www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. Josť Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

GUZMAN ONARI

 

                Quintana jaunak erderaz egiña

 

Lira gozozko soñu ta kantuz badot jasoa

Edertasuna, alaba galant zeru goikoa,

Oraiñ gauza bat, baña barria dot jaso gura,

Egan egiñik Famak goietan daukan tenplura;

Berak deitzen deust, berak bular au ixioketan,

Satsa besterik agiri ez dan soru onetan,

Jatazalako oso nekatu emen begiak,

Topau ezinda kantagarritzat gei egokiak.

Zer ete da zer, zeren gañean kantau bearra?

Pirineoko mendietako gure nagarra?

Mabortek baten au emon euskun ordu zantarra?

Edo igesi egin ebala beiñ billdurturik,

Gure eskuadrak bretañatarrak ikaraturik,

Jakozalako oneek murruztu su ta garturik?

Ez dira oneek ene España, jaioterria,

Ez da betiko ordu txar areen gomutgarria,

Estaldu daizun baltzez arpegi orren argia.

Best egun batzuk kantauko dodaz askok obeak,

Noz azpiratu zenduzan etsai aiñ errimeak,

Ereñotzakaz lagunduteko zu koronetan,

Zergaitik jaio ez ete nintzan egun areetan?

 

Orduan ziran Alfonso gerran adoretsua,

Jimena eta Errodrigoren seme errutsua,

Mauruentzako nortzuk zirean bi oñastarri,

Zerren trisketan zituelako nun nai ugari;

Nok kontau daikez euren garaitzen gloria andiak

Zeinbat zelaitza, ainbat mendiska gorriz jantzia

Izan baziran baten etsaiak oiñperatuak,

Euren odolaz gero etziran loibagetuak

Zenbat lekutan egiten eben azarkeria,

Ainbat tokitan artzen ebela duiñ zan saria

Josirik bertan izentxoren bat barribarria?

 

Agaitik egin ots eban baten Arabiarrak,

Erdue arin, arren Agarren seme azkarrak;

Guk lotu geuntzen buztarritzarra bota gurean,

Or nun dabiltzan buztarpetuak alegiñean;

Edan giñaike euren burla ta barre algara?

Ez deabrua, ontziak artu, goazen gerrara,

Europa eten Libiaz egin eban lekua,

Salbau dagigun, naiz da burrukan itxi narrua,

Gure gorroto, iguiña eta kastigu miñak,

Ezpañarentzat izate ez arren leun atsegiñak,

Jota ebagi, aurrera, aurrera, ea mutillak!

Artu Tarifa, eta artu Kalpe, geugandu biak,

Edo kiskaldu, erre ta austu, alako uriak.

 

Zorionean, Julian etzan gordelaria,

Edo Tarifa zaintzen egoan agintaria,

Ondraz, adorez, baita biotzez askoz obeak,

Lotzen ebazan bere giltzakaz ango ateak;

Ondra, adore ta bioztsuak batzen badira,

Nor sartuko da orreek gogortzen diran errira?

Birtute oneek zaintzen dabezan torre-muruak,

Iñoz ez dira saldukeriaz eskuratuak,

Orrexegaitik zure izena ez da aztua,

Numanciatar Tarifa uri dontsu, santua,

Antxiña bere birrinduteko erromatarrak,

Euren arrano, euren itxaso, euren indarrak,

Zeñek zinduzan zeure iraupen sendoak baño,

Egiñ libre ta bildurgarria izateraño.

 

Jagola dozu gero beste bein Guzman azkarra,

Eragozteko zugana sartzen mauru zakarra,

Zugandik artu eban jipoi ta tunda garratza,

Etxakolako izan uste duiñ gozo apatza,

Bere garrasi, bere deadar, bere uluak,

Zirealako andiakazko eta arruak,

Diño sututa entzun dagian areriuak:

«Gizontxo batek ete nau gaur ni atzeratuko?

Uste nebana ez ete dot nik eskuratuko?».

«Entzun nai badok Guzman, zelan nik dodan mendean

Ire seme bat ill daikedana nai dodanean,

Alanbearrak eustalako au emon eskura,

Eta aterik zabaldu laster ezpadok gura,

Berau ill arren, urrean iri ez deusk ardura,

Bada kenduten oni bajeutsat gaur bizitzea,

Eu izango az emonikoa eriotzea».

 

Andikeriaz gaiztakeriak itz egin eban,

Bakezaleak zeñek ipiñi zituzan gerran,

Baña alperrik mintzatu egiñ an zan orrelan;

An birtutea, an bereala, an zan atera,

Mauru maltsiñen arrokeria lotsatutera;

Birtutez Guzman an argitu zan, an zan bizkortu,

An etsaiari ezin obeto jakon autortu:

«Baldin ezpadok ezpatarik or naikoa danik,

Nire semea itxi dagia bizi bagarik,

Plazea largau baño lenago or dok neurea,

Botaten deuat zatitu daia ene semea,

Ene erriaren altaran ori illten ikusi,

Naiago juat jartea baño ni neu itxusi».

 

Larrituten da kanpo guztia zotin eginda,

Zer jazoten zan illtekoagaz asmau ezinda,

Nogan galtzairu punta gogorra zala estaldu,

Entzun orduko Kalpek damua eban azaldu.

Lausotzen jakoz gerrariari begi sutsuak,

Bere arpegi zurbilla busti malko beruak;

Azkortu zaite baña naibage askodun aita,

Zeure Españak zaituzalako ainbeste maita,

Bialduten dau Fama tronpeta zolienagaz,

Arritu dedin mundu guztia Guzman zaillagaz;

Eguzkiaren jagi lekutik sartu tokira,

Legetxe egan Ipartokitik Eguerdira,

Doa zarataz: beste Guzmanik iñon ez dala,

Onen mallara sekula iñor igo etzala,

Leialtadeak bere altzoan goian daukala;

Ulu eskergau maomatarrak antzundakoan,

Arin arinka igex ux eban egin beiñgoan,

Arerioa beban legetxe orpo ondoan,

Ur zabaletan tximista legez ugar doiala:

«Goazen emendik (diño) ondartza geureetara,

Arranoai artu dabena erpe artean,

Nungo otsoak kendu leikeo egan aidean,

Odeiez gora nai nundik zabal dabillenean?».

Ikaraturik euren zetroa badoa beera,

Euren tronua eroan eban euren lurrera,

Eta godoak zelan erautsen sendo gerraka,

Afrikan zear mauru kikillak doaz karraka.

 

Musulman dongak orretaraxe doaz emetik,

Biraoz, etsita gure gerrari zaillen aurretik,

Zitala utsik zelan isurten eutsen aoak,

Nai nok esango eban zirala deabruskoak.

Uste al eben gure legoia buztarripean

Erabiltea nai eben gisan euren menpean?

Alperrik onek eratxo baten iraun ixillik,

Begoan legez otzandu eta umill umillik,

Alako baten zardentuten dau bere burua,

Erakusteko erregetzako zala jaiua;

Bere mendean dagozan legez mendi basoak,

Ikaraz erri auzoko eta urriñekoak,

Agaitik lotu daian baño len iñok iñola

Dabela emongo biziaz naste bere odola;

Ta iraun daian libre lokabe beti Españak,

Zoli dagola zatituteko arrotzen mañak.

 

aurrekoa hurrengoa