www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

XARDINA SALTZALEA

 

                Airea: Kattalin ttuku, ttuku

 

Untzia jin deneko itsas-bazterrera,

Gaxuxak erosi tu bi saskiñotara;

Biak altxaturikan airoski burura,

Beha zoin laster doan karrika behera.

 

Zaiak estekaturik goraxko gerrian,

Zango-sagarrak ditu arras agerian;

Etxean bezain aise dabila hirian,

Irrintzin bat eskainiz guzier lorian!

 

Itzuliak eginik, «Au bon vin» ethorri,

Zintzurra idor eta sudurttoa gorri:

«Arras akitua naiz, behar dut sokhorri,

Onetik nahi nuke barnerat igorri...».

 

Barnearen phizteko, hustu-ta basoak,

Mokoka hasten bada, zer elhe goxoak!...

—Amak, gordazkitzue zuen haur gaixoak,

Garbi dauden bederen horien gogoak!!

 

Mihia badu ere sobera zorrotza,

Zuzen gelditzen zaio nonbeit han bihotza...

Arnoa dukenean, hastio ur hotza

Ez da nehon ez dena Gaxuxaren gaitza!!

 

Eskalerik badea, guziz beharrean,

Dabiltzaner othoizka bide bazterrean?

Gaxuxak pausaturik saskia lurrean,

Xardinak eman dazko laster ahurrean.

 

... Emanak othe ditu bertzer harrapatzen?

Etxekoeri bethi kario du saltzen!

Alferretan andrea mokoka da artzen:

Ez dako behin ere sos bat atheratzen!!

 

Iguzkia zerutik aphaltzen denean,

Oraino're Gaxuxa karrika gainean;

Hasi zuen bezala boz ederrenean,

Eguna finitzen du irrintzin batean!

 

Gaxuxa moko biphil, Gaxuxa kokina,

Badinat Jinkoari othoitz bat egina:

Beira dezaunan luzaz hire zintzur fina

Guhauri merkexago igorriz xardina.

 

4-3-11

 

aurrekoa hurrengoa