www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

AXULAI

 

Elhorri xuri baten itzalpe garbian,

Goroldiz aphainduzko harrien azpian,

Ura sortu zen behin Axulai mendian,

Hoin argirik ez baitzen Lapurdi guzian.

 

Elhorri xuriaren lilien erdian,

Argizko urak bethe ithurri hegian,

Lili bat agertu zen Axulai mendian;

Ederragorik ez da Goiko Jauregian.

 

Andre Dena Mariak beretu mendia,

Ainhoko edergailu, Axulai handia,

Gainez gain ager-azu kapera xuria;

Gure Ama onaren egoitza garbia.

 

Haurren begiek maite amaren begia,

Baitakite nun duten zeruko argia;

Axulaiko menditik, Birjina Maria,

Begira zazu bethi zure den Herria.

 

Mendekoste arratsez Ainhoko izkilak

Botzik airean dauzka baserri hurbilak;

Goizik oherat eta goizik jeik, mutilak,

Bihar gu nahi gaitik Axulako beilak.

 

                  * * *

 

Astelehen goizeko loredun kapera;

Osteka beilariak othoitzena gora;

Eskualdunekin nahas hiritar sobera,

Nago zer derasaten ahotik ahora.

 

Frantximent hoiek egun egin itzulia:

Nun zuten ikusiko zerbait komedia;

Holakoen kapera: (xuhur da mendia)

Opoka, Buxeria eta Ponpelia!

 

Beila hori nik ere askotan dut egin

Ez behar bezalako khar sainduarekin;

Lagunak eta nihaur xori-buru arin...

Amari huts eginik orai dut bihotz-min.

 

                  * * *

 

Axulaiko Andere, Birjina Maria,

Ahantz, othoi, lehengo ene haurkeria.

Bihotzez diot egun, Artizar garbia:

Zu ganat bida-zazu Eskual-gazteria!

 

aurrekoa hurrengoa