|
GANBOA TA OÑEZ
Saritua izan zan Arantzazun 1886an
Errodrigok Birjina Arantzazukok, eta Errodrigoren aitak
ERRODRIGOK
Lengo aldian bati
Entzun neutsan, aita,
Etxe asko erre, ta
Zituela bota;
Batalla andiren bat
Or Bizkai aldean,
Diñoe, izan dala
Askoren kaltean.
AITAK
Errodrigo maitea,
Aiñ dira andiak
Guztizko luzaroan
Euskeldun-erriak
Daroazan zorigatx,
Damu, ta negarrak,
Gerrak daukezalako
Ondorengo txarrak.
Gizaldi erdi bat da
Erdibitu zala
Ulibarrin euskeldun
Erri on au ala.
Banda bat da Gamboa
Ots egiñikoa,
Oñez deitzen dabena
Beste aldekoa.
Arrezkero dabiltzaz
Beti emen gerran,
Ez dakit, noz jakuzan
Jarriko bakean.
Amaika etxe dabe
Biztuak ondatu,
Laboreak ugari
Erre, ta kizkaldu.
Beste guraso askok
Euren bizitzea
Galduta itxi dabe,
Ume zurtz etxea.
Gu emen atx arteetan
Bizi gara ondo,
Orrelako negarrik
Eldu ez dalako!
ERRODRIGOK
Aita, kantau oi dabez
Batzuk, ta besteak
Euren aldeko garaitz
Gloriaz beteak.
Baña, nik kantetan dot
Aloñan bakea,
Bertan irago gura
Neuke denporea.
Ene artaldeari
Jaramonik ondo,
Ene txabolatxoan
Gabez eginda lo.
Taloa, ta esnea
Jan arren bakarrik,
Besterik baga bizi
Naz pozez beterik.
Ez alda etorriko
Araño gerrea,
Ondatu ez daiguen
Gure artaldea.
Zerren gerra zaleen
Tronmpetaren otsa,
Nire txistuagazko
Oso da garratza.
Nire soñuak poztu
Oi dauz arditxoak,
Gerrarien tronpetak
Larritzen gaixoak.
Aita banoa, bada,
Orain eurakgana,
Zergaitik zaiñ bagarik
Egin daben gaba.
Badakizu nintzala
Bart Baltzategira
Etorri talogeitzat
Urunaren billa:
Eta gaur Domekea
Zalako gaeñra,
Jasteko entzutera
Mezea kalera.
Bestelan Aloñan nik
Nai dot bada bizi,
Kalerik ez dot gura
Aldala ikusi.
Antxe daukadalako
Naikoa pozgarri,
Landa zabal berdeak
Naitean jazarri,
Kerizpeak aukeran,
Ditudaz topetan
Urak zelakoak nai
Iturritxoetan.
Txirritxirrien soñu,
Txorien txistuak
Orreek dira entzuten
Ditudan kantuak.
Txabolako atean
Jarririk gabetan,
Ikusgarri ederrak
Ditut zeruetan.
Illargiari beti
Deutsat jaramoten,
Egunik egunera
Ze alde dakarren,
Baita izar batzuri
Oi deutset igarri,
Nundik, nora, ta zelan,
Oi diran ibilli;
Eta adoraturik
Euren Egillea,
Zein dan Jaungoiko
Naurririk bagea.
Beragan neure uste
Dana ipiñirik,
Neure kamañatxoan
Jarten naz etzunik.
Agur, aita maitea,
Domekara artean,
Ez aldozu izango
Okerrik astean.
AITAK
Zorionekoa da
Gizona munduan,
Bizi bada asabak
Zirean moduan;
Euren lurrak landuaz
Euren baserrian
Euren oitura zar, ta
Siniste garbian;
Munduko andikien
Egarri bagarik
Iguiñ baga etxeak
Dakarrena janik,
Izan ez arren gauza
Urian lakoak
Osasungeitzat, baña,
Dira obagoak.
Noberen artaldeai
Eginik jaramon,
Gizendurik urtean
Txarri, edo zekor,
Taloa ta esnea
Urdai, ta aragia,
Naikoa bada ez da
Txarra baserria.
Gañera laboreai
Gagoz gu begira,
Adurra darigula
Ontxoak badira.
Ez daukagu munduko
Andien amesik,
Abere ta lurrakaz
Bizi gara pozik.
Goixetan egiñagaz
Geure erregua
Jaunari eskiñiaz
Egun zabaldua.
Berari opaturik
Geure neke lanak,
Gaberaño izaten
Ditugun dan danak.
Errosariotxoa
Gabean gabean
Errezaurik uts baga
Apari ostean
Etzatzera goaz gu
Biotz zabalagaz,
Eguna ondo juan
Jakun usteagaz.
Alantxe bizi gara,
Ene semetxoa,
Jaunari zor deutsagu
Eskerra naikoa.
Izan zaite, bai, izan
Baserri zalea,
Maitetuten dozula
Zeure txabolea,
Diñozun legez antxe
Bizi zara ondo,
Iñon bere etzara
Obeto izango.
Zoaz ordu onean,
Domekan etorri,
Lagunduko deutsut nik
Mezatara zuri.
ERRODRIGOK
Jaungoikoak dizula
Aitatxo egun on,
Domekea baño len
Ona, emen nator.
AITAK
Zetan zatoz semea
Zapatua izanik
Orrelan arnasarik
Bere artu eziñik?
Zer gertatuten jatzu
Ze barri dakazu?
Esan egidazu.
Agur zuk etzenduan
Domekara arte?
Biyar arte semetxo
Etzinduan uste.
ERRODRIGOK
Etzaite ikaratu,
Aitatxo maitea,
Barri eder bat dakart,
Zeruko gauzea.
Jakin egizu, jakin,
Zelan gaur goixean
Gezaltzatik aurrera
Ardien atzean
Niñoala santa bat
Billatu dodala,
Ain eder, ain galanta
Ikusteko dana.
Andra guztizko bat da
Umeaz besuan,
Jantzita Erregiña
On baten taiuan.
Aranz arbola baten
Ain bakartokian
Errañua botiaz
Dago agirian.
Dala, diño, Artzaiña
Ama Erregiña,
Eta txabolatxo bat
Dabela premiña.
AITAK
Zelan izan ete da
Alan agertzea,
Askorentzat izango
Da gatx, sinistea;
Baña, zelan daukadan
Nik sendo fedea
Jaunarentzat ez da gatx
Nai zer egitea.
ERRODRIGOK
Aita neuk bere ezin
Eginmda sinistu,
Ikusi arren bere
Dudan naz aurkitu;
Mirarien bat zala
Ziertu izango,
Umill umill jarririk
Azartu natxako.
Berbaz al dan ondoen
Egiñaz berari;
Baña, berak obeto
Erantzun deust niri.
Entzungo dozu laster,
Zer erantzun deustan
Baña nik neuk lenengo
Auxe deutsat esan.
* * *
Nor zara o! Andrea
Umeaz besuan?
Nundik sortu zatxakuz
Emen eremuan?
Nundik agertu zara
Oren miragarri
Erregiña andi bat
Dozula irudi?
Buruan koroia ta
Purpuraz soiñean,
Ezin asmaurik nago
Nor ete zarean,
Al zara artzaiñen bat
Baña, nor zaintzeko
Ezpadozu ardirik
Begiratuteko?
Badazaut zareala
Seme orren Ama,
Arpegiz dozulako
Beorren antz dana.
Eta noren Erregiñ
Izan zindekez zu,
Basoan nok adorau
Iñor ezpadozu?
Eta toki oberik
Zuretzako etzan,
Aukeratu bagarik
Orrelan arantzan?
BERAK ERANTZUN DEUST
Iru gauza orreek naz,
Errodrigo ona,
Ama, Erregiña, ta,
Gañera Artzaiña,
Jaungoikoa da nire
Seme, ta Bildotsa;
Zeru, eta lurrean
Neuk daukat agintza.
Orra zelan ni nazan
Iru gauza orreek,
Munduan ainbat doe
Ez dauz beste batek.
Umilla nintzalako,
Jaunak nindun egin
Gizon danenetzat Ama,
Artzain, ta Erregiñ.
Berak dauka emonik
Niri ardurea
Zuen guztioena
Oso ta betea. Errodrigo etzaite
Alan ikaratu,
Onezkero nor nazan
Dozu ezagutu.
GERO NEUK ESAN DEUTSAT
Badazaut zareala
Zeruko gauzen bat,
Ikusiaz batera,
Au gogoratu jat.
Ez dodalako iñoz
Aiñ andra ederrik
Munduan ezagutu
Gaur arteraño nik.
Dirudizu Eguzki
Goixetik jagia,
Alegeretuteko
Euskeldun Erria.
Berau dagoalako
Aspaldiko urteetan
Gorrotoan sarturik
Gerra gaiztoetan;
Eta zelan dagoan
Artzen kastigua,
Deritxat errukitu
Jakola zerua.
Uste dot, o! Andrea,
Bien bitarteko
Jainko, eta gizonen
Zareala izango.
Asarrez ez deusku, ak
Bialtzen euririk,
Agorrez bizi gara
Danok erdi illik;
Eta baldin bazara
Zu Jaunaren Ama,
Euria zeuk jaditxi
Zengi bereala.
Gure Artzaiñ, Erregiñ,
Ta Ama bazara,
Euskal-lurra artu-izu
Zeure ardurara.
BERAK ERANTZUN DEUST
Jakizu Errodrigo
Ene gogokua,
Euskeldunetan zaitut
Zu aukeratua.
Adierazoteko
Gauza oneek zuri,
Ta nai dot igarri
Daiozun aitari
Beti izan dodala
Zuen ardurea,
Eta gura dodala
Emen txabolea.
Bertatik zainduteko
Erri euskalduna,
Zein dan niretzat jente
Laztan ta kutuna.
Baña, alan bearrez
Gaur zorigaiztuan
Aurkietan da agorraz
Ia ondatuan.
GERO NEUK ESAN DEUTSAT
Banoa arin-arin
Aitari etxera
Emen jazoten dana
Iragarritera.
Erregutuko deutsat
Laster txabolea
Egin bear jatzula,
Amatxo maitea.
Bestela ez dozula
Egingo euririk,
Geratu etzaitean
Oso ondaturik.
* * *
Auxe da, ene aita,
An dana gertatu,
Zuri esan artean
Etorri naz estu.
Goazan, arturik laster
Alditugun zurak,
Sentigarri liztake
Busti daian urak,
Nire ustean dauka
Ak erabagia
Artuta bereala
Eiteko euria;
Eta zuk badakizu
Eurien premiñan,
Zelan gaizki gagozan
Emen aspaldian.
AITAK
Goazan, ene semea,
Dagoan lekura,
Zergaitik ikustea
Nik bera dot gura.
Jaungoikoaren Ama
Ziertu dalako,
Txabolatxo bat baño
Geiago zor jako,
Goazan Errodrigotxo
Goazan bereala,
Ondrau daigun, mirariz
Agertu dan Ama.
ERRODRIGOK
Etorri zaitez aita
Neure ondorean,
Neu joango natxatzu
Aurretik bidean;
Zergaitik bear dogun
Guk toki txarretan
Irago atx arte ta
Leku labanetan;
Baña begiratuaz
Astiro astiro,
Elduko gara miñik
Egin baga ondo.
Goazan an agiri dan
Artalde azpira,
Eta andik garbiro
Tokia agiri da.
Goazan egonagaitik,
Aldapa gogorra,
Alimo, ene aita,
Igo arte gora.
AITAK
Arañoko bidea
Ia ez da asko,
Bildur naz, baña, ete dan
Andik ikusiko.
ERRODRIGOK
Ara, ara, an aita,
Ara nun dagoan,
Antxe arako sasi
Andien alboan.
Ez dozu begiztetan
Arantza gañean
Esan deutsudan legez
Zeuri len etxean?
Begira egiozu
Dauka artzaiñ antza,
Arpegiko azala
Baltzerana dauka.
Baña, ederrez zelan
Dan paregabia,
Dudarik bapere da
Birjiña Maria.
AITAK
Goazan aguroago,
Adoradu daigun,
Mirari bat dala au
Garbi da ezagun,
Gero joan bearko
Dozu Oñatira,
Alperrik erreguka
An neketan dira,
Ez dabe ez euririk
Au ikusi arte,
Zerutik eratsiko
Ezetara bere,
Lenengo bear dabe
Onaxe etorri,
Ama-Semeok zelan
Dagozan ikusi.
Eurok adorau, eta
Gero txabolea
Bearko deutse egiñ,
Semetxo maitea.
Baña, geuk aurrenengo
Daiogun erregu,
Pekatoriokgaitik
Daitezan bigundu.
ERRODRIGOK
Zeuk ala neuk asiko
Dogu erregua?
Asi-zu zeuk zergaitik
Zara gurasua.
AITAK
Asi zaite lenengo
Zeu ene semea,
Zarealako bere
Aurkitutzallea.
Belauniko jarririk
Berorren oñetan,
Abe Maria asi
Zaitez errezetan.
ERRODRIGOK
Agur, Agur Maria
Graziaz betea,
Jaungoikoa da zugaz,
Birjiña maitea,
Andra danetan zara
Zu bedeinkatua,
Ta Jesus zure sabel
Dontsuko Frutua.
AITAK
Pekatariokgaitik,
Jainkoaren Ama,
Erregutu egizu
Orain arren bada;
Eriotzako orduan
Begiok gugana
Zuzendu, ta eroan
Gagizuz zeugana.
ERRODRIGOK
Amen.
|
|