www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

PIARREX LABORARIA

 

                Airea: Lurraren pean sar nindaiteke.

 

Eskual Herriko jaun gazte batek

    laguntza bat daut galdatu,

nunbeit edozoin hiritan nahi

    delakotz plazatu,

etxean akitasun gaxtorik

    aski duela pairatu...

Arrapostutzat bertsuño batzu

    horri baitazkot moldatu,

bertze zenbeiti, oren berean,

    nahi ninduzke kantatu.

 

Primaderak eder heldu dituk

    eskualdun herrietara:

oihan, mendi, zelai bazterrak

    oro xoragarri bixtara;

liliek irriz, xoriek kantuz

    eskerrak bihurtzen zerura...

Beraz Piarrex laboraria,

    zer zauk hiri jin burura,

eskualdun haurra, nola zauk jausten

    nigarra begietara?

 

Dudarik gabe noizpeit entzun duk

    hiritar lagun gaixtoa:

irri faltsu batekin erran dauk

    harrek: «muthiko tontoa,

zertako lurrarekin borrokan

    har izerditan ithoa?...

lurretik aberats sinesteko

    behar dik izan zozoa,

haugi gurekin, hirian dukek

    hiretzat bizi gozoa».

 

Urguluntzi baten gatik aitamak

    ez ahal tuk utziko!

Zahartuz geroz, hi gabe Piarrex

    nola dira biziko?

Etxetik urrunduz ihesi bihotza

    diotek hautsiko!

—Hik hilarazi burhasoak

    auzoak ditik ehortziko...

Zer bihotz mina seme batentzat

    eternitate guziko!

 

Etzakala sinets hirietan

    direla gauza ederrak;

ez deus ederragorik ez duk

    nola sort herriko bazterrak,

nola beren usain gozoekin

    lorez estali beharrak...

Behazak bada zer lezaken

    hiriko jaunxikilen indarrak

langilerik ez izanez alfer

    gelditzen balire lurrak!

 

Iguzkiak erakitzen duen

    jusa mahats golkoetan

behar diagu maiz edan

    ukaitekotz odolik zainetan;

Agorrilan, urhe disdiran

    dagon ogia zelaietan

guretzat hik bildu behar duk

    xeha dezaten eiharetan...

mahats ogirik ez duk ez sortzen

    hiriko jauregietan!

 

Urthe bakar bat laboraria

    geldi baledi lanetik,

asun laphar gaixtoak kanpo

    zer altxa litake lurretik?

—Orro gaitzak orduan entzun

    litazkek hirien barnetik...

Erhoturikan, hilak iduri

    heldu hobien zolatik,

batak bertzea jan lezakeie

    jendek gosearen gatik!!

 

Errainzkik beraz, laboraria,

    hire lurrak artharekin,

alhorretan egin lanak ez dauk

    bihotzean emanen min.

Xutik ago, zeruari so,

    besoez azkar, gogoz arin,

ongarria hedazak airoski,

    beldur ez har phildak zikin,

hiriko jaun andren janaria

    duk ongarritik behar jin.

 

Eskual Herrian primadera bai

    bethi jinen duk ederra,

buru zoro kolpe batean,

    hirirat ez hadila lerra...

Mendiaren hegaletan, soizak

    nola bizi den epherra,

soizak phentzeko loren gainean

    erlea dagon alferra;

Othoi, Piarrex, ez utz ariman

    sartzerat lurraren herra.

 

Eta orai, zeruko Jaun ona,

    zuri dautzut galdegiten

—Amentzat haurren amodioa

    zuk duzulakotz egiten—

eskualdun seme, lur langileak

    bethi xuxen ibil diten,

beren ama, zuk eman lurra,

    bihotzez maite dezaten,

hola eginez ez ahanzteko

    zeru hortarat igaiten...!!

 

aurrekoa hurrengoa