www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. Josť Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

MEDIKU GIXAJOAK!

 

                Ardiaren utsak,

                Pagau bildotsak.

                        (Esaera zarra)

 

—On Pedro, kalietan aiñ goix zek darabill?

—Puntuan ill dan andra bategaitik nabill.

—Ill al da Buruariñ Feliparen ama?

—Bai, Praixko, gaur larogei urte jaio zana.

—Mediku txotxoloak osaturik Juana,

Eun urte erañegun bete dituana,

Zergaitik ez dau Mari Buruariñ ala

Urteak gitxiago ogei zituana?

On Pedro, zelan ez dot esango egia,

Berori izan arren Barberu zolia?

Dala bat osatuten bere alegiñez,

Eta ez medikuak dauken albidadez?

Edo fortunaz legez beñik beiñ gaurkoak,

Direala sendatzen miñdun gisajoak?

Zer balio dau bada, mediku izateak,

Diruaz tituloaz Madrillen artzeak?

Eta, zer barberuak eiñ arren lagundu,

Egunero ikusten baldin baditugu,

Zarrak osatu eta, illik gazte asko

Geratzen emen triste, ainbeste guraso?

 

                    * * *

 

Larogeiko bat ill dau... eunekoa salbau...

Kontu barregarri au, nok daike aprobau?

On Pedro, ez alabau gure medikua,

Erdia zoroa da, edo da lelua...

—Praixko ezabiltz ondo, bear da lenengo,

Jakin motiboa ta berba egin gero;

Ez dakizu ondo zuk sei urte osuak,

Juanagaz dituala pasau medikuak?

Ez dakizu bi milla bizitatxo kosta,

Jakola, ta Mariri lau ein arren ozta,

Ez dala orren errez geixo bat osatzen,

Alboko miñ zorrotzak baldin badau artzen?

Eta, ez aldakizu zelan dan otzana,

Medikuen esanak egiteko Juana;

Bear dan orduetan erremediuak,

Artu dituzalako eurak aginduak,

Orain aurkitzen dala dana gazteturik,

Eun urtegaz errian zarrena izanik?

 

                    * * *

 

—Ola! On Pedro, zer dau esan nai orrelan?

Denporaz dala eltzen pikua arbolan?

Edo bai, ez balitza Mari ariñ ariñ juan,

Eta eun urteraño bizi izan bazan,

Gazte legez jarririk seian medikuak,

Amalau eukazala atzetik sanuak?

—Praixko, guztiz ei zara eizari ederra,

Biotz erdian joten ei dozu eperra,

Baña gaur orren ondo ez dozu tiratu,

Lumatxo baten bere ez dozu aurkitu.

Ez dozu Mariagaitik iñok entzun ezer?

Zelako atsoa zan zuzen edo oker?

Bera zala neskatxa, bera etxekoandra,

Bere bearra ondo egiña bakarra?

Bera urduri edo ipurdikarea,

Gauza danetan palta ebana epea?

Praixko entzun egizu, berak zer ein daben,

Berba gitxitan esan, gura deutsut emen;

Jakizu, zerbait jarri ezkero buruan,

Ondo zeiñ txarto eiten ebala beinguan;

Jakizu, geiso jarri zala eguntxo bi,

Izan orduko dala ogei bider jagi;

Jakizu, medikuak topau arren oian,

Nik topetan nebala etzanda lurrian;

Oraiñ kulparik, zeñek leikio ezarri,

Marik berak eukita, mediku janari?

Esan egidazu zeuk, ez da pikardia

Jakitun bati alan sartzea ziria?

Au, ez da Judas baten legea berbera

Aurrean batera ta atzetik bestera?

Ill bada bere ondo Buruariñ da ill,

Ez eukan obeditzen izan baño umill,

Gaur ondo pagauko dau Purgatoriuan,

Medikuen esanak ein eza munduan;

Neuk eneuke beiñik beiñ, orrelan ill gura,

Eroan ez dagidan ariman bildurra...

—On Pedro, alan bazan Mari Buruariñ,

Izen ori ederto jarri eutsen egiñ;

Eneban sinistuko alakoa zala,

Berori ezbalitza ondo dakiana;

Jesus! Jesus! jarten naz gauzokaz ikara!

Noz uste ete eban artzea pixua?

—Praixko, entzuizu baña, txarrena oraiñdik,

Ezin artu erazo geuntsan botikarik;

Eta naiz noz erautsan bizkotxoa jaten;

Baita errantzioa txurku txurku edaten,

Zeñek osatu leike geixorik orrelan,

Uraren ordez ardau gozoa nai beban?

Felipak bere ez dau erratu gitxi or,

Erak egiñ bai, eta egiñ ezaz gogor;

Agaitik bat batean bart egin da mudau,

Denporea baño len tripeak galdu dau,

Ai, Marik zaindu baleu zintzo dietea,

Eunda ogei urtean eukan bizitzea!

Zorionean gauz au neuk baño ez daki,

Zer leuskigu On Justok esango baleki?

 

                    * * *

 

—Nik ez dakit, On Justok zer esango leuken,

Nik neuk On Justo banitz bai, zer eingo neuken,

Jarriko nintzateke asarrez sututa,

Begiok oñaztuak legetxe biztuta;

Odol guzti guztia igorik burura,

Arturik amorratu dan baten itxura,

Iragoko nituke jan bagarik gaizki,

Gitxienez eguna zazpi edo zortzi;

Bestegaitik artzea alako portua

On Pedro elitzake sentidutekua?

Auxe da nik jatorriz, dodan jeniua,

Ama bizia bazan, aita txit berua;

On Justo medikua, bada ni lakua,

Eta jakin ezkero Mariren kontua;

Eneuke egon gura nik bere onduan,

Otzitu arte piskat aste bat osuan;

Amatetan dalako nire garra baño,

Larra iger sutu bat askoz lasterrago:

Izango al da arren biotz mantsokua!

Ez polbora ni legez, ixiotzekua;

Jarraituko al dau fiñ, geisoak osatzen!

Zergaitik ezpaneban bere len sinistzen,

Orain dakit millatik bat ez dala illten,

Medikuak esana danean egiten.

 

                    * * *

 

—Praixko, orixe da bai, egia benetan,

Askok ezpadau bere emen sinisketan,

Esan dozun legetxe lenengo berbetan,

Zarrak itxita doaz gazteak askotan;

Baña, ikusi dozu zer dan motibua,

Engañuz dago oso mundu au galdua;

Au gaitik On Justori, Mariren kontuak,

Eragingo leuskioz ez gauza santuak;

Geixo batek alantxe burla egitean,

Bakit zer egiñ eban juan dan urtean:

Eskandalu andi bat emonaz errian,

Emon ez dau lango bat gure gizaldian,

Buruko kapelea (kolpatua bera)

Eun erreal kostea botarik lurrera,

Makallu me me baten, antz antzean bardiñ,

Anka peian zapalik itxi eban ariñ.

Gero berealaxe eskuaz artuta,

Legua erdi bidean errekara bota. Ai!

Ez dakigu asko noz gagozan ondo!

Plagea baña, iñoz oian ez dago lo!

Eta bai, zoli zoli, alako eretan,

Lazuak ibillten da txoriai prestetan,

Lastima arima bat oraiñ dana uso!

Litzake deabruak artutea preso!!!

Ez al da alakorik egingo gertatu,

Damuz gero On justo ez dedin geixotu.

 

                    * * *

 

—Jesus! Jesus! Jesus! bai!

Mariri parkatu! Jesus!

Ez al dau eingo On Justok pekatu!

Ill zana joan dala, onek ondo daki,

Baki betiko agur ebala emeti;

Baki alperra dala ekitea ari,

Eziñ giñaikelako atzera ekarri;

Baki, Marik eukala buruan aixea,

Ez eukala garaunez, aiñ ondo betea...

(Eta egi guztiok baleuz gomutauko)

Ausaz ainbesteraño litzake sutuko?

Nik beintzat len agertu arren aserrea,

Obe dala deritxat dana parkatzea;

Zergaitik Buruariñ zala jaiotzati,

Faltaduna puska bat munduak badaki;

Osteruntzean on bat izan da benetan,

Zorrik ez eban izten sekula dendetan:

Gañera nik nekusan beti errezetan,

Ordu erdiak naiz jo zeiñ da osuetan;

Eta goix guztietan entzuten meza bi,

Kanpora urteteko begoan aterri;

Orregaitik uste dot, arek pekaturik,

Jakinda ez ebala bat egin bakarrik;

Iñozentea barriz dudatxo bat bage,

Beste munduan, ez da infernutik libre?

Mariren arimeak, On Pedro, oraingo,

Aingeru batek legez zerura dau igo.

 

                    * * *

 

Ojala! alan balitz, Praixko, diñotsut nik;

Iñoren gatxaz ez dot artzen atsegiñik;

Alanbere nai deutsut esku emotean

Esan, euki daizula kontua miñean;

Jakizu, uste baga norbait bada illten,

Guzur asko errian dala zabalduten;

Botarik ezjakintzat mediku argiak,

Kulpak eukiagaitik geisoak guztiak;

Gaur legez ez dagizun bada zuk erratu,

Larregiraño miña eginda luzatu;

Onena dala azkenez, esango deutsut nik,

Gauzak jakin artean egotea ixillik;

 

Ardiaren pekatu erratu ta utsak

Erru bagarik pagau ez daizan bildotsak.

 

aurrekoa hurrengoa