www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

AROTZAREN KANTUAK

 

                Airea: Amikuzeko Gilen

 

Elizatik «Anjelus» heldu zautanean,

Kartsuki zeinaturik hasten naiz lanean

        Omor'onean...

Goizetik arratserat koplak ezpainean.

 

Athor-has gerriraino, mailu bat eskuan,

Burdina dut bihurtzen gorriturik suan,

        Behar moduan!...

Ni bezain dohatsurik ez da bat munduan.

 

Igandetan xoilki naiz etxetik lerratzen,

Astelehen goizeko lanari paratzen,

        Han amarratzen!...

Familia nasaiki hola dut arthatzen.

 

Ingudia jotzean ez nago bakarra:

Ondoan kantuz ari zaut suaren garra,

        Dantzan pindarra!...

Hala nola zeruan ihesdun izarra.

 

Gogotik zerbitzatzen dut lur-langilea,

Eder zaut egoitea haren aixkidea,

        Lagun maitea,

Elgar lothurik igan dezagun bidea!...

 

Haintzurrari nik dakot leguntzen kokotza,

Nik ere dut moldatzen goldearen hortza,

        Ontsa zorrotza,

Barnatik ausik dezan ildoan lur hotza.

 

Nahiz ukaiten dutan maiz bisaia beltza,

Eta larrua badut eskuetan latza,

        Ez da zer gaitza!...

Nor nahik bezain garbi baitaukat bihotza.

 

Izerdia jauts bedi turrustan besotik,

Bardin airos doazi kantuak ahotik,

        «Panpen» ondotik!

Jozak, nere mailua, jozak hor gogotik.

 

Eskerrak Jinkoari bihurtzeko, jozak;

Ingudiaren boza zerurat igor zak,

        Urrun zabal zak!

Izkila baten gisa pentzez gain heda zak.

 

                    * * *

 

Lur sainduan nahi dut azken lokartzea,

Eta moldatu dutan burdin kurutzea

        Han finkatzea!

... Horrekin segur bainaiz zeruan sartzea!

 

Eskualduna, 1911ko urriaren 27an

 

        Geroztik bertze molde batean antolatu ditu «Arotzaren Kantuak» Oxobi zenak.

 

 

Elizatik Anjelus heldu zautanean,

Kartsuki zeinaturik hasten naiz lanean,

        Omor'onean!...

Goizetik arratserat koplak ezpainean.

 

Athor-has gerriraino, mailu bat eskuan,

Burdina dut biurtzen gorriturik suan,

        Behar moduan!...

Ni bezain dohatsurik ez da bat munduan.

 

Aroztegia beha ez denez ederra:

Ondoan kantuz ari zaut suaren garra,

        Dantzan pindarra,

Hala nola zeruan iheskar'izarra...

 

Igandetan xoilki naiz plazarat agertzen,

Berriz aste guziko su-lanari lotzen,

        Ongi lehertzen!...

Nere zazpi haurñoez holaxet orhoitzen.

 

Gogotik zerbitzatzen dut lur-langilea:

Saristatzen badaki tresnen egilea...

        Adixkidea,

Elgar lagunduz igan dezagun bidea!

 

Nere suan nik dakot moldatzen aintzurra,

Nihaurk arthatzen ere —nola den beharra—

        Golde nabarra,

Ildoan ausik dezan mamiraino lurra.

 

Ikusten badautate maiz bisaia beltza,

Eskuetan larrua badut ere latza,

        Ez da zer gaitza!...

Nor nahik bezain garbi daukat nik bihotza!

 

Izerdia jauts bedi turrustan besotik,

Neurtitzak badoatzi halaber ahotik,

        Pan-pen ondotik!...

Jozak, ene mailua, jozak hor gogotik!!

 

Alferrak higiaraz ditzan hire bozak,

Ingudiaren deia pentzez gain heda zak,

        Urrun zabal zak!

Eskerrak Jinkoari bihurtzeko jozak!!

 

Hil eta lur saindurat nute botatuko,

Burdin-kurutzeño bat dute moldatuko,

        Han finkatuko...

Lagun hori baizik ez da behar zeruko.

 

aurrekoa hurrengoa