www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

XORI PAPO-GORRIA

 

                Airea: Mendian zoin den eder

 

Legun ta xuri daude eskualdun bazterrak,

gau batez oro dauzku beretu elhurrak;

teilatu hegietan, hormaren nigarrak

ezin urthuz dagozi, hain dire gogorrak...

 

Goizik jarria nintzen supazter xokoan,

nere gorphutz guzia gozoki beroan,

noiz ere entzun baitut tok tok tok leihoan...

papo gorriño bat zen bakarrik kanpoan!

 

Ixil-ixila zagon, ikharan gaixoa,

goseturik, doi-doia jasanez aroa...

Ikusi nuenean zabaltzen leihoa,

atseginez harrotu daut bere papoa!

 

Ideki dutaneko, xoria zaut sartu,

bera, beldurrik gabe, suari ohartu:

hantxe, garrari hurbil, odola hazkartu,

gero nik purruxkatu ogi dena hartu!

 

Golkoa betherik da hegaldaka hasten,

itzul airosak dauzkit airean egiten,

azkenean etzauta bururat igaiten

eta handik kantu bat lorian emaiten!!...

 

Azken eskerrak zauztan gaixtoak bihurtzen,

jadanikan oihanaz orroitua baitzen...

Ikusi dutanean kanporat airatzen,

iguzki ephel hits bat ari zen agertzen!

 

Habil, papo-gorria, habil oihanerat,

Jinkoak eman daukan herri zabalerat...

Gutarik joan direnak ihesi galtzerat,

hola itzul balite laster sor-etxerat!!

 

Geroztik, iguzkia jeikitzen denean,

mertxik ondo zahar bait baitut baratzean,

xori bat, pausaturik abar gorenean,

maiz hor kantuz ari zaut boz ederrenean.

 

Mertxikaren gainerat heldu den xoria,

buruan daukat dela lehengo eria;

gogotik eman nazkon sua, janaria,

berriz kantuz eskaintzen daut bere saria!...

 

Adixkideak, egun galde bat orori:

herrian elhur hotza zaukunean ari,

zuen leihoak idek papo-gorriari,

xori bakarra dugu neguan kantari!!

 

aurrekoa hurrengoa