www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

KHUIERI KHUIAKERI

 

Urrian harat, hegoarekin,

Sasoinekoa sasoinean jin:

Ezkurrak onthu haitz abarretan,

Khuiak ederrik artho landetan.

 

Petan Larrubeltz, etxeko jauna,

Ameriketan luzaz egona,

(Ikusiaren ikasia ez)

Badabila hor, landa bazterrez.

 

Bainan norekin othe mintzo da,

Erran-et-erran, nor du partida?

—Eso no ba bien, onbre, karako,

Karkula pa bon— eta holako.

 

Españolari nahas frantsesa,

Bien lotzeko, eskuara saltsa;

Urhea dir dir ahokoetan,

Yo se, yo soi-ka mintzo da Petan.

 

Mintzo da Petan, Petan Larrubeltz...

Khuiak ixilik; hori, gorri, beltz,

Geldi geldia, mutu eta gor,

Predikuari daudela gogor.

 

—Ke barbarida, khuia gaizoak,

Zuen egile okher, zozoak

Nola zaituzte hoin aphal utzi,

Bare zikhinen... (perdon)... kakuntzi.

 

Ezkurrak aldiz, onik deus gabe,

Pikor mokor hoik tronuen jabe;

Haitz handienen besoak behar

Dantzarazteko zenbeit ezkur txar.

 

Gauzen egile izan banintz ni,

Jakinen nuen zer den konbeni:

Khuia buruak haitzen gainean,

Ezkur mokorrak sasi barnean.—

 

Erranik aski, bero, loale,

Abiatu zen gure tetele

Ez urrun zaukan oihan aldera,

Haitz baten pean lo egitera.

 

Etzan orduko, arima salbu,

Ezkur jaleen zurrunga badu;

Pantza daldaran, ahoa zabal,

Xistuarekin jozak atabal.

 

Bainan Petani, lo zagolarik,

Ezkurño batek, har gabetarik,

Jauzian jautsiz, xuxen xuxena,

Sistatu zion sudur gizena.

 

Larrubeltz khexu, demonioka,

Sudur puntari thorra, thorraka,

Ai, ei, ai... Bo, bo, min guti duke;

Eskolatu da behingotz, merke.

 

He, he, he, Petan, khuiak han ezar,

Ezkur koxkorrak berho pean sar?

Hire muthurra khuiak jo balu,

Izanen hintzan, hi, khuia buru.

 

aurrekoa hurrengoa