|
NEURE AMA MAITE ZANARI
Ze izen samurra dan, Ama,
Euskaldun garbi garbia!
Gaur kantau dagidan, betorkit,
Lira bat ondo jarria;
Seme on batentzat dalako
Atsegiñ emongarria,
Dalako Amaren izena,
Gozoa, zelan eztia
Dalako Ama bizitzea
Zorion guztiz andia,
Agaitik negarrez bizi da
Ama ill bajako ume guztia.
Aditu bertsuok arduraz,
Egia dalako nik diñodana,
Izan bik bizia emonik
Mundura etorten gara;
Aitaren aldean maitetzen
Bakigu nor jakun Ama,
Bakigu txoriak umerik
Largetan ez dakiala,
Ta, nondik jakin legi Amak
Urrintzen ardura baga,
Itxirik etxean negarrez
Bere biotzeko biotz laztana?
Nozbaiten motel aurkituta,
Kumatik artutakuan,
Laztantxo samurrak emonaz
Arpegi larrosazkuan;
Ta irriz, ta barrez, barriro,
Umea asitakuan,
O! ze poz parebagakoa
Amatxok daukan orduan!
Bardiñik eziñ leikelako
Billatu iñok munduan;
Obea bearko jaritsi,
Ill eta, zerura igo-takuan.
Umeetan, Amaren kantuak,
Aiñ dira aiñ gogokuak,
Oraintxe gizaldi erdi bat
Nik bere antzunikuak;
Alperrik sortzen dauz indarrez
Itz onak nire buruak,
Bein bere ez dira Amaren
Berbakaz bardintzekuak,
Arenak zergaitik eurenez
Zirean urtenukuak;
Erraien errai ta erditik,
Errezto, eroso, erne-takuak.
Benetan, dontsua benetan,
Umeetan Ama dozuna,
O! zeñek leukeken lurrean
Aldi on zuk daukazuna!
Amatxo zurea dalako
Gabetan bere eguna,
Etxazu aren arpegia
Sekula zuri illuna,
Ez otza, ez motza, biotza
Apatza, malatsa ta bai, biguna,
Zergaitik zaituan bertako
Bizia odol ta frutu kutuna.
Ai! baña, nik galdu neban ta
Alako maitetzallea,
Gaur bere miñez gomutetan
Dot, o! dot, bere iltea!
Burutik ezin aldendu dot
Beraren agur tristea,
Lapur bat legetxe eldurik,
Agana Eriotzea,
Norgaitik gaur dauka oetzat
Lurpean arren etxea,
Ta arima benturaz penetan
Garbitu artean dago tristea.
Ezkutau egizu Jaungoiko
Zuzena ezpata mea,
Ezarri Garbilekurantza
Samurra begiraunea,
Ta bertan, garretan, erretan,
Badago Ama nirea,
Balio bekio, o! zure
Odola, Jesus maitea!
Nik bere gozadu dagidan
Zeruan zure bakea,
Amaren obira joan da
Errezau gura dot Aita-Gurea.
|
|