www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. Josť Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

PELEGRIÑO BAT

 

                Ene adiskide abade jaun On Damaso Bernaolakoari

 

Gabon gabean beti, apaltzen genduala,

Entzun neutsan amari, urtean urtean,

Kontutxo bat polita, zeiñ noian ipintera,

Entzuniko moduan, orain paperean.

 

                    * * *

 

Agertuten da baten Gabon gaba tristerik,

Izarrik bere baga guztizko itsua;

Aise eta bisutsaz bidean ibilteko,

Gitxitan ezagutu oi dan legezkua.

Bere etxe torrean su andiaz berotan,

Zaldun bat familiaz egoan apaltzen,

Baita pobre bat larri etxe aren kanpotik,

Danba, danba, atea makilleaz joten.

Alako baten, «nor da?» itauntzen dau otzeiñak;

Kanpokoak diñotsa: «eskeko triste bat,

Bidea erratuta onaxe oraiñ jo dot,

Norbait etxe onetan errukitzen bajat».

—Zoaz Jaungoikoagaz, beste leku batera,

Baserri bat or dago zuek lakoentzat,

Emongo deutsuela badakit leorpea,

Guztiak ezbaditu loak artu beintzat.

—Alderdi onetako barririk nik ez dakit;

Jauna, jakin dagizun naz pelegrinua;

Jerusalendik nator, Santiagora noa,

Indazu biyar arte emen ostatua.

Sukaldetik zaldunak diño: «betor aurrera,

Ze gizon berori dan gura dot ikusi».

Pelegriñoak uste eban iya seguru

Gaberako lekua ebala jaditxi;

Eskatzera doa, pozturik esperantzaz,

Adierazotera etxeko Jaunari,

Bere egoerea ze negargarria zan,

Asi jakon azaltzen zearo ta garbi:

«Jauna, ikusi naizu iya otzak illean,

Onetara luzaro ezin nendi bizi,

Goixetik ona ez dot agoan ezer sartu,

Otzaz ez eze nago goseagaz gaizki».

Nok ez dau sinistuko autormen au eginda

Etxakola auzitu egingo biotza?

Txisillutik jagita errazoe txarrakaz

Gisajoa etxetik, baña eban bota,

Esanaz arrabioz: «alde nire etxetik,

Zek zakaz zikin ori gureko txakurrak,

Iratzarri ta euren zaunkaz ume koitauak,

Negarrez ipinteko arturik bildurrak?».

Buruari eraiñaz jarri zan txisilluan;

Pobreak umill umill diño: «agur, Jauna,

Ni gora bera gozau begi familiagaz,

Atsegiñez beterik aurten Gabon gaba»;

Sueteko atetik urten zan, zizpuru bat,

Larri garratz ta miña egiten ebala,

Zaldun ta familia alkarri begiraka,

Aren zotin tristeak ipiñirik dana.

Otzeiñak esaniko baserrira badoa,

Billatzera al beban iya aren baten,

Eta argitasuna dakus ez urriñean,

Leio txiki baterik zelan dan urteten.

Abietan da puskat ibiltzen ariñago,

Baña kana betean beukan edurtzea,

Zelan bait egin eban nekezka bazan bere,

Bide laburra, baña arentzat luzea.

Elduten da argia egoan lekuraño,

Baña etzan etxea, ta bai ermitea,

Lanparan aurkitzen zan orioa gastauta,

Agonian legetxe bertako metxea.

Lanparearen gisan pelegriñoa bere,

Egoan ukatuta, adore bagarik,

Odolak otzitua, bealunak ikaraka,

Agiñak dardaraka iye amaiturik.

Begira jarriten da ermitatxo barrura,

Leioaren burdiña erreja artetik,

Eta dakus altaran Santo Kristo andi bat,

Kurutzean josita besoak zabalik.

Gomutetan da zelan beragaitik egoan,

Jaungoiko gizondua josia kurutzan,

Baita gomutetan da Belenen zelan jaio

Ein zan, gure amorez abereen kortan.

Gogarteok egiten asi zan, baña zelan,

Otzak eta goseak eukan aiñ galduta,

Jausiten da lurrera, eta emon bertantxe

Azkenengo arnasa desanparaduta.

Baña mundutik euki ez arren laguntzarik,

Kurutzeko Jesusek eutsan bai, lagundu,

Zerura arimea eregi eutsan, eta

Antxe beti betiko eban zoriondu.

 

aurrekoa hurrengoa