www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

OTSO BAT ARTZAIN

 

Lehenago baziren otsoak:

Otso lau zangotakoak;

Jaten zituzten arthaldekoak:

Ardi eta bildots maltsoak.

 

Bainan ernerik zauden artzainak,

Begiztatuz mendi gainak;

Eta zakurrek, agertuz hainak,

Bere zituzten oihanak.

 

            * * *

 

Ardiak, mendi mazelan,

Belhar onez ase;

Bere harpe zilo zolan,

Otso tzarra gose.

Ai, abreak balu

Buruan kapelu,

Soinean soineko,

Makila eskuko,

Balakike gero

—Sabela badu hotz

Gogoa du bero—

Nola har bere gain

Ardi, marro, bildots,

Zuzen ala makur,

Abar eta egur,

Tupin eta zartain;

Eta nola molda

Saltsarekin salda:

Tupinean tripaki,

Zartainean erraki!

 

Eta futxo! nunbeitik,

Zeren gostuz ez dakit,

Soineko, buruko,

Makila eskuko,

Otsoak oro bildu!

Horra nun den hurbildu...

 

Hiru, lau, bortz artzain!

Otsoa dena zain;

Bortz, sei, zazpi zakur!

Otsoa da barur;

Ardiak maltso,

Otsoa otso!

 

Makilari bermaturik,

Artzain gisa xutiturik,

Hor dago: tente potente,

Basagaitz'ko jaun alkate!

 

Bainan ardiak nola bil?

Ez hola egonez ixil.

    Hixtuz ez jakin,

    Elherik ezin,

    Gose min,

    Zer egin?

Igortzen du marruma bat,

Ihurtzuria bezenbat!!

 

Hiru, lau, bortz artzain!

Otsoa dena zain;

Bortz, sei, zazpi zakur!

Otsoa hor barur;

Medor te, Labri te, Blak te?

Otsoa: tente potente!

 

Zazpi horek, bortz artzainek,

Zoin gehiagoka denek,

Ausik, urra eta jo!

Abrea zuten eho!!

 

Orai ez badabiltz otsoak:

Otso bi zangotakoak.

Eta dire lagunak, maltsoak,

Itxuraz, gutartekoak...

 

Gauden gu erne, bethi gure gain,

Ez baita behar otsorik artzain!

 

aurrekoa hurrengoa