www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. Josť Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

AGUR UME

 

                Zerura joan naiago, osatu baño.

                        (Arreseko Maria Pilartxoren

                        azken egunetako berbak)

 

Ez al nozue gogortzat arren iñok eukiko,

Ez nagizue, atxarrizkotzat iñok bota,

Ez nagiala zentzun bagakaz iñok bardindu,

Nire biotz au erdibiturik gaur dagota.

 

Ez deustazue ausaz malkorik gaur ikusiko,

Begiok malkoz dodazalako gorriturik,

Aiñ luzaroan nire biotzak eukan patiña,

Dalako oso iya gelditu agorturik.

 

Nok esan daike baña beraren kordel meietan

Amaitu dala soñututeko indar dana,

Iturritxo bat mututu oi dan erara bardin

Agorrillean sikatutean urik baga?

 

Nok esan daike berau aurkitzen dala galduta,

Basamortuan galtzen dan legez bidaztia,

Laño artean dabillenean topau ezinda

Berak atseden gure leukean baserria?

 

Bidetik alde baten bat legez orain bizi naz,

Ezin dot topau atzo nekusan goix-izarra,

Ezin dot jarrai zerren errendu bere egin nazan,

Eta aldatsok iragoteko nago zarra.

 

Orregaitiño agurtzen zaitut, Probidentzia,

Lurreratzen naz ezkutapenok adoretan,

Nire asmoak badira bere oker atera,

Zureak beintzat zearo dira gertaketan.

 

Parkatu, Jauna, parkatu, Jauna, baldin geiegi

Maite baneban eta ametan alabea,

Zerren eskini neutsun azkenez biotz guztiaz

Artu zengion zeuk besoetan arimea.

 

Zergaitik orren gazterik baña nai ete eban

Nire loratxo guri guriak amaitzea,

Galtzen ebela bere matrallak gorritasuna,

Ta bere begi izarrezkoak ikustea?

 

Larrien larriz, zergaitik aren estu jarri zan,

Goregi igoten danean legez txoritxua,

Bere biotza gelditzen zala taupada baga,

Isten eustala neure au baña taupatsua?

 

Oraindik zortzi urte bagarik, o mingarria!

Gorputza itxi arimak eutsan deslaiturik,

Aita ta ama onen ondoan aurkitu giñan

Zer jazoten zan ezin ezelan barruntaurik.

 

Marmola bera zirudiala geratu jakun,

Len biziduna izan zan nire alabea,

Ez dakit zelan geratu nintzan neu biziagaz,

Zalako bera aitarentzako bizitzea.

 

Emon neutsazan laztanak asko berari baña,

Larrosatuten etxakon mosu zurbildua,

Ez eben bere ezpan politak zabaldu gura,

Geitu egidan ene aitatxo gogokua.

 

Egazti batek goix jagitean bere abia

Beti isten dau otzitu baga epeltxorik,

Modu berean gelditu arren aren aoa

Geratu jakon laster gerora otziturik.

 

Zerren etorri etxakon ari urten eutsana,

Egaztitxoa datorren legez bere etxera,

Ezpada nire umeak eukan uso zuriak

Egatu eban ez biurtzeko ona atzera.

 

Ordurik ona agaitik nabill beti artega,

Damuz ezin dot iñon billatu atsedenik,

Biotz oneri eukan biotza ill jakolako,

Aitaren biotz onek nor eukan biozturik.

 

Itxas azalez dabillan ontzi polita zelan

Baga eskerga batek oi daben ondoratu,

Baletzar batek ao zabalaz ene umea,

Niri ostuta sabeleraño eban sartu.

 

Lora eder bat atzo zan eta gaur da zimela,

Atzo zan nire poza ta gaur jat naibagea,

Atzo zan nire etxean agaz uda barria,

Gaur bera baga au jat negu baltz illunpea.

 

Uste bagako aldakuntze au ikusitean,

Zer egin daiket, noruntz zuzendu nik begiak?

Zeruetaruntz eragitean biotzak diñost,

Araxe egan ebala nire alabeak.

 

Bizi obea artu ebala fedeak diñost,

Bizi obea artute arren egin jat ill,

Bizi obea goian gozetan dagokit eta,

Ni barriz beian onen negarti, zelan nabill?

 

Arbola batek baña adar bat galdu ezkero

Agertzen badau sentimentua dabela artu,

Aitaren biotz onek biotza galdurikoan,

Zelan damurik egingo ez dau gaur agertu?

 

Ez da mirari neure umea, zu gomutauta,

Aitau negarrez oraindik bere asitea,

Ez da mirari entzun neutsuzan berba andiak

Neure burutik oraindik ezin kendutea.

 

Zuri, zuri bai, alabatxoa entzun neutsun bai,

«Osatu baño zerura dot naiago»

Ez dakit nundik asmau zenduzan itz orrek baña

Niretzat gauza ezkuturen bat or badago.

 

Gauz ixillen bat sentietan dot or badagola,

Gauz ixillen bat batek bakarrik dakiena,

Ezin erantzun bestela alan zinaidan Pilar

Zarrago batek dalako ori al daikena.

 

Osatu baño joan naiago zenduan legez

Ontzat artua izan zan goian zure naia,

Osatu baño joan naiago zenduan legez

Egiaztu zan euki zenduan erabaia.

 

Orrexegatik urten eutsuen bidera, Pilar,

Zeure nebatxo aingerutxoak laguntzera,

Euren erdian igo zinaian izarrez gora,

Eurakaz nasi kantu artean bizitzera.

 

Eurakaz naste errubageen artean zagoz,

Iñoz orbandu etzendulako arimea,

Edurrezkoak zure jantziak dirudie ta

Eguzkia duiñ argia dozu arpegia.

 

Ortxe gozetan bizi zaitez bai, alabatxoa,

Orban bagako Bildots otzana adoretan,

Erreguturik egunen baten zure aitamok

Igo daigula orraxe bera alabetan.

 

Orrexegaitik zuk ez daukazu damurik oraiñ,

Aita ta ama bakarrik emen itxiteaz,

Eriotzea irago eta zagozalako,

Atsegiñetan emendik orra igoteaz.

 

Zure gorputza badago bere lurperatuta,

Egunen baten aterako da ain ederrik,

Azuzena ta lirio zuri zuriak baño

Zuriago ta iñon orbantxo bat bagerik.

 

Agur, umetxo, ikusi arte ortxe zeruan,

Agur, agur bai, gelditzen gara gu lurrean,

Agur, biotzak zerren eroan zeuk deuskuzuzan,

Agur ume, guk pozik ez dogu emen bean.

 

aurrekoa hurrengoa