www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

KANTAZAK, OTTIA!

 

                Airea: Oilarra kukuruka

 

Bazterretan ilhuna delarik hedatzen,

Etxeko supazterra denean argitzen,

Hantxe bere kantuer ottia da lotzen,

Soseguz dituela jendeak bethetzen...

 

—Oi kantazak, ottia, supazter xokoan!

Atsegin zer bat dautak emaiten gogoan;

asko dabiltzalarik ihesi kanpoan,

etxeko seme hago sugaien ondoan!

 

... Idiek deramate herrestan goldea,

Haziarentzat xuxen idekiz bidea;

Egun oroz han dute, han, adixdidea:

Ottia kantuz ari lurrean gordea...

 

Alhor-xiloetarik kantazak, ottia!

Hirira nahi bada joan laboraria;

Nigarretan eginez kopla bat eztia,

Zer litaken errakok lurraren zauria...

 

... Nola Kalifornian artzain eskualdunak,

Halaber Argentinan lexero lagunak

Iragaiten ditu ba gostuan egunak

Entzunez ottiaren kantu bihotzdunak.

 

—Kantazak horgo mendi, bortu ta pentzetan;

Herriaz Eskualdunen mintzo haizenetan,

Sor-etxea diotek lotzen gogoetan,

Burhasoen orhoitza pizten bihotzetan!

 

Hots, ottia, kantazak, ez dadila ixil,

Hitarik dugun ikas nola guhaur ibil!

Ez gelditurik ere sor xokoer hurbil,

Harat behar deneko gaiten guziak bil!

 

Eskualduna, 1911ko buruilaren lehenean

 

aurrekoa hurrengoa