www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

OIHARZUNAK MENDIAN ZER DION

 

                Airea: Sor lekua utziz geroz

 

Bizia niri baitzautan

      ezin jasanezko zama,

Auhen-minez betherik dut

      erran: «Zer egin? Zer asma?

Jinko Jaun zuzenik othe da?

      Mundu hau zerek derama?»

... Oiharzunak erreka zolan

      ihardetsi deraut: «ama!»

 

«Ama!» zion oiharzunak

      hegaldatuz inguruan—

Ezti zitzauzkitan minak

      zintudalarik munduan.

Orai nun zaude jakiteko

      nigarrez hemen zer dudan?

... Oiharzunak aldiz airoski

      dio: «zeruan, zeruan!»

 

Ama! zeruan bazaude,

      Jaunak zaitu hor emana.

Ez bazitazke jauts hortik

      zure semearen gana,

Igor dezadazu bederen

      gizonen zain dabilana...

... Oiharzunaren oihua zen

      orotarik: «lana, lana!»

 

Zeruko Jinkoa, zer dut

      hoi behar nere minekin?

Badut aski pairaturik

      hemengo biziarekin!

Lan horrek nu eta xahutzen

      bere dohain tzarrenekin...

... Oiharzunak bortuan gora

      zion: «Enekin, enekin!»

 

Zurekin? oi eskuz esku?

      zatozkit ba laster, Jauna!

Zorigaitzak jo dituen

      gizon flakoen laguna...

Zer! Orai zu zaitut entzuten

      aditzean oiharzuna,

Haizearekin bazterretan

      diolarik: «Huna, huna!»

 

              * * *

 

Urrun etzatera zoan

      odoletan iguzkia,

Osoki garra galdurik,

      goizdanik baitzen jeikia!

Eta nik jakin dut orduan

      lur huntan zer den egia:

Behar dugula noizpeit orok

      nigarrez busti begia!

 

Bainan iguzkia nola

      bethi berriz pizten baita,

Gu berma gaiten othoiztuz

      zeruetan dugun Aita.

Hots, auhen-minetan dezagun

      bihotz-bihotzetik kanta:

Garraituren dugu segurki

      zorigaitzaren zaparta!

 

              * * *

 

Lehen izarrek argitzen

      zuten zeru-gain urdina,

Nik igorri dutanean

      eskualdunen irrintzina,

Haren hegalekin bortuan

      aira zadin ene mina...

... Arrats hartan zenbat goxo zen

      oiharzun airos arina!

 

Eskualduna, 1911ko buruhilaren 8an

 

aurrekoa hurrengoa