www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

EGUERRI

 

Gizona bazihoan, urhatsa luzatuz,

Asto bat zarraikola, maiz behaztopatuz;

Astoaren gainean, jarria gurbilduz,

Amatzera zoaken emazte bat gertuz.

 

Hiritik jali ziren: hirian ezpaitzen

Eskale beharrari atherik zabaltzen;

Ostatu, jauretxetan ez da nehor sartzen,

Ez badu norbeit dela dirutik agertzen.

 

Gizonak hunki gabe ama den birjina

Eta Nazareteko Josepe zurgina

Badabiltza dateken —orena da jina—

Atherbe zerbeit, sortu beharraren dina.

 

                    * * *

 

Borda zahar batean Jesus haurra datza,

Sehaskatzat duela othelako latza;

Bizitei beltzik bada, hura zela beltza!

Miletan hobea da zuen ezkaratza.

 

Ihaurgi poxirik ez; lurrean arkhina

Mutziaren alhagi dena bat egina;

Armiarmu sareek badaukate gaina;

Arteketarik hixtuz iphar aize mina.

 

Etzanik ere daude hiriko barnetan;

Urdailaren betheaz lo pisu zurrungan;

Gogamenik balute beren ametsetan,

Gaur sortuaz bertzerik lukete gogoan.

 

Ortzaldea dena den bepetan edertu;

Berria dirudien izar bat agertu,

Badarion argiak mendia du hartu;

Artzainak beldurrekin dira iratzartu.

 

Aingeruak argitan xuri badabiltza,

Adiaraziz oror Jinkoaren hitza;

Harrituak, artzainak ez ditazke mintza;

Ontsa dakite zer den zeruko agintza!

 

—Artzainak, zatozte ba peko bordaraino;

Berri handia nehork ez daki oraino;

Zori hobea zuek hiritarrek baino;

Zatozte ikusterat gure Jauna haurño!—

 

Menturaren menturan, zerbait nahiz jakin,

So eman gabe diren garbi ala zikin,

Artzainek gain behera dute laster egin.

Orai lorian dira mintzo Jesusekin.

 

Haurra baithan gaizoek zutenetz sinhetsi,

Ikhasirik lurrerat zertako zen jautsi?

Eta berek zer zuten behar ardietsi?

Nola zuketen Jesus gau hartan goretsi!

 

                    * * *

 

Urthe muga dugu gaur. Orai balukea,

Kanpotik ikusi ta su onaren khea,

Sortu beharrarentzat amak atherbea?

Nola har ginezake Josepen galdea?

 

Urthe muga gaur dugu. Gau hartan bezala,

Ostatuetan bada jende kokahala.

Bordaska tzar batean Jesus sortu zela?

Urdaila bethez geroz, hordien axola!

 

Jesus, anai garbia, gu bethi hobendun;

Barkha zaguzu, othoi, zaude gure lagun!

Aingeruen oihua nahi dugu entzun,

Zuk hitzeman bakea gugana dezagun!

 

aurrekoa hurrengoa