www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. Josť Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

BIZI DA AMA EUSKERA

 

                Saritua izan zan 1880an Mauleonen

 

Iru gaubela Amari egiñaz

Neguan arbolapian,

Neure begiak ilortu ezinda

Bere buruko zapian;

Jaunak ez baleust gorde bizia

Ainbeste miñen erdian,

Bakezko lotan arimiai ta

Gorputza neukan obian.

 

Eguzki ederrak ikuste ez arren

Negargarri au lurrian,

Odei illun bat ipini eban

Arpegiaren aurrian;

Baltzez jantzirik agertu oi zan

Damuz goixian goixian,

Gorde illargia. lotsaz izarrak

Gabaz azaltzen etziran.

 

Ni gisajo au, Amari munka

Bekoki ta begietan,

Sur, ezpan, okotz matralla biai,

Esku eta oñ otzetan,

Erdeldun askok ikusi arren

Estura samin orretan,

Ezer ez utsa bazan legetxe

Aurrera euren bidietan.

 

Irugarrengo gau erdirako

Eztarri an sarratu zan.

Begiak agor, pultsuak geldi.

Ozta-ozta bizi nintzan;

Gizon argitsu bizi eder bat

Nun dakustan zeruetan,

Zuriz jantzita odei gain baten

Lauburuagaz eskuetan.

 

Ule luze ta bizar urdiñez

Agura itzaltsu bat zan,

Odei gañian puzkatzen geldi

Ikusi neian egon zan;

Asi zanian baña beruntza

Ez dakit nola ez zelan,

Oñaztarri bat baño lenago

Jausten jat albuan bertan.

 

Justuri batek alako otsik

Ez dau iñoz atera,

Mendiak dar-dar, itzak lokaka

Euskel-erria ikara,

Arri bat legez ni otz ta gogor

Iya zentzun asko baga,

Otso gozo batek bertati diñost

Jaunak gorde zagitzala.

 

Bakia zugaz, baita anaiakaz

Natortzu iragartera,

Tubal aita naz, zerutik nator

Amatxo osatutera,

Atsegin eta pozez beterik

Zerutar danak batera,

Kantetan dabe: izketa artian

Garbiena da euskera.

 

Omen artian baña nituzan

Entzun nik zure negarrak,

Aitu nituzan zerurañoko

Zure dei eta deadarrak;

Beian itxirik illargia ta

Eguzkia zein izarrak,

Oraindik gora igoten eben

Amodio orren sugarrak.

 

Baña nasaitu, atseden zaite,

Seme maite, ez da ill, Ama,

Ume gaiztuen atsekabiak

Geixotu dabe orrela;

Orain guztiak negar dabe egin

Ezaguturik okerra,

Ill dalakuan beti betiko,

Euskera Ama laztana.

 

Negar dabe egin Bizkaiak eta

Araba ta Gipuzkoak,

Negar dabe egin Naparrak eta

Euskeldun Frantziakuak;

Oraiñ arteko uts egitiak

Daukazuez parkatuak,

Baldin bazare aurrera izaten

Anaiok alkar artuak.

 

Auxe esanda, putz egin eutsan

Ama geixuari aotik,

Eta bertati gazte bat legez

Oñen gañera zan zutik;

Eta dirautsa: Ama jatsi naz

Zeruetatik zugaitik,

Seme leial au ill zinñala ta

Neukalako otsez lurretik.

 

Biziko zara baña zu emen.

Munduak dirauan arte,

Lur onetara etorri ziñan

Neugaz oraiñ lau milla urte,

Etsai gaiztuak gerra miñ asko

Ta zauri egin deutsue,

Baña oraindik Ama bizkorrik

Ikusi bear zaitue.

 

Agur zerura banua; eta

Geiago etzan ikusi,

Ama bakarrik neuri begira

Eta ni barriz berari,

Zabal-zabalik bere besuak

Eustazan laster ezarri,

Sotil ta umil entzun neutsazan

Berba samurrok berari:

 

Pasiño latza irago dot; ai!

Juan diran egunetan,

Neure arimau neukan ala ez

Ez dakit gorputz onetan;

Indar barri ta bizi bat

Biotzian dot sometan,

Odol gaztia darabildala

Uste dot neure zanetan.

 

Seme guztiai esan eiezu

Bizirik nazala emen,

Ta datozela txar eta onaK

Danak ikusi nagien;

Mundua mundu arbolapian

Bizirik euki naizuen

Berbeta gozo eder onetan

Saiatu danok egiten.

 

Egia da bai, ume-zurtz gagoz

Foru baga lotsrian,

Baña emongo arbola onek dauz

Orriak udabarriak;

Negu gogor ta ekatx andiak

Artu gaitue erdian,

Ainbeste gatxez ez gara egon

Lneago Euskel-errian.

 

Baña begira, neure semia,

Arbola oni an goian,

Nun antxiñako Lauburu zarra

Zelan daukan agirian;

Esan egizu lotsarik baga

Ta arrokeria andian,

Beste gauzarik ez dala adorau

Sekula Euskel-errian.

 

Zuaz, barriro dirautsut eta

Neure bedeinkaziñuaz,

Zuaz, anaiak argitutera

Emen ikusi dozunaz;

Baña ez arren geiago nastu

Erdeldunen oiturakaz,

Neugaz bakarrik biziko zare

Munduan atsegiñakaz.

 

Irakatsiok entzun neutsazan

Malkuak gorde eziñik,

Aldendu nintzan, esku-oñetan

Laztan gozoz mun egiñik,

Neure erriari iragartera

Ez dala ez ill Amarik,

Eta anaiok gaitiala izan

Euskeldun garbi bakarrik.

 

Neure anaiak, bat izan beti

Euskeldun siniskeretan,

Bat izan geure uste, eretxi,

Gogo eta asmuetan;

Fede bizi bat baldin badogu

Biotz eta arimetan,

Bakez oraindik biziko gara

Mendi, atx eta ibarretan.

 

aurrekoa hurrengoa