www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. Josť Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

TXOMIÑ ETA PREMIÑ TRABENAN BERTSOETAN

 

                Gipuzkoako euskeran

 

 

LENENGO JARDUN ALDIA

 

        Txomiñek

Izate arren iztun, ernai ta trebea,

Ai, banitza abade, edo bai prallea!

Jaiotzaz ni naiz, Premiñ, pobreen umea,

Eskolarikan ere ikasi gabea.

 

        Premiñek

Ni ere gaztetatik langille naiz izan,

Artzaiñ, serrari eta gaur nekazaritzan,

Ni lakoak, non egiñ egoki itzikan?

Obe eneuke egon mutu baten gisan?

 

        Txomiñek

Ala ere zu zera kantari yaioa,

Orregatikan dezu estimazioa,

Sarritan izaten zu zera motiboa

Alegratzeko triste zegoan auzoa.

 

        Premiñek

Txomiñ, zorionean gaur gera juntatu,

Bestela eneukan nik norekin kantatu,

Zu ikustearekin asko nazu poztu,

Au lako umorea beti zait gustatu.

 

        Txomiñek

Burrukarikan ez det, iñoiz deseatzen,

Alako gauzik Premiñ, ez det ondo artzen;

Baña bertsolariaz banaiz peleatzen,

Ordu luzeak pozez ditut igarotzen.

 

        Premiñek

Bertsolari ederra, nonbait zerade zu,

Leku askotan Txomiñ ala det aditu;

Arrazoiakin ote zaituzten famatu,

Piskabat nai zinduket nik ere probatu.

 

        Txomiñek

Zenbaitek dute maite pelotalekua,

Beste askok kafea, ez gutxik jokua;

Gizon danak daukate norberen gustua,

Premiñ, proba nazazun bota zuk bertsua.

 

        Premiñek

O! baneuka oraintxe askoren grazia

Perrando amezketarrak bezelakoxia

Ixuelaren gisa ona etorria!

Pasatzeko zurekin aste bat guzia!

 

        Txomiñek

Munduan doatsu da, kantuan dagona,

Errukaritzat daukat triste dan gizona;

Alegrantzia daki nork nai dala ona,

Bestela, zertan dago gure zoriona?

 

        Premiñek

Nor bizi da obeto txoritxo bat baño?

Au kantatzen ari da goizik gaberaño;

Alferrik txingurria izan langillago,

Onen kantarik, zeñek entzun du gaurdaño?

 

        Txomiñek

Ori da ori Premiñ, bertso egokia,

Ortarakotxe dezu zere etorria;

Mingañian dakazu ugari eztia,

Txori ez izan arren zera kantaria.

 

        Premiñek

Txingurriak, beti du egiñ alegiña,

Txoria da alferra, ta burur ariña;

Bizi oi dala ondo da gauza jakiña,

Aiñ ondo ez dalako jazten erregiña.

 

        Txomiñek

Nik ere txoritxo bat badaukat etxean,

Kantatzen dakiena ederki goizean;

Baña kantatzen dezu zuk berdiñ gabean,

Ego gabeko txori zerade lurrean.

 

        Premiñek

Zeruan ondo eta osoro egoki,

Kantatzen dute Txomiñ arira ederki;

Aditu nai nioke aingerutxo bati,

Orandik ikasteko kantatzen obeki.

 

        Txomiñek

Zer da gauza oberik jardueran baño?

Auxen da atsegiñen niretzat gaurdaño;

Aditze arren bertso zureak, noraño?

Joango nitzake ere Amerikaraño.

 

        Premiñek

Landu gabe soroak ez digu ematen,

Ez da nekatu gabe bertsorik ipintzen,

Itz ederrak dituzu zuk ere billatzen,

Noiz bait saiatu zera zu ere ikasten.

 

        Txomiñek

Bertsoak ez dirate ematen ogirik,

Baizik askotan kalte egiten bakarrik;

Lo egin bearrean zenbait gabetan nik,

Denbora pasatzen det kantari alferrik.

 

        Premiñek

Nik bada, inbidia det kantariarena,

Naiz jakiñ artarako jaio enaizela;

Ekarri ezagatik ezertxo etxera,

Beñik beiñ pasatzen da umore ederra.

 

        Txomiñek

Ez daukat lotsarikan iñon esateko,

Zurekin enaizela kantuz berdintzeko;

Lenengotik egon naiz beldurrez asteko,

Zu zera zu, gizona, erria onratzeko.

 

        Premiñek

Jaungoikoak gizonok, ez ginduen egiñ,

Asmazioan eta adimentuz berdiñ;

Bertso onak moldatzen zuk dituzu ariñ,

Erdi bat asmatzeko nik badet zeregiñ.

 

 

BIGARREN JARDUN ALDIA

 

        Txomiñek

Premiñ, zu esku utsaz, eta nik txisteraz,

Zerbait esango nuke onela bentajaz,

Baña, berdiñean nik, nola joka zuzaz?

Egiñ arren zertxobait gitxiago danaz?

 

        Premiñek

Saka orren urruti, botatzen badezu,

Errestatzeko diña Txomiñ, ni enazu;

Erruki piskatxo bat arren arzadazu,

Zergati aspaldian ez dedan jokatu.

 

        Txomiñek

Ezingo det atera gaur andiagorik,

Zergatik eztarria dedan zerraturik;

Lenaz auxe nai nuke ipiñi garbirik,

Orretarako zerbait edan bera det nik.

 

        Premiñek

Orra, nere basotik Txomiñ, zazu edan,

Bertsolari bezela nai dizut nik eman;

Badakit andien bat nonbait nola zeran,

Gaur zaude kantatzeko sekulako eran.

 

        Txomiñek

Eskerrak borondate eder orregatik,

Edango det piska bat baso orretatik,

Urrengoa edango zuk dezu niretik,

Biok izan gaitean adiskide gaurtik.

 

        Premiñek

Probetxo on deizula dizut deseatzen,

Iñoren gauza txarrik ez det nik esaktzen;

Nai nuke piskatxo bat pizkortu zaitezen,

Umore on batekin jostatu gaitezen.

 

        Txomiñek

Premiñ, ardoa baño obe nuen ura,

Zergatik ez dakian egiten burura;

Ardoarekin asko munduan galdu da,

Moskorraz eroririk bideetan putzura.

 

        Premiñek

Gauza guztiak daude merituz beterik,

Jaunak alaxen dauzka denak orniturik,

Gaixoa pizkortzeko ez dago mutillik

Ardoaz berdintzeko lurrean besterik.

 

        Txomiñek

Premiñ, uraz bururik ez da iñoiz galdu,

Ardoak askorekin kalte egin aldu,

Norbaitek nik bezela nai badu argaldu

Ardoa utzi eta urakiñ apaldu.

 

        Premiñek

Ardoak ere baitu ugari bentajak,

Urak ez ditu bear danak alabantzak;

Ardorik ez balitza, agur, gure kantak,

Agur erromeriak, trabena ta plazak.

 

        Txomiñek

Ardo eta ogirik iñoiz jan ez arren,

Familia ederrak baditugu emen,

Mutillik ederrenak, non dira azitzen?

Artoz mantenduetan nik ditut arkitzen.

 

        Premiñek

Artoaren aldean garia nagusi,

Ogi gabe gizonik ondo ezta bizi,

Naiz ogi zaleari deitu begi zuri,

Artoak arpegiak, ez du jartzen ori?

 

        Txomiñek

Ez det txarrik esango garien gañean,

Gizonik altuenak ez dira kalean,

Jigante bat izan da euskaldun lurrean,

Bera Altzon jaio zan baserri batean.

 

        Premiñek

Egia da artoak mutill morroskuak

Azitzen dituala, ikaratzekuak;

Baña ogiz balira izan mantenduak,

Menturaz asko ziran Sanson añakuak.

 

        Txomiñek

Ardo ta ogizale nola Premiñ, zeran,

Orregatik maiz zaude onela trabenan,

Andrea umeakin negarrez etxean,

Zeralako emendik irtetezen goizean.

 

        Premiñek

Besteren paltak Txomiñ jartzen platerean,

Abia zera noski ikusi ditean;

Ez da utsik gabeko gizonik lurrean,

Danok degu zer eman kontu azkenean.

 

        Txomiñek

Egia esan dezu oraingo bertsoan,

Baña danak dakite nor zeran auzoan;

Joan dan igandean karobi zuloan

Nola erori ziñan jakin zan beingoan.

 

        Premiñek

Gaur ez dago besterik, iñor juzgatzea,

Ta norberen burua santu egitea,

Esana ez da asko, bear izatea,

Umillak gorde nai du bere birtutea.

 

        Txomiñek

Arrazoia daukazu, ni ere onenean,

Zu bezela nijoa zabuka bidean,

Erortzen baldin banaiz zuloren batean,

Lagun zadzu Premiñ, zutitu naitean.

 

        Premiñek

Alprojetan gaur dira paltak erabiltzen,

Projimoen guztiak aurrean ipintzen,

Norberenak atzean estali ditezen

Argatik gaur mundua da gaizki ikusten.

 

 

IRUGARREN JARDUN ALDIA

 

        Txomiñek

Izan gaitean Premiñ, beti kristau umill,

Iñor juzgatze arren kantuan enabill;

Pekatu egin baño obeki degu ill,

Burlakin farrarikan ez det nai eragin.

 

        Premiñek

Bibersioz nai nuke, nik eman denbora,

Iñor ofendi gabe pasarikan broma;

Alabagarria da egitea orla,

Bestelako konturik ez det nai iñola.

 

        Txomiñek

Banitza zu bezela etxejaun andia,

Izan gabe maizter bat errukigarria;

Orduan zure gisa munduko aldia,

Emango nuke noski kontentuz guztia.

 

        Premiñek

Nola sinistu Txomiñ gaur zure negarra?

Ez dezu artzen sendo arto ta sagarra?

Errenta idukirik osoro kaxkarra

Ez dezu azi ere famili azkarra?

 

        Txomiñek

Nekazariak bear luke obeto jan,

Zergatik beragatik denok bizi geran,

Baña ark egin arren guztientzako lan,

Gaizkien ez du jaten, ta txarkien edan?

 

        Premiñek

Esan dizut len ere Txomiñ, lagun zarra,

Ez dezazula gaur jo, aiñ triste gitarra,

Askok balu zuk dezun etxe ta baztarra,

Lasa botako luke tirri nola tarra.

 

        Txomiñek

Egia da, bai, Premiñ, ni gizon pobrea,

Naizela baña, ez aiñ tristuraz betea,

Baizikan bertso onak kantatu zalea,

Naiz izan beti maizter dirurik gabea.

 

        Premiñek

Txomiñ, ez det esango nor dan aberatsa,

Ondo erabakitzen au ez da erraza,

Ez da premiazkoa euki asko gauza,

Alegrentzia gabe bizia da latza.

 

        Txomiñek

Nere aita lanean beti izan zan ari,

Baña etzuan poltsa iñoiz izan lodi,

Pobrezan zuelako ark beti igari,

Orain Zeruan dauka gloria ugari.

 

        Premiñek

Ni ere bizi arren, nere baserrian,

Enaiz aberastuko soroko lanian,

Goizean goiz jaikita berandu gabean,

Probetxu gitxirekin etzaten naiz oian.

 

        Txomiñek

Bearrakin gitxi da Premin, aberastzen,

Ez badu beste tratu onen bat billatzen;

Eta nik nola onik ez dedan ikusten,

Erremedio gabe pobre noa illtzen.

 

        Premiñek

Pobreak ere ziran nere gurasuak,

Eta pobreagoak aien aurrekuak,

Baña, pobreak dira zorionekuak,

Badituzte onean artzen trabajuak.

 

        Txomiñek

Gauzarik onena da konformidadea,

Naiz izan aberatsa, naiz izan pobrea;

Auxe da birtute bat parerik gabea,

Zuzen billatutzeko zerura bidea.

 

        Premiñek

Ai! banengoke antxen ondo bizitzeko

Baña, beldurrez nago beti ni illtzeko,

Eta ill egin bear ara igotzeko,

Uso nai nuke izan bizik egatzeko.

 

        Txomiñek

Au da gauza aundi bat, nik ez det ikusi

Mundu onetan guztiz ondo danik bizi,

Danak billatzen ditut nonbaiten negarti,

Laster egin dezagun emendik igesi.

 

        Premiñek

Ikusten dira emen aberats ziranak,

Egun batik bestera pobreturik danak,

Guztiok baditugu bizitzeko lanak,

Bakarrik ondo daude ondo ill ziranak.

 

        Txomiñek

Aspaldian nola ni naizen gurasua,

Zartzean ezagutu det piskat mundua,

Gazte denboran neukan aizezko burua,

Illea zuritzean bete zait kaskua.

 

        Premiñek

Broman dagoenean piskaten gizona,

Dago alegere ta dauka umore ona,

Ongi litzake beti bizitzea orla,

Baña bueltaka dabill au dalako bola.

 

        Txomiñek

Premin, bene bene benetan bola da mundua,

Jira egiñaz berau aurrera dijua,

Udaren ondorean badator negua,

Baña ez da biurtzen denbora galdua.

 

        Premiñek

Orixen da egi bat dudarik gabia,

Geienoentzat ere da negargarria,

Ez dalako ezautzen bere baloria,

Zeñekiñ berdintzeko utsa dan urria.

 

 

LAUGARREN JARDUN ALDIA

 

        Txomiñek

Zertako bertsoetan ote diot ekiñ?

Beldurtzen naiz zoratu ote naizen egiñ;

Non daukat ikasia? Noiz det asko jakiñ?

Nola jokatuko det zulako batekin?

 

        Premiñek

Aditu eta ondo zerorren bertsua,

Txomiñ, erantzuteko prestatzera nua;

Baña zure aurrean nastzen zait burua,

Ala ere jo zazu nai dezun puntua.

 

        Txomiñek

Kukuak baten zidan jo puntua kuku,

Eranzun nion ez dek jan naikoa zuku;

Baña joten badezu zerorrek ujuju

Zeñek adituko du nere kurrukuku?

 

        Premiñek

Zozo lelo batek beiñ, niri ere zorzor,

Jo arren, esan nion gezurra diok or;

Ordia, nola egin zuri orren gogor,

Indarretan zuretzat ni ezpanaiz iñor?

 

        Txomiñek

Txiboak beste baten deitu zidan txio,

Isilldu nuen laster esanaz adio;

Baña zuk nola dezun jotzen txorrotxio;

Errebueltako nik ez det balio.

 

        Premiñek

Neguta zirzill katek asi arren egiñ,

Bertsorikan ez daki bukatutzen Txomiñ;

Baten kantatu zidan, bakar bakarrik Txuiñ

Txuiñ, O! baña negutakiñ zu etzera berdiñ!

 

        Txomiñek

Loro berritsua da beti izango loro,

Erdia bada zintzo, beste erdia zoro;

Zu berriz zeralako beti birigarro,

Kantatzen dezu Premiñ, naste gabe klaro.

 

        Premiñek

Txirrimirri zatar bat, txit zait tentalari,

Baña farra egiten utsik diot ari;

Txomiñ, zerorren gisa balitza kantari,

Ipiñiko ninduke lotsatuta gorri.

 

        Txomiñek

Zekor kopeta beltzak, niri bein puntua,

Jorikan altu, jarri ninduen gortua,

Baldin eiten badezu zuk aren orrua,

Zekorrak lakoakin kantuan enua.

 

        Premiñek

Erle batek eginda ni nor nitzan jakiñ,

Burrun burrun erronkaz laster zidan ekiñ;

Izpiz arek bezela eiten badezu miñ,

Igesi bearko det zuk baño len egiñ.

 

        Txomiñek

Astoak egiten dit sarritan arrantza,

Baña kantuan ari falta zaio gatza;

Premiñ, zuk nola dezun kantarien antza

Biok egingo degu bertsoan jolasa.

 

        Premiñek

Kirkirtxo batek burlaz bein egin zidan kir,

Oiñpean zapalkduta utzi nuen umill;

Sentimentua daukat nuelako nik ill,

Bengantzarik enion egin bear Txomiñ.

 

        Txomiñek

Txakurtxo batek niri ekin zidan txautxau

Jarraituta ortzakin baita urratu prakau;

Nik ere aserreaz jasorikan ank au,

Jota bota niozkan ortzik onenak lau.

 

        Premiñek

Ardi mantsoak beti kantatzen dit bee, bee,

Eranzun oi diot nik zu zaitut txit maite;

Izan gaitezen Txomiñ alaxen be-zale,

Umillak zeruetan jasoko dirade.

 

        Txomiñek

Egazti ta abere askok oi nau tenta,

Danai eman oi diet, baña errespuestya;

Gaurko oni ematea orren errez ez ta,

Naikoa lan darabilt billatutzen beta.

 

        Premiñek

Atzo ibilli nitzan ni berriz basuan,

Txori bat arrapatzen iru bat orduan;

Azkenez ere etzan erori lazuan,

Gaurko au ezingo det nik artu zepuan.

 

        Txomiñek

Premiñ, enaiz kantari baña bai eiztari,

Eskopeta det ona, kañoiak ditu bi,

Zuzen apuntatuta, o! nik zenbait txori,

Mokua ebakita mutu dedan jarri!

 

        Premiñek

Zenbat ateri nik ots, ainbat maratilla;

Topatzeko ederra Txomiñ, da mutilla;

Enekian ziñanik zu orren abilla,

Beste bat zu lakorik ez det iñon billa.

 

        Txomiñek

Bertso batzuek nekez ditut borobildu,

Buruko matasa gaur egin det arildu;

Orain nai eta nai ez bear det isilldu,

Nekatu naiz iya ta nereak egin du.

 

        Premiñek

Saltoa nik ere det asko biotzean,

Ikusirikan jende aundia aurrean;

Utsegiñ baldin badet iztxoren batean,

Barkazioa nai det sosega naitean.

 

 

BOSTGARREN JARDUN ALDIA

 

        Txomiñek

Obe zan ezbanitza abia kantari,

Ala izatekotan danen farragarri;

Erregalorik iñork ez digu ekarri,

Kalte egiñ bearko diogu poltsari.

 

        Premiñek

Zertatik inbidia det kantariena?

Enitzake biziko obeki bestela?

Trabenetan askotan jardunik onela,

Makal ipintzen badet poltsatxo gizena?

 

        Txomiñek

Nik ere poltsa gaur det ekarri txikia,

Iñoiz iduki arren sendo ta lodia;

Ta bera nola dedan leortua iya,

Kontua jakiñ arte nago txit larria.

 

        Premiñek

Txomiñ, ezpadaukazu diña pagatzeko,

Nereakin uste det degula beteko;

Onekiñ ezpagiña berriz iritxiko,

Txamarra nago ni prest prendatzat uzteko.

 

        Txomiñek

Ez da gauza ederra, ala lotsarian,

Gizona arkitzea aulako tokian;

Askotxo bizi arren nere inbidian,

Beti nabill ni ere bajutxo neurrian.

 

        Premiñek

Txomiñ, nik ere ez det sekulan beldurrik,

Iñoiz sartuko danik gurean lapurrik;

Familia azteko besterik ez det nik

Baba, arto ta urdaia, etxean bakarrik.

 

        Txomiñek

Irabazia nola alaxen gastua,

Duenak eramaten lasa du mundua;

Egin nai lukeanak gustora pausua,

Zapata bearko du oña aiñakua.

 

        Premiñek

Gauzarik onena da beti dezentzia,

Ondasunen neurrian jartzea jantzia;

Askok iduki arren markes iduria

Ez gitxik etxeetan dute miseria.

 

        Txomiñek

Iya mundu au dago lujoaz galdurik,

Ez da gaur ezagutzen morroi ta nausirik;

Neskameak dabiltza etxekoandreturik,

Ez da erraz billatzen ezkongai bat onik.

 

        Premiñek

Zenbait etxe diraden beren kulpaz galtzen,

Txikiak izan eta aundiai jarraitzen;

Ni beiñik beiñ enoa orrela izaten,

Zorrak paga ezinda lotsatu enaiten.

 

        Txomiñek

Gaur arte, nork jakin du zer dan uelgea?

Enredo zalez dago mundua betea;

Nik nai det osasuna, lana ta pakea,

Engañu gaberikan denbora ematea.

 

        Premiñek

Ardorik ez badet nik, edan oi det ura,

Orregatik gerrarik iñoiz ez det gura;

Pazientziaz nola goazen zerura,

Piskat sufritu arren ez dio ardura.

 

        Txomiñek

Ni ere anditze arren enoa iñora,

Lorik ez det galduko igo nairik gora;

Nagusi izan baño mendeko da oba,

Naikoa det nik banaiz guraso bat ona.

 

        Premiñek

Milla esker zor diot nik berriz Jaunari

Zeren emzte ona eman zidan neri;

Zintxoa oso eta lujoz ez geiegi,

Dotriña irakasten onena umeari.

 

        Txomiñek

Bai, Premiñ, bizi zera ondoen auzoan,

Atzo esaten batek ala ziarduan;

Zu lako batek palta eiten du onduan,

Estutasun gaizto zeiñ, premia orduan.

 

        Premiñek

Txomiñ, emaztea det osoro prestua,

Erremediatzeko beti beartsua;

Igaz izanagatik urte eskastxua,

Amaikatxori dio zabaldu eskua.

 

        Txomiñek

Orlakoen bitartez Jaunak gobernatzen,

Ditu pobreak ere galdu ez ditezen;

Egaztiak baditu ederkiro jazten,

Gurekiñ, nork sinistu txit dala aztutzen?

 

        Premiñek

Berberak dio Txomiñ, eska dezagula,

Jotzeko atea ta entzungo zaigula;

Fedea ezpagendu piskat otzituba,

Erneguz, zeñek luke galduko buruba?

 

        Txomiñek

Jakin bear genduke kontentu osuan,

Ez dala bat arkitzen naiz egon tronuan;

Ez dala gure ditxa lurreko diruan,

Jauna laztan badegu, bai beste munduan.

 

        Premiñek

Txomiñ, nik oi det koplan kanta beti beti,

Aberats enaiz baña, aiñ gitxi negarti;

Nere aldean daude dirudunak gaizki,

Arrosak bizi dira arantzakin nasi.

 

 

SEIGARREN JARDUN ALDIA

 

        Txomiñek

Lau bertso bota ditut, orra bost garrena,

Ez dakit au dan txarren, ala dan onena;

Mingañ au ez det zorrotz, balitza eztena,

Elitzake kantuan izango motzena.

 

        Premiñek

Abo itxitik ez da, eulirikan sartzen,

Mutuak ez du iñoiz izketan erratzen;

Iturrira dabillan txarroa bada austen,

Ni ere bertsoetan laster naiz erortzen.

 

        Txomiñek

Ez da Premiñ, uts ori, ain sentigarria,

Lanak dakarrelako bakarrik ogia;

Bertsoak gatik illko litzake guztia,

Gosez baldin balego nire pamilia.

 

        Premiñek

Itzezko iturri bat dezu iruditzen,

Zure agotik pozik Txomiñ det edaten;

Poto txiki bat baño ni nola enaizen,

Iñork edan ezkero, leor naiz gelditzen.

 

        Txomiñek

Ez det iñoiz ikusi au lako ibairik,

Ezin dedalako gaur zuretzat presarik;

Ni naiz txirriotxo bat, mendian jaiorik,

Arritxo batek gero bidea galtzen dit.

 

        Premiñek

Ez det ekarri ona. aiñ sare txikia,

Arrapatzea gatik legatz bat aundia;

Ez dedala artuko, nago igarria,

Zerekin Txomiñ egin bigar bijilia?

 

        Txomiñek

Niri ere gustatzen asko zait arraña,

Baña, danen artetik, geien amorraña;

Nola arrapatzeko, palta dedan maña,

Nik beintzat makallauaz bearko amaña.

 

        Premiñek

Txomin, nire aldean zu zera trebia,

Kanturako daukazu bakana dan doia;

Zera kanarioa, ni ontz bat tristia,

Ez det kaiolan iñoiz merezi jartzia.

 

        Txomiñek

Astoak pentsa arren, dala zamaria,

Eta ariñ egiten bera nagusia,

Premiñ, da Premiñ, zaldi galopalaria,

Ni jarrai ezin dedan belarri andia.

 

        Premiñek

Bene benetan ori, ori da egia,

Atzekoak aurrera, balitza guztia;

Erbiai deitu arren, zuk gaur aizeria,

Noiz kendu die onek olloai bizia?

 

        Txomiñek

Erbia beti izan, da gaitzik gabia;

Ark ez dakielako zer dan malizia,

Aizeria bestera, dana da tranpia

Gizona engañatzen dakian pistia.

 

        Premiñek

Tranpian ere dakust oraintxen mirua,

Jate arren otan lo zegoan ollua;

Baña, ollo lekuan billarik katua,

Bizirik nekez egan irten da gaixua.

 

        Txomiñek

Nik berriz berdiñ dakust, arroturik arza,

Zergatik uste duen arrapa bildotsa;

Luzatua gatikan erpe txit zorrotza,

Uts egin da, galdu du sekulako poza.

 

        Premiñek

Auxen da mixeria, auxen da bai pena,

Topeka narabiltzu ari bat bezela,

Txomiñ, baña bakizu bildotsa naizela,

Oraindikan jateko, ez oso gizena.

 

        Txomiñek

Premiñ ni naiz nanoa ta zu jigantea

Nola naizu pele au nik irabaztea

Ez bildurtu naizela Dabid profetea

Lurrera zelaitzeko Goliat fuertea.

 

        Premiñek

Oraiñ obeki dakust ezpata ederra

Txomiñek dakarrela illteko zezena

Adarrok zorroztuta noa prestatzera

Bestela ementxe da gaur nire azkena.

 

        Txomiñek

Itxuen errian da tuertoa alkate

Aintzakotzat errian ni ere naukate

Enaizelako kantuz zu zeraden beste

Banoa itxuakin bizitzera naste.

 

        Premiñek

Eninduten sartuko aiñ errez gaur plazan

Jakin banu zertako berau egiña zan

Banderillak gorderik zuk ederki kapan

Sartu dizkidatzu bai noizik bein espaldan.

 

        Txomiñek

Eguzkia danean zeruan agertzen,

Izarrak alster dira lotsaz ezkutatzen;

Premiñ, nola eguzki, dezun iruditzen,

Banoa gordetzera lotsatu enaiten.

 

        Premiñek

Ezkillak jo dezake nere agonia,

Beldurrez jarri nazu erdi illik iya;

Pultsurikan ez daukat, otza izerdia,

Kukurruku jo zazu Txomiñ, kantaria.

 

 

ZAZPIGARREN JARDUN ALDIA

 

        Txomiñek

Jaiotzaz badakizu, dirudit mosolo,

Gabez errondari naiz, egunez oi det lo;

Premiñ, ontzen lekuan, jaio banitz loro,

Kaiolen baten nitzan biziko gozoro.

 

        Premiñek

Ez naiz erretxiñola, ez kanarioa,

Ni ere naiz obeki, ontzen antzekoa;

Baña, bizi dakigun euskal-zortzikoa,

Kanta dezagun Txomiñ nere gogokoa.

 

        Txomiñek

Euskaldunak nai badu jarraitu euskaldun,

Onelatxe kantuan bear du ezagun;

Neurri au gurea da, berez, nere lagun,

Eta atsegingarri aire au da nai nun.

 

        Premiñek

Leku danetan jaio, oi dira umiak,

Amak egiten ditu non nai bai semiak;

Lur onetara baña aparteko doiak,

Zerutik bota ditu Jaungoiko guriak.

 

        Txomiñek

Non da beste lekutan emengo fedea?

Au bezaiñ beste lur bat aiñ alegerea?

Nork dauka Gernikako Arbola gurea?

Igartu arren zarra ez degu gaztea?

 

        Premiñek

Txomiñ, non da emengo udako aizea?

Itzalpetxoetako gozo eta mea?

Non lekuan lekuan bañuen etxea,

Osasunaz jartzeko gaixo dan tristea?

 

        Txomiñek

Premiñ, baita ditugu asko ikusgarri,

Palankan nagusiak, onenak dantzari,

Zenbait ditugun berriz emen pelotari,

Mundu danak daki ta ez galdetu neri.

 

        Premiñek

Udetan dator ona, argatik jendea,

Berau dalako bazter parerik gabea;

Emen da zer jan ona, zuria oiea,

Ostatua garki ta kalean pakea.

 

        Txomiñek

Bazter onetan ez da lapurren beldurrik,

Orretan ez da senti iñoiz euskaldunik;

Ateak egon arren gabetan zabalik,

Lo egiten da lasa naiz egon bakarrik.

 

        Premiñek

Nola kantatu Txomin emengo gloriak,

Izarrak bezelaxen badira uagriak?

Nai dituenak jakin letu istoriak,

Gogoan eukitzeko dira geiegiak.

 

        Txomiñek

Milla euskaldun dira andiak gerrari,

O! zenbait itxasgizon, zenbait bertsolari!

Izkribatzalle asko, oneneak kantari,

Atzera eragiñak mundu guztiari.

 

        Premiñek

Nere adiskidea, iya degu asko,

Bertsoetan naikoa egin degu gaurko;

Utzi dezagun lan au beste baterako,

Kopla obegoak gorde ordurako.

 

        Txomiñek

Benetan jardun degu asko bertsoetan,

Geiago enuke nai segi gaur onetan;

Gizona aspertzen da gauza dan danetan,

Aixago sari gabe badabil kopletan.

 

        Premiñek

Emen bukatzen ditut, Txomiñ, nik gaurkuak,

Begiak isten dizkit piskatxo bat luak,

Gorputzak bear ditu bere deskantsuak,

Gabon digula danoi gure Jaungoikuak.

 

        Txomiñek

Agur, jende noblea, urrengo artean,

Bizi zaitezte ongi osasun pakean,

Ikusten ezpagera beste egun batean,

Jaunak batu gaitzala zeru zabalean.

 

        Premiñek

Oraindikan munduan bilduko algera,

Pasa dezagun berriz ordu bat ederra,

Bertsoetan egiñaz gaur degun bezela,

Antziñako euskaldun garbien antzera.

 

        Txomiñek

Ainbat lenen nai nuke au lako eguna,

Gozatzeko umore bat atseginduna,

Maiztxo bear genduke gaur lako jarduna,

Bizi dedin Euskara, baita euskalduna.

 

        Premiñek

Bizi dedilla, bizi, Euskara maitea,

Izkuntza antziñako parerik gabea,

Berau illtzen bazaigu, joan zan gurea,

Erdarak digulako jarriko legea.

 

        Txomiñek

Euskaldun jaio eta, berdin gera azi,

Zeren titiaz edan bera degun nasi;

Mundua dan artean ez dakigun jausi,

Seme danok batera dizaiogun eutsi.

 

        Premiñek

Bizkaia, Gipuzkoa, orobat Araba,

Nafarroakin emen lau anaia gara;

Frantziko irurak ta gu biltzen gerala,

Zazpirok bear degu salbatu Euskara.

 

aurrekoa hurrengoa