www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

GUDUA BERE

 

Arimathiar batek, Josep baitzarizan

Ehortzi zuen hila bere baratzean.

 

Ohakorik, etxerik, hil oihalik gabe,

Sortu, gizon agertu eta zendu zena,

Horra beraz nun duten, hobi baten jabe,

Harri pean gordea, lothurik etzana.

 

Hobia berria zen, harrokan egina;

Etzen hortan oraino ehortzirik nehor,

Arkaitz batek hetsia zaukan athe gaina;

Jesus, behin bederen, pausatuko da hor.

 

Pharisauak jin ziren, biharamuneko,

Harmadunak beharrez, hobia zaintzeko.

 

Pilatusi zioten: orhoitu zirela

Lilluratzale harek nola zuen erran

Bizia galdu eta, ber bera gai zela

Hiletarik pizteko heren egunean.

 

Baitezpada behar zen, gau eta goiz arrats,

Hurbildanikan zaindu hobiko sargia,

Gorputza gezurtiek etzezaten ebats

Eta heda piztua zelako berria.

 

Horra hor soldadoen andana jarria

Hobiaren inguru. Hau da balentria!

 

Igandean goiz goizik, oro baino lehen,

Maria Madalena hobiraino jin zen.

 

Madalenen ondotik, beldur bainan erne,

Jakesen ama, eta Maria Salome

Agertu ziren hurbil... Zer eginen dute?

Hilaren gantzutzeko, nundik sar ditazke?

 

Aintzinago doazi... Zer izialdura?

Aldaratua zuten harri pisu hura.

Hobitik eskuin nor da?... Ximisten itxura...

Elhurra bezain xuri duela jaunzkura?

 

Jaunaren aingerua —bertzerik ezpaitzen

Emazte lotsatuer mintzatu zankoten:

Jesus Nazaretharra duzue bilhatzen?

Ez izi, piztua da: lekuko niz hemen.

 

Nun dira gezurtiak, nun hil ebasleak?

Hobiak barna dauzka gaixtoen xedeak;

Argitarat egin du Jesusen elheak,

Guretzat argi daude Zeruko bideak.

 

...............................................

 

Nun hindabilan, beltzik, errak, herioa?

Oraikoan galdu duk hire jabegoa;

Hire lagunen ustez bethikotzat joa

Berpiztua zabilak, bizi dik gogoa.

 

Inguma goxo dea, zer dio, Pilatus?

Pharisauek ez ditek arrangurarik deus?

Zauriak agerian, hor bazoak Jesus

Tomas buru gogorrak ontsa ditzan ikhus.

 

...............................................

 

Berak erran bezala, hilik piztu zena

        Dezagun sinhets,

Hitzemana derauku bere zoriona:

        Dugun ardiets.

 

aurrekoa hurrengoa