www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

MENDI-MENDIAN

 

                Uztailaz mendi-mendian

                Pago batzuen azpian

                Daukadan borda ttipian

                Ametsak doaz argian...

 

Eskual-herriko mendi nasaiak! Aberats, garbi, gozoak!

Egunaz gure gerizak eta gauaz izarren auzoak...

Orai hor gaindi gogotik alhan badabiltz ardi multzoak,

Orduan jasan hatz on ederrik badauka zuen altzoak...

 

                                * * *

 

Xut Altabizkar! Xut Ibañeta! Mendi hoik mintza balite,

Zer erasiak!... Aita zaharrek egin lanak baitazkite...

—Badator ere mendian izotz, iguzki, elhur, eurite,

Dugun zin zinez atxik orduko gudukarien egite!

 

Entzun-arazten badu norbeitek azkoner idi-adarra,

Gogoratzen zaut hiltzean Rolan gaitzak igorri deidarra.

—Ethorri ziren: begietarik zariotela pindarra;

Bainan mendiek, gure mendiek erhautsi heien indarra!

 

Ethorri ziren... Zertarat othe? Zerbeit beharrez ebatsi...

Karlos Handiak nahi zituen gure zedarriak hautsi!

Harroka gaitzak, haritz-ondoak zitzaizkon gainerat jautsi,

Eta mendian zer zezaketen Eskualdunek erakutsi.

 

Ordu danik hor berme ditugu gaizo lagun on mendiak,

Goiz diuela gozo-gozoki perekatzen iguzkiak...

—Hits girenean, mendi hoier so ditzagun atxik begiak,

Bihotzeraino zauzku sarturen orhoipengarri handiak!

 

Ditaken jende ahaldunenak behar nahi-t-ez itzalak:

Mertxikak duen mami goxoa kirets ezartzen azalak!

...Aldapa gora zalu badabiltz azti-sorginen aztalak:

Zorigaitz! Orai Akerrak dauzka eskualdun mendi zabalak.

 

Akelarre da! Sorginek piztu dituzte mendian suak!

—Eskual-herritar zonbat ez du jo debruak erain kutsuak!

Zahar gazteak han biltzen dire: guziak berdin itsuak!

Oi! Pitz balite hobietarik Eskualdun hil Dohatsuak!

 

Han erabili lohikeriak ez ditut erran behar, ez...

...Lamiñak arin zerura doaz inguratuak izarrez;

Zeruan aldiz Eskual-herriko zaharrak daude nigarrez.

Gauaz ikaran dago Mundarrain orhoiturik Akelarrez.

 

                                * * *

 

Artzainarentzat udan goxo da pago nasaien itzala,

Bainan horra gaur, sorginek egin bilkuez orhoit naizela

Durduzadurak non hartu nuen hobendun banintz bezala!

—Sorginak pues! Akelarretik Jinkoak beira gitzala!

 

                                * * *

 

                Uztailaz mendi gainean,

                Nere bordaren athean,

                Ilhargi xuri denean,

                Ametsak doaz airean...

 

Izarrek irriz argitzen dute gauaren ixiltasuna;

Haize goxoak, erainez gure bulharretan osasuna,

Jauz-arazten du laparrek lotu ardien ile leguna...

Guardak ihesiz dabiltzanentzat orai da hasten eguna!

 

Oren eztia... Oren xuria... lokarturik harrabotsak,

Harrok' artetan elgartu dire multzoka xori belatsak,

—Mutil gazteek ez ezagutzen gogamen gaixto kiretsak:

Sarri artino bordan dituzte bakarrik utzi bildotsak...

 

Argizariak distiran dauzka [zoin] ikusgarri bazterrak;

Zilarrezkoa dirudi hantxet han Axulaiko kaperak,

Nundik baititiu, bethi bihozdun, gerizatzen Ama berak

Dantxariatik Mugarreraino Lapurtar herri ederrak.

 

Agur Axulai! Hire oinetan sortu duk Harrazpi zena,

Horko Birjinak gazte-gazterik beretu baitzuen dena...

—Barka zadazu? Hor nitaz orhoit zaiten, Ama gozoena,

Nik ere behin zure soinean lotu dut ene izena!

 

Baiura! Zonbat aldiz Otxaldek igan ditu zure maldak,

Gogoa bethi zabal, erne, xut, ukurtuz ere sorbaldak!

Gorderik uzkur zauden Bidarrain nexka-mutiko xoraldak

Eta gu gaitu berotzen orain' Otxalde zenaren kaldak!

 

Zaldubi zela, diote berriz, urez Alduden arrailtzen,

Han zituela koplak mendian aingirak bezala biltzen...

Erramouspe 're menditik urrun ez da gogotik ibiltzen:

Bankan boz dago: kantuz, kantuz, hots! ez da sekulan ixiltzen.

 

Dibarrart ez da burlaka bethi ari mahatsen erditik.

Artzain gaizoak dagozinean irrintzinaka menditik,

Ez... gibel-aldez gora berak maiz edan ddu xirripakotik,

Izpegin barna bazoalarik epher zonbaiten ondotik!

 

Biriatutik Senpereraino Larhun ondoan dageri:

Bertsulariak herri hoitan ez dire zintzurretik eri:

Lekuon', Ostiz et'Irabola, Milox, Leiza, 'ta Laztirri...

Haukien gana dathorla nahi duenak onts' egin irri!

 

                                * * *

 

Oi ba, mendiek dituzte hazten bertsularien gogoak!

Mendi gainerat ez ditazke hel arrotz gaixtoen haroak.

Mendi-mendian eskuak garbi daude, bihotzak osoak...

Mendier buruz zer dezake 're hasarrean itsasoak?

 

                                * * *

 

Eskual-herriko zazpi ahizpek baituzte beren mendiak:

Orduan, gudu-toki bortitzak; egun, loredun eztiak...

Uztaritzen ta Logroñon gaindi erre zituzten aztiak...

Sorgin bilkuren orde noiz nahi ditugu beila handiak.

 

Boz nagolarik mendi guzier bihotzez agur diotet...

Menditarra naiz, eta jakinez laguner erran dezaket:

Orhin sortu den xori garbia Orhin baizik ez da laket.

Jainkoak egin bagaitu «Kadet» gauden sor-herrian «Kadet»!

 

                Huna zer duten hirian:

                Espantu frango mihian...

                Ardi bildotsen erdian,

                Kantuz nabila mendian!...

 

aurrekoa hurrengoa