdiak behar dituzten ixuri!

 

Plaza bazter guziak dire jendez beltzak,

Halere bakan arras jaun andre arrotzak...

Hor daudenak ikusten, jujale bortitzak!

Airean ez doatzi zahar hoien hitzak!

 

Oizu!... Beha gazteak ez diren bermatzen,

Ez dutenetz pilota han harat airatzen;

Zirti! Zarta! Zer joak! Bat ez da lerratzen...

—Jesus! Etzazkotea eskuak urratzen?

 

Hots! Herriño guzia hor dago bildua,

Pilotarier beha behin ixildua,

Bihotza gehienek arras pil-pil-dua,

Ikaran, nor den behar egon biphildua!

 

Akabo!... Entzuten da irrintzin ederrik;

Asko moltsek ez dute gordatzen epherrik!

Bainan bihotz batean ez demendren herrik,

Ez eta solasetan sobera... bipherrik!

 

... Bihotzez eta gogoz on Eskualdun zena:

Harek du jokoetan hartu hoberena!

Gutartean pilota dagola den-dena,

Zaharretzat bezala, josteta lehena.

 

                  * * *

 

Eskualdun haur lagunak, jo bethi pilotan!

Ihesi harat-hunat ez ibil orotan.

Begote frantximantak hiriko plazetan,

Gauden guhaur herrian igand'arratsetan!

 

aurrekoa hurrengoa