www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

URRIKIAREN EDERRA

 

Emazte bat zen, lanetik ihes, gauaz dabiltzan hoitarik

Nor nahi gertha, gizona den ber, ez baitute ahalgerik

Erakusteko sal-gei direla; bainan erostunetarik

Badoazinak deus bildu gabe, lohiarenaz bertzerik.

 

Mari Madalen girixtinoek orai othoizten duguna,

Izana da ba gizon emakoi, zarpil hordien laguna;

Bainan ez othe ziren emazte galdua eta ohoina

Heldu beharrak ardiestera dohatsuen zoriona?

 

Ekhaitzak arrunt moztu ez duen udaberriko lilia

Iguzkiaren deiari dago, sekula bezain garbia;

Zazpi debruek bere baitzuten, galtzera zoan Maria

Phiztu zen lore, Jesusen ganik ukhan orduko argia.

 

Lohian lohi, bazterrez bazter, makhur, gaizki zabilana

Argian argi, aldaratu zen barkhatzailearen gana,

Eta gai egon, hartuz geroztik zeruko irakaspena,

Jaunen Jaunari erakusteko urrikirik biziena.

 

Jesus bazkariz Bethaniako Simunen baithan zen batez,

Emazteki bat, jakin gabean aitzinatzen ahal zenez,

Sartu zen eta zirudiela jina sendagailu galdez,

Jesusi hurbil heltzerekin, belhaunikatu ahuspez.

 

Ixil ixila, begiak aphal, berritz xutitu zelarik,

Untzi eder bat baitzuen dena ur usain gozoz betherik,

Jesusi zankon buru gainerat ixuri ur on hartarik,

Nehor ez balu izan bezala bere ondoan bertzerik.

 

Olio beraz gero Jesusi gantzutu zaizkon bi oinak

Ur gozoari nahasiz nigar ephel ezti, garbienak;

Bere adatsa legunarekin xukhatu zituen denak;

Eta lekhua, ixil ixila, hustu zuen madalenak.

 

                              * * *

 

Etxeko jaunak, bazkaltiarrek etzakiten nola mintza,

Judas harek, ba, zuen agertu bere gogoaren beltza:

—Zilharrez banu auherretan hor ixuriaren ordaintza,

Jende beharrer baginegike ausarkiago laguntza.

 

Jesusek aldiz: —Zer othe zion lagunak hari baitzauden—

Pobreak bethi dituzketzue; ni ez nuzue ukhanen

Bainan munduak mundu dirauno, guziek dute jakinen

Emazte horrek, urrikiturik, zer egin dautan gaur hemen.

 

Emazte berak du gantzutuko Jesus ehortzi beharra,

Berak lehenik adituko du Berphiztuaren agurra...

Eta heldua da gutaraino Jaunaren hitz iraunkorra:

Madalenaren bidez dakigun urrikiaren ederra.

 

aurrekoa hurrengoa