www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

HAURKINA

 

                Zertako bada liliek:

                Udaberriko begiek

                Dauzkate gure begiak

Lokharri urdin xuri, gorriez, beren soinari josiak?

 

                Zertako bada xoriek:

                Jainkoaren kantariek

                Dauzkagute beharriak

Beren erasi xoragarriez, goiz arrats iratzarriak?

 

                Zergatik ere izarrek:

                Sutan urhezko phindarrek,

                Dauzkate gure gogoak

Amets garbiez, egiaz alhan, argian argi, beroak?

 

                Gure lilien ederrak,

                Xoriñoaren agurrak,

                Urhe sutan den izarrak,

Baitioskute jaunen Jaunaren ontasun eta indarrak.

 

                Hoberik bada lurrean,

                Bizi denik gutartean,

                Jainkoak egin heinean...

Haurren begiek, haurren irriek ez gauzkatea menean?

 

                Begietarik argia

                Irrietarik egia,

                Aingeru zinez garbia,

Haurrak ez badu, nork duke bada Egilearen lehia?

 

Bazterrez bazter, irakasle jaun, Jesus bazabilalarik,

Haur ttipienak amek lagunduz zethozkion etxetarik;

—Iguzkirako baizikan ez du pinpirinak lehiarik.

 

Jesus eztiak erran zioten: Uzkitzue hurbiltzerat;

Neureak ditut; Nihaur jina niz hein hortakoen biltzerat;

Zuetarik bat ez da iganen nik dutan zorionerat,

Nun ez den aphal, lehenik jautsi maite horien heinerat.

 

Erran zioten ere Jesusek: Haurren etsaia badabil

Neure direnak bere jakite lizunetarat nundik bil;

Etsaiak balu, zuen artean, lan hortako norbeit muthil,

Zorigaitz horrek! hobe zukeen sortegunean baliz hil!

 

aurrekoa hurrengoa