www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

URTSOTEGIAK

 

Urriak urhez lazterrik aphaindurik,

Hego-deiari mendiak hurbildurik,

    Arthaldeak jautsi dire bortutik,

    Urtsoak agertu iphar aldetik,

Neguko pazketarat abiaturik.

 

Urtso gaixoak, zonbat errekontru tzar...

Egin beharko duzuen bide-nabar!

    Egun, airos eta hegalez hazkar,

    Zalhu bazoazte sustatuz elgar;

Ihiztari gaixtoen saretan bihar.

 

Bertsulariek, gazte nintzen urthetan,

Urtsoa zuten aiphatzen kantoretan,

    Maiteari egin paraboletan,

    Gogo-bihotzak hegaldun airetan;

Urtsoez orai tratu merkatuetan.

 

Artizarraren begiaren eztia,

Iratzartzera doanean mendia.

    Urtsotegi: deithura egokia,

    Ederrez gezurra balitz egia;

Hobi bat, bertzerik ez urtsotegia!

 

Ozkixen gaindi ala Suhuskunetik,

Sarako mugaz edo Lephederretik,

    Urtsoek ez gehiago biderik

    Ihiztarien sare gabekorik;

Moltsa jori duenak urtso janen dik!

 

Urria urhez, berunezko hazila,

Ene lagunak zahartu ni bezala;

    Petik gora labur gure ahala,

    Ordokian ere behar makhila;

Urtsoekin gazteak josta ditela!

 

aurrekoa hurrengoa