MANU FORTUNA
Neure adiskide Marcelino Soroa jaunari
Denporak zelan aldiz
Zapataria zaldiz.
(Euskal esangia)
I
—Praisko, ez eizu egin alegin larregi,
Ainbeste neke baga aberastu naz ni;
Fortunarik ezin lei norberak ekarri,
Arek berak bear dau gugana etorri.
—Egia esan dozu Manu, lagun zarra,
Badakizu lanean nazala azkarra;
Bearra egiñ arren zu lako seik beste,
Beti aurkietan naz pobre ta arlote;
Baña, dakust munduan nagia ugari,
Diruzko errketan egiñaz igeri,
Zeu bere beti izan etzara zuria?
Sorra, zorriz ta zorrez, gañera josia?
Eta gaur ikusteak zaldun egiñik zu,
Burura darakartaz milla pentsamentu.
Mesedez esaidazu Manu, arren bada,
Nondik deabru alan aberastu zara?
Nondik arrano dozu orain sarra-sarra
Dirua, gastetako non nai firri-farra?
Zelan jaungoiko zaitu Fortuna orrek jo,
Ez ete da sekula gugana elduko?
* * *
—Ara Praisko jakizu Fortunea zer dan
Atarikoa zanik pentsetan eneban,
Emakumearena dauka antz guztia,
Eta persona batek legetxe bizia;
Dabill erririk erri, baterik bestera,
Joten daben guztia aberastutera;
Lastimaz iñok ez dau bera ezaututen!
Agaitik aberastu gitxi da egiten!
Bestelan balekie zer dan Fortunea,
Danak naiko leukie ari ikutzea;
Orduan elitzate uelga bearrik
Elitzatekelako bat bere pobrerik.
Orregaitik, baziña nozbait aurkituko,
Fortunea dabillan errian zu Praisko:
Besteai oi jakena gertau ez dakizun,
Ondo da bera nor dan gaur jakin dagizun.
* * *
A da emakume bat, aiñ ondo egiña,
Ez zabl, ez bedarra, garbosea baña;
Gañera zelan jazten, dan iñor ez legez,
Arri, perla, urre ta baita diamantez;
Prinzesa danak dira bere inguruan,
Arbi lorak legetxe larrosen onduan;
Jaungoikotxo bat dala, nai nok leuke esango,
Edo bai beste mundu baten zala jaio;
Alako bati gero, zer egingo jako?
Aberats zeiñ pobreak, badakizu Praisko;
Munduko erregiña balitza legetxe,
Danak bidea larga, zabal eta libre;
Ez da millagro alan iñor ez jotea,
Eta mundu au pobre beti ikustea.
II
Oraiñ esango deutsut neure istoria,
Eta kenduko dozu dudea guztia,
Ikusi daizunean zer gertatu jatan,
Banan, banan, agaitik gura deutsut esan.
Etzara gomutetan beiñ Donostiara
Joan egin nintzala ni bañuetara?
Orduan, bai, orduan, leku baten antxe,
Fortuneagaz neban jo onetaraxe.
* * *
Ondo pentsau bagarik, dranga, dranga, edan,
Bero andi bategaz zelan eiten neban;
Sagarduak ninduan Moskorraz ezkondu,
Ibilten eninduan; baña asko ondu.
Donostian bideak, naiz izan zabalak
Orduan danak ziran niretzat bedarrak,
Alboruntza egiten neban bakotzean
Oi neban ertz batetik bestera artean;
O! zenbat ume neban egun atan bota!
Kastiguz bear neban kartzeleaz multa.
Praisko, etzan niretzat naikoa kalea,
Nasai ibilli nendin bear zan plazea;
Orregaitik egiten askok eustan barre,
Baibenka banenbillan, au jo, ta a tope,
Borondatez eneutsan iñori nik alde,
Ordia oi dan gisan, ez buru, ta anka,
Bata eta besteak nerabiltzan loka.
Auxe zan ene Praisko, anko komedia
Nekarrela atzetik Donosti erdia.
III
Entzun orain zelan zan nire suertea,
Kale baten betorren arro Fortunea;
Neure zintan ta neure alderuntza zuzen,
Eta ese giñan nik nolan niarduen,
Gura zeiñ ez ebala, tope eitean bera,
Dinost: Manu, jo dozu Fortuna ederra;
Aberatsa izango zu zara lurrean,
Nai ezpadozu bere bizitza danean.
Baña, berak ekarren garboari eutsi,
Ezinda, nekez zailldu egin nintzan zuti,
Obeto nai dot esan orduko golpea,
Dalako aitatzeko duiña dan gauzea;
Makilleak ez baleuts Praisko, lagun egiñ,
Oiñpeko arrietan artuko neban miñ:
Alan bere pipea, egin jatan ausi,
Txapel erdi jantzia, sekulako jausi;
Enintxalako bera jasoteko gauza,
Eleixatu egiñ zan niretzako plaza.
Bai!... Oraindiño bere gogoratutean!
Txapel arek miñ emon oi deust biotzean!
Ezetara ez arren txanpon bat balio,
Puskatxo bat geiago emongo neuskio;
Osabak eustalako Parisen erosi,
Eta ogei urtean nebalako jantzi,
Praisko, zer deritxazu ez eban merezi
Armaioan gordeta eukitea beti?
Iñok egingo baleust beñik beiñ, gaur billa,
Laster artuko leukez errealak milla.
Baña, sartu gaitezan lengo lanbidera,
Donostian jazoa noa amaitzera.
Zoro bat legez eta, gañera ordirik,
Alkandora ta prakak soñean bakarrik,
Txanka bietan oñak, abarketa baten,
Taiu lotsagarri bat zelan nik nekarren;
Mutiko zatar batek iya gaututean,
Arrikada bat emon eustan kokotean.
Orduantxe jo neban benetan nik lurra,
Aotik eridala bitsagaz adurra;
Larri ete ninduen eingo ankaz zapal,
Aurkitzen nintzan zelai, luze aña zabal.
Jentea egitean, baña etxeratu
Ta soillik nintzanean ni bere geratu
Loak egin ninduan kateakaz lotu,
Baita Biaramonak goisetik askatu:
Ze pozik makillea eskuaz arturik
Praisko ni jarri nintzan jagita zutunik!
Nonbaitera Moskorrak bere eustan alde,
Ez dot iñoz itandu bizi bada bere.
IV
Esan dot istoria Donostiakoa,
Amaikatxok entzunda barre egiñikoa;
Oraiñ azaldu nai dot arrezkerokoa,
Dalako mundu dana arritutekoa.
* * *
Eneban sinistuko Praisko ezetara
Fortuneak esanik gertauko jatala;
Esan eta egiñ oso, ak eustan igarri,
Bestelan zeuk dakutsu zelan nazan jarri.
Ordurik ona dabill neugaz suertea,
Beti daukat artzea iñoz ez galtzea;
Egiñik adiskide batek testamentu,
Nondik enekiala nintzan aberastu;
Dirua dot ugari, baserria pranko;
Zorrak pagau nituan, euki arren asko,
Loterian sarturik, illean illean,
Milloe bat peseta geitzen dot etxean;
Agaitik deitzen deuste, gaur Manu-Fortuna,
Deitzen eusten guztiak, len Manu-zorduna.
Baña o inbidia madarikatua!
Deabruak munduan antxiña sartua!
A! badakizu Praisko ikusi eziñak,
Emoten deuskuzala tripetako miñak;
Paper barritsu batzuk gaur dabe zabaldu
Manuk bear dabela kiebran azaldu,
Geiegi direala ditudan gastuak,
Baña, ez dabez ondo atera kontuak;
A! balekiez ondo nire iturriak,
Zer dira edateko gureko euliak?
Amar ume ditudaz, otseiñak amabi,
Lau kotxe barri barri, amazazpi zaldi,
Madrillen jauregia, Parisen etxea,
Itxasorako bere bapor bat neurea.
Iñok esan bagarik, nik neuk dakit Praisko,
Jente askok zer deutsan gauzoi eretxiko;
Beintzat esango dabe ezjakin tontuak
Geiegi direala gureko kontuak;
Baña zuk legez orain balekiez ondo,
Beste modu batera, eleukie esango?
Zer da burrukan Praisko zezenaz ardia?
Ibai bat agortzeko, nor? nor? txindurria?
Onek leortu leike pozu bat sekula?
Ta ibai bat irunsterik iñoz gertatu da?
Kontau beiez gazetak ipuiñak ugari,
Manuk edo nun dauka arpegia garbi;
Agaitik esan deutsut Praisko, lenengoan,
Ain belu ikusirik atxurren soloan;
Fortunea egiten ezpada etorri,
Ez dogula egingo indarrez ekarri.
—Eskerrik asko Manu, mesedeagaitik
Atera nozulako duda danetatik,
Zorionean ziñan izan Donostian,
Guztiok ipinteko zure inbidian;
Neuk bere gura neuke, antxe bertan aurten,
Egun batzuk irago bañuak artuten,
Zure antzera egin daidan pruebea,
Tropezetan ete dan nigaz Fortunea.
Ai! alako bat balitz nik Manu gogoan,
Erabiliko neuke bizitza osoan!!!
|