www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. Josť Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

BITORIAKO URIA

 

Araba lauan, bizi zarean uri galanta,

Arakan leku gorenengoan naz jasarri,

Ai, emen baneu euskal lira bat zu ondretako,

Soñu eragin orain daiodan nik berari.

 

Nor ez zoratu gañ onetatik zuri begira,

Odei bat baga gaur legez goia dagoenean,

Kanpo guztia galaz jantzirik dakusdan legez,

Urte danetan aurkitzen dala Bagillean?

 

Ze ikusteko arrigarria zarean bada!

Zure sorua aberasturik dot ikusten,

Gariak dagoz alez betetan mardo ta zarden,

Goseaz gaizki uri maitea ill etzaiten.

 

Ze zelai zabal landuz zagozan inguratua!

Ainbeste erritxo eleixa eta torredunez,

Dirudizula ollo ama bat erdi erdian,

Korro egiña txitatxo polit edo umez.

 

Erregiña bat begitanduten niri zatxataz,

Albo erriok eresten jataz menpekoak,

Agaitik dozuz zeatz gozetan bertan sortuten,

Direan eiza, esne, arrautza ta arraiñtxoak.

 

Zure kristalen islak izarrak dabez irudi,

Zure etxeok edurra legez dira zuri,

Eta Ebroruntz Gamarran zear doian Zadorrak,

Izarrentzako ispillu dala gaur dirudi.

 

Zure torreok ikusten dodaz zelan dabezan,

Euren buruak odeietara eregiten,

Danen artetik Santa maria baña, nik dakust,

Goren dalako zerutik urren aurkituten.

 

Arratsaldeko seirak jo ditu an erlojuak,

Gorbeia alderuntz urreratzen da Eguzkia,

Gebaran dago gaztelu zarra ari begira,

Eta nik barriz Bitoriaruntz dot begia.

 

O! Bitoria zeñbat direan zure umantak!

Ai! albaneizuz zearo kantau gaur gloriak!

Ai! albaneizuz gaur iragarri anditasunak!

Dituzulako ugari eta zurgarriak!

 

Baña, ezin nei kontu orixe ezelan egiñ,

Dituzulako aiñ asko eta aiñ ugari,

Gura dabenak billatuko dauz istorietan,

Dozuzalako antxe egiten danak jarri.

 

Deituko deutsut nik alanbere, seme askoren

Abia ederra; Euskal-erria ondretako,

Balio izan deuskuelako berbaz, lumaz ta

Armaz, asaben eskubideak gordetako.

 

Arteetan bere, ez dira azken zure semeak,

Industrietan aurrera doaz aspaldian,

Eleis-gizonak Araban dira gañgañekoak;

Sermolariak lenengokoak Bitorian.

 

Nik bere zuri zor deutsut dodan ofizioa,

Ikasi neutsun bizitzeko laiñ irabazten,

O! zenbat esker dot zor deutsudazan gañera,

Santu-irudi asko deustazulako eragiten.

 

Artu egizu ordaingarritzat gaurko kantu au,

Naiz bertsolari motzak au izan ipiñia,

Obeago, ta zoliagoak zaizala jarri,

Dagotzun añan, dagotzun mallan eregia.

 

Agur betiko, azkenengoa begiraldi au,

Benturaz balitz, leku eregi onetatik,

Ni illda bere biziko al zara zorionakaz,

Zerren maitatzen zaitudan beti biotzetik.

 

aurrekoa hurrengoa