www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

«ESKUALTZALE» BATI

 

                Airea: Ai, ai, ai, mutilla...

 

Eskualdun batek agur eskualtzale bati.

Aiphatu nahi dazkot bospasei hitz ezti.

Samurtzen bazaut ere dut axola guti...

        Ai, ei, ai mutila, dut axola guti!

 

Debrua ethorri zen behin Baionara,

Laster ikasi nahiz dakigun eskuara,

Lasterrago joan baitzen berriz ifernura...

 

Zuk naski debruari nagusitzekotan,

Lasterka bazabiltza bas-herri askotan,

Zure ustez eskuara mintzatuz nunbeit han!

 

Asto batek norbaiti jan zion bizarra,

Astokerian ustez eta zen belharra:

Ez duzu zuk eginen holako lan tzarra!

 

Bainan edozoin baita hutsean gerthatzen,

—den zaldi hoberena da noizpeit lerratzen—

Zenbeit kontseilu merke dauzkitzut eskaintzen!

 

                        * * *

 

Galdatu-ta bidea eskuin den al'ezker,

Onts'ikasiak baitu erraiten mil'esker,

Othoi guardi'emazu ez aipha «bil uzker!»

 

Frangor murde zaiote jaun bezain ederra;

Bainan zuk ikustean gizon bat zaharra,

Ez oihu egin gero: «Agur, urde tzarra!»

 

Has litake gizona: «Baia, debru Pelo!»

(eta hantxe berean emanik bi talo)

«Hail, hoiekin egin-zak afari eta lo!»

 

Atzo jina zirela niri erran nahiz,

Erraiten badautazu «atso ethorri niz»

Nola nahuzu bada ez nadin has irriz?

 

                        * * *

 

Elgar egite duten holako zonbat hitz!

Ikasten ez baitira eginez halabiz.

Hozturik badauzkate kasko bero hainitz.

 

Jauna, balinbaduzu sinesterik nitan,

Eskualdunen eskuara jakitekotz plantan,

Artzain jarriko zira lau-bortz urthe Bankan.

 

Frantses horrek baditu Bankarrak lotsatzen,

Bankarrek badakite eskuaraz mintzatzen:

Heiekin egoitea derautzut eskaintzen.

 

Bankan ez badukezu irakas Eskuara,

Bertze nehun ez duzu sarturen burura...

Debruaren ondotik joan zitela fuera!

 

aurrekoa hurrengoa