www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

AGUR AMERIKETAKO ESKUALDUNERI

 

                Airea: Ttiki ttikittik aitak et'amak

 

Nork erranen daut Eskualdun orok

      zer odol dugun zainetan,

Guziek zerek egiten daukun

      «pil pil» noizbeit bihotzetan,

egun ederrez bagaudelarik

      ardi zain mendi gainetan,

edo barnean, suari beha,

      negu gau ilhun hotzetan!...

 

Gutan nork ez du maiz edo behin

      nahi borthitz bat senditu,

itsaso handik heldu oihua

      duelarikan aditu...?

—Herrian segur etxerik ez da

      xutik oraino gelditu,

nundik ez denik haur bat bederen

      Amerikano jalgitu!

 

              * * *

 

Ikusi ditut lagun maiteak

      Ameriketarat joaiten;

nigarrez, bainan beldurrik gabe

      itsas-untzirat igaiten.

Oi egun hetan bihotzak ixil

      zoin nekez ziren egoiten!

Ama gaixoek nola zituzten

      ondar musuak emaiten!!

 

Amen bihotzak argira zabal

      orduan ikus bagintza,

ez ginezake guhaurek sinets

      jasaiten duten min gaitza;

bethi geroztik heien gogoak

      airez haurrekin dabiltza...

lagun ohiak, zuen aldetik

      atxik azkar ezagutza!

 

Etxean utzi ditutzuener

      artetan igor berriak;

ez lotsa lanak baditu ere

      gogortu zuen erhiak;

ama xaharrek maite dituzte

      letretan hitzak larriak,

berek dakiten eskuara garbiz

      direnean ezarriak!

 

              * * *

 

Eskualdun haurrak, Ameriketan

      erromes zinezten sartu,

bainan lanetik zirezte laster

      gizon fierrak agertu!

Eskual Herri bat lur arrotzetan

      horra non den orai sortu,

zuen bidea horra non duten

      bertze jendek nahi hartu.

 

Erroak barna sartuz geroztik

      haitza bere hartan behar,

zabal eta xut handitzekotan

      luzaz beira dezan indar:

adixkideak, etxean ukan

      irakaspen zuzenak har,

makurrik gabe hor ibiltzekotz

      egun bezain ontsa bihar!

 

... Gu berexteko zerbeit direa

      itsaso, leihor, ibaiak?

Anaitasuna nondik dezake

      galaraz itsas handiak??

Ez... Eskualdunak, eskualdun gauden

      guziz elgar atxikiak,

Frantzian orduz nola baikinen,

      Ameriketan anaiak!

 

Goraki beraz nahi dut erran:

      agur, agur, Eskualdunak,

dantzari lerden, airos kantari,

      nik ezin ahantz lagunak!

Oi nahiago zinuzkete ba

      haurriden musu legunak...

bainan gogotik onhar-zkitzue

      nere bertsu bihotzdunak!

 

Eskualduna, 1991ko agorrilaren 25ean

 

aurrekoa hurrengoa