MILLA BETIKO-LORAZ EGIÑIKO AROA CALDERON EZILLKORRARI
Nun da niretzat lira gozo bat?
Nun miñ bat leun ta zolia?
Ai baletorkit nundibaitetik
Musaren baten argia!
Neurez ez daukat idurimenik,
Laburra dot etorria,
Goratuteko gizon andi bat,
Ausaz naz biursaria?
Erdue musak lagundutera,
Nun zagoze irudiak?
An ete zaren jasoten dodaz
Zeruruntz neure begiak:
Nun ikusirik ainbeste izar
Ziargiz txito josiak,
Errañu batek zabaldu deustaz
Adimentuko begiak.
Egiaz areek argiak dira
Zeru zabal urdiñean;
Jakitun onak iñoz illunak
Ez dira gure artean:
Noz arteraño iraungo daben
Izarrak argiz gaiñean,
Ez dakit, baña bai gizon batek
Zeruan eta lurrean.
Gizalditxo bi uts aiña jakoz
Sekulakoa danari,
Beeko bizitz au ames bat baño
Ez jakon bati irudi:
Orrexegati, O Kalderon, gaur
Zatxataz alabagarri,
Zeru goietan zagozalako,
Argi egiñaz lur oni.
Izartxo batek ez dau itxiten
Gaba danean ederra,
Errañutxo bat bialdu baga
Ezpada bere lurrera:
Zureak gau ta egun dakustaz
Zabalik mundu guztira,
Zeruruntz barriz nire begiok
Eltzen ez diran tokira.
Urregorrizko luma eder bat
Eskuan dozu saritzat,
Bear andiak zenduzalako
Egiñda itxi guretzat;
Eskribu orreen artean ondo
Gogoan sarturik daukat,
Berba neurtuan, onen antzera
Jarri zenduan egi bat.
Amesa dala eukia, eta
Amesa bere ezeukia,
Amesa astea geituaz eta
Gurariz nekatutea,
Amesa iñor iraindutea,
Amesa mundu guztia,
Txikia onik andiena ta
Amesa bizi izatea.
Irakurrita au ezin ukatu
Neizun daukadan aroa,
Milla betiko lora ederrez
Zuretzako atondua:
Jantziko deutsut beronegaz gaur,
Orren duiñ dozun burua,
Zuri begira, arritu dedin
Mundu bat oso osoa.
Noz gertatu da beste ainbeste
Gaztelar biursaria
Mundu guztian agertutea
Euskaldun loraz jantzia?
Ez dakit, au dan gizonen lana,
Ez dakit, dan miraria,
Ez dakit ezer; Baña badakit
Kalderon dala andia.
O españatar, biursarien
Artean gorenengoa!
Zu alabetan gaur euskaldun bat
Oso dago zoratua;
Gizon illkor bat nazan legetxe,
Ai banintza aingerua!
Kantau daizudan omen eder au,
Zurturik lurraz zerura.
Gloria bada zuri bietan
Eskribitzalla argia!
Gloria goian, gloria beean,
Kalderon miragarria:
Gizaldi bitan izan bazara
Zeru lurretan andia,
Eunki danetan izango zara
Gure gomutagarria.
|