www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

LABORARIA! LABORARIA!

 

Laboraria! Laboraria!

    hiriak zauzkik ederrak?

Ederrik nehon deus ez duk nola

    gure herriko bazterrak,

Nola usain on gozoenekin

    lorez estali belharrak.

Behazak bada zerbeit lezaken

    hiriko jaunen indarrak,

Langilerik ez izanez alfer

    gelditzen balire lurrak!!

 

Ekhi beroak gorritzen duen

    ura mahats golkoetan

Behar diagu edan odolik

    atxikitzekotz zainetan;

Et'agorrilaz urhe distiran

    den ogia zelhaietan,

guretzat bildu behar duk xeha

    dezaukuten eiharetan,

Mahats ogirik ez baita sortzen

    hiriko jauregietan.

 

Urthe bakhar bat laboraria

    geldi baledi lanetik,

Asun beltz, othe, laphar, horra zer

    jaio litaken lurretik!

Orduan orro gaitzak lituzkek

    entzun hirien barnetik...

Erhoturikan, hilak iduri

    heldu hobien zolatik,

Jan lezakeie batak bertzea

    jendek gosearen gatik.

 

Errainzkik beraz, laboraria,

    hire lurrak artharekin.

Pentzetan egin lanak ez dauk, ez,

    bihotzean emanen min.

Hor xutik ago, zeruari so,

    besoz azkar, gogoz arin;

Ongarria're hedazak nasai;

    beldur ez har phildak zikin.

Xapeldun hoien hazkurri dena

    duk ongarritik behar jin!

 

Eskual-herrian primadera bai

    bethi jinen duk ederra!

Burzoraturik hiri-alderat

    ez hadila othoi lerra.

Mendi gorenen maldetan soizak

    nola bizi den epherra,

Hea baratze loren gainean

    erlea dagon alferra!

Laboraria! Utz hiritarrer

    guretzat daukaten herra!

 

 

Bainan ondoan oraino berriz ontu zituen Oxobik eta xuxendu lehenagoko hamar bertsuak. Hemen doatzila irakurlek ikus dezaten nola berritzen zituen bere neurthitz xaharrak.

 

 

Eskual-herriko jaun gazte batek

    laguntza bat daut galdatu,

Edozoin moldez nonbait hirian

    nahi delakotz plazatu,

Etxean omen akhiturikan

    aski duela pairatu.

Arrapostutzat bertsuño batzu

    horri baitazkot moldatu,

Bertze zonbaiti, oren berean,

    nahi nintuzke kantatu.

 

Udaberriak eder heldu tuk

    eskualdun herrietara:

Oihan-mendiak, zelhai bazterrak

    zoin xoragarri bixtara!

Liliak irriz, xoriak kantuz,

    esker bihurtzen zerura...

Beraz, Piarrex laboraria,

    zer zaik hiri jin burura?

Eskualdun haurra, ez zaika jausten

    nigarra begietara?

 

Dudarik gabe noizbait entzuk duk

    hiritar lagun gaixtoa.

Irri aditu faltsu batekin

    erran dauk: «Gaixo tontoa,

Zertako bada lurrari buruz

    ar izerditan ithoa?

Hortik aberats sinestekotzat

    behar dik izan zozoa.

Haugi gurekin, hirian dukek

    hiretzat bizi gozoa!»

 

Urgulu zoroz ez ahal dituk

    hire aitamak utziko?

Zahartuz geroz, hi gabe, haurra,

    nola dituk ba biziko?

Ihesi joanez hire aitari

    bihotza diok hautsiko.

Hik hil-arazi burhaso onak

    auzo batek ehortziko.

Zer bihotz-mina seme batentzat

    eternitate guziko.

 

Ez othoi sinets hirian xoilki

    direla gauza ederrak!

Ez duk deus ere ederragorik

    nola sort-herri bazterrak,

Beren usain on gozoekilan

    lorez estali zelhaiak...

Beha zak bada zer lezakeien

    hiritarxkilen indarrak,

Langile faltan alfer eta lo

    gelditzen balire lurrak?

 

Iguzki-suak ontu jus hura

    mahats pikor molkoetan,

Behar diagu ardura edan

    odolik izaitekotan.

Berdin udetan, urhe distiran

    den ogia zelhaietan

Hik guretako bildu behar duk

    xeha dezaten errotan...

Mahats-ogirik ez duk ez sortzen

    hiriko jauregietan.

 

Urthe bakhar bat eogn baledi

    laboraria lanetik,

Asunez kanpo, lapharrez kanpo,

    zer bil litake lurretik?

Orro handiak entzun litazkek

    hiri-murruen barnetik,

Erhoturikan, hilak iduri,

    heldu hobien zolatik:

Batak bertzea jan lezakeie

    jendek gosearen gatik.

 

Erainzkik, beraz, laboraria,

    hire lurrak artharekin:

Alhorretako lanak ez derauk

    bihotzean emanen min.

Bai, xutik ago, zeruari so,

    besoz azkar, gogoz arin:

Emak lanari, emak airoski:

    beldur ez har phildak zikin.

Jaun-andrexkilen janhari hauta

    duk ongarritik behar jin!

 

Eskual-herrian uda berria

    bethi jinen duk ederra:

Burzoroaldi itsu batean

    hirirat othoi ez lerra...

Soizak mendiko belharretarik

    nola bizi den epherra...

Soizak phentzeko loren gainean

    erlea dagon alferra...

Othoi, Piarrex, ez utz ariman

    sartzerat lurraren herra.

 

Azken oihua, zeruko Jauna,

    zuri derautzut egiten,

Amentzat haurren amodioa

    zuk duzulakotz emaiten.

Eskualdun seme, lur-langileak

    bethi xuxen ibil diten;

Bai, beren ama, zuk eman lurra

    bihotzez maitha dezaten,

Hola eginez ez ahanzteko

    zeru hortarat igaiten.

 

aurrekoa hurrengoa