www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

OREN BELTZA

 

Gaua hedatzen hari, lokhartzen bazterrak...

—Hi, hor, Judas hoin zalhu norat hoan errak?

Ala gaur heure dituk Satanen zilharrak;

Bildotsaz gaur direa jabetu beharrak?

 

Judasenak egin du. Badoa, badoa;

Urkha bilhurrian du jadanik lephoa...

.................................................

Haitz-adarretik urrun eihartu hostoa

Leizerat erori zen, herioak joa.

 

Geroztik leize hartan bizi da gaixtoa,

Etsimendu berean alhatuz gogoa;

Herra duela herra hazkurri ta loa,

Judasek han derama bere muthilgoa.

 

Jesus abiatu da bere lagunekin,

Bildotsarenak ere behar baitu egin;

Nola hiltzekotan zen gizonen ganat jin,

Bihar, mendi gainean, dezakete jakin.

 

Gaua jabeturik da: meneko du lurra;

Lanerat badoake gaixtagin lapurra;

Jesusen gorphutzean —Satanen agurra—

Zainak hartzen daizkola, sortu da beldurra.

 

Ortzaldeak dirudi dena khedarreko;

Lagunak ez ditu gai, bera da beharko

Jesus gudu gaitzean ihardukitzeko!

Hitzeman du Jesusek, ez daidike ukho.

 

Bainan bere laguner eginen du galde;

—Barneko ilhundura dezakea gorde?—

Othoitzean har diten, lokhartzeko orde,

Etsaiak ez ditzan bil hobenaren alde.

 

                          * * *

 

Iguzkiaren eta izarren egile dena ilhunik,

Diren guziak meneko eta berak, orai, ez lagunik

Gudukatzeko duen guduan, esku eman dezokenik.

 

Argian argi, sortuz geroztik, izan da gizonen dohain,

Leize bazterrez bethi bazoan hazinda galduen artzain,

Otso gaixtoen, ardi zoroen orai horra nun den ordain,

Mundu tzarreko hobenak, zorrak, oro dauzkala bere gain.

 

Eta hobenen mendi guzia beharko duela jasan,

Eta lohizko ondarra dena beharko duela edan

Bere izerdiz, bere odolaz berak arrunt garbi ditzan!

Gaixo gizona, behazozue... nola dugun hor ikharan.

 

Zainen jauzteak, oldar gaitzean, aurthiki du belhauniko.

Dohakabeak, ez baitu nehor so dagoenik lekhuko,

Ezinbertzean, Goiko Jaunari othoitz bat eginen dako:

—Aita neurea, zathozkit lagun! sobera dut jasaiteko.

 

Nitarik urrun khenzazu, othoi, pozoinezko edaria?

..................................................................

Ezin ditake. Gogoan dauka nolako duen zoria

Eta zergatik zuen hautatu gorphutz meneko bizia;

Ordu berean Jesusek dio: Aita, bekit zuk nahia.

 

Hobenen pean, leher egina, gizona lurrean datza;

Larruan barna badabilkio erretzeko sukhar gaitza;

Eztigailutzat deus ez duela baizik haizearen latza,

Oro izerdiz dena bustirik daukan sorhopila hotza.

 

Nola etzen hil harrigarri da: sinhets gaitzago're nola

Jeiki zen berriz eta jin erne, deusik ez balitz bezala,

Dudarik gabe, iratzarriak zauden lagun heien bilha;

Iduritua baitzitzaion, han, etsaiak heldu zirela.

 

                              * * *

 

Othoitzean lagun hek, Lo zauden khorrokan!

—Zer? ezin baituzue oren bat iragan

Nik errana eginez?Hots, xuti, giten joan,

Saltzalea dukegu oraiz geroz hurran.

........................................................

Jasanik, jasaiteko, zuhauk hoinbertze min,

Zuhaur, gudu gorrian, ifernuarekin,

Eta behar zutela, horiek, lo egin?

Jesus zure auhena etzen izan samin!

 

aurrekoa hurrengoa