www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

ORTZEGUN SAINDU

 

Hamahiruak bildurik zauden mahain baten inguruan,

Azken aldikotz hamahiruak Pazkotako aphairuan.

Biharko, Jesus Aingeru onek hartu dukete zeruan,

Debruek aldiz Judas ustela bereturik ifernuan.

 

Ilhuntziria. Bazterrak ixil. Jerusalemen bakea.

Labe gorriek igortzen dute bildotx errakien khea.

Juduen pesta. Juduak egun legez ahantz dezakea

Egiptoatik herrirainoko bidea zoin zen nekea?

 

Hamahiruak bildurik daude, Jesus Jainkoak badaki

Ongirik baizik ez egin eta, hitz bat ez erranik gaizki,

Gaixtaginenen heriotzerat dela gu gatik joaki,

Sarriko baitu Judas lagunak tratu egina itsuski.

 

Hamahiruak, azken aldikotz, elgarrekin afaltiar.

Apostoluek ez dakikete zer gerthatuko den bihar,

Eta lurrean, ez dutela, ez berriz ikusiko elgar:

Egun, Jainkoa daukan ogitik hamabiek dute behar.

 

                              * * *

 

Jesusek hautsi zuen ogia, othoiz egin eta erran:

har zazue hau, neure gorputza, har zazue bai eta jan;

Neure gorputza, lagun maiteak, zuentzat baitut nik eman;

Nik egin dutan hau dagizue neure orhoitzapenetan.

 

                              * * *

 

Gogoan hartu duguia behin zer den ogi ahamena?

Zonbat lan eta nek'izerdiren azkenekotz den ordaina?

Neguko xuxen bekigun belhar, hazia garbi eraina;

Udaberrian, sarha jorratze, onak hartu arte gaina.

 

Udaminean, uztailarekin, distiran ogiak zorhi;

Iguzkitarat, hor ephaileak, lur azala bezain gorri;

Espalkariak, harat hunatka, zoinek lasterrago kurri,

Uzta horia idorrik baita behar barnean ezarri.

 

Jotzeak gero, hauzoak lagun, erhauts zikhinak iretsiz;

Egun eta gau lan borthitzari, begiak doi-doia hetsiz,

Bihitegia ez da bethetzen gain behera lerran jautsiz,

Igan behar da, soinak ukhurtuz frangotan zurubi hertsiz!

 

Noiz janen dugu, haurrideekin, etxogi gozo berria,

Mamia harro, axala gogor, urhea bezain gorria?

Ai, bihiñoa hil beharko da! Eiheran du hil harria.

Bihiño horren errahuts xuriak dagi gure hazkurria!

 

                              * * *

 

Jesusek hartu zuen arnoa eta eman, ziolarik:

Hau da, lagunak, neure odola, hurrupazue huntarik,

Edan guziek, ixuri baitut zainak hustuz, agorturik,

Lurrean hanitz izan ditezin odol hunek salbaturik.

 

                              * * *

 

Harri tartean ogi bihia, lako tinkoan mahatsa

Ez da lehertzen nola eginen baita Jesusen bihotza!

Etsaien eta Judasen berri Jesusek badaki ontsa,

Eta jadanik gogoetan du heriotzearen beltza.

 

Badaki Jaunak lagun horiek egonen direlarik lo,

Bera beharko dela, bakarrik, gau ilhun hotzak dirauno,

Odol minetan, hil izerditan, jasaiten hobenak oro,

Bildotx garbia otso zikhinek dezaten gostuan eho.

 

Badaki Jaunak, diru gutitan, oi! Judas horrek saldurik,

Bere ondoko lehena daukan Petrik berak ukhaturik,

Mendia gora iganen dela, kurutzeak leherturik,

Badaki bertze heriotzerik ez dezakela igurik.

 

Horiek oro badazki eta, gaur, ezti eztia dago;

Begietarik, ezpainetarik irri on bat badario.

Galbariotik oren berriak oraikoan behar du jo,

Azken aldikotz hamabieri salbatzaile onak dio:

 

Neure gorputza jaten duenak, neure odola edaten,

Harek bizia badauka eta dohatsurik du iraunen;

Bainan ni hartu, jan edan gabe, ibiliko dena hemen,

Hura egarri gose minetan da sekulako galduren.

 

                              * * *

 

Jesus Jainkoa, guretzat hilik, gure janari bizia,

Lurretik bildu ondoan, guhauk erhaustuko den hazia.

Zuk emaguzu hilkor gaudeno, gal ez diteken ogia,

Zorionean dugun ardiets zurekilako loria.

 

aurrekoa hurrengoa