URRIÑEKO INTXAURRAK
Askotan agertzen dau goix ona zeruak,
Egun argi bat gozau dagian munduak;
Lorarik lora egan dabiltzaz poz pozik,
Mitxeleta arroak jantzita politik,
Eta mutikotxoak deutse jarraituten,
Eskuak zabalduta arrapeta arren.
Zelan daukezan urre antzeko egoak,
Diruriela gauza balio andikoak;
Baña artuagaz bat, batek eskuetan,
Auts biurtu oi jakez ego areik bertan,
Orra mutillen pozak zetara datozen,
Gaur eder baten jaube ustez egiñ arren.
Eguzki argiagaz urrin landa baten,
Ikusten bada zerbait islea egiten;
Lora guztiak baño au da ederrago,
Bertara joan eta, baña an zer dago?
Ez lora pitxi eder, zoragarri danik,
Ispillu zatitxo bat sarritan bakarrik.
Urietan piestak dirala ederrak,
Kantetan dabe beti urtero paperak;
Ikustera joanda o! zenbat alditan,
Pentsetan zan lakorik etzan aurkietan.
Diru asko gastauta tamalaz etxera
Etorri oi da sarri joana ikustera.
Bizkaian nik entzunda emendiko gauzak,
Zoro zororik egin nituan amesak;
Ona etorten daukat neukana gastaurik,
Non ez dodan billatu pentsetan nebanik,
Sinisten nebalako neke asko baga
Dirua Amerikan irabazten zala.
Ai! baña eroan dot engañu osoa,
Zoratzen ninduana zan ispillutxoa;
Mutitxoen antzera mitxeleta atzean,
Iragorik arrisku andiak bidean,
Itxasoz onagiño nago iragorik,
Ta antzera biurtzeko ez daukat dirurik.
Baña alper alperrik gaur daukat damua,
Izan nintzan garbiro Txoriburutxua;
Iñok gura ezpadau nik legez erratu,
Esaera zarrenak, gazteak sinistu,
Urriñeko intxaurrak ots andiak daukez,
Bertara eldu eta benturaz baperez.
|