www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. Josť Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

MARI ANTONI ARAMAIOARRA

        IRAKURGEIA

 

                1899ko Bertako euskal-jaietarako egilleak atondua

 

                Zolia danari goixetan,

                Jaungoikoak deutsa lagunketan.

 

Araba izan arren oraiñ Aramaio,

Bizkaia iruditzen onek dau geiago;

Daukalako ghuraso zarren berbetea,

Bizkaitarrena bardin Foruko legea,

Ta berau izan arren urte askoduna,

Oraiñdik ez dau galdu euskelduntasuna,

Zeruak nai izanik da leku polita,

Ainbeste baserriz da eleixaz jantzita,

Jaungoikoak eginik oso da malatsa,

Iturriz zugatzez da mendiz aberatsa,

Neguan epeltxoa udan ez beroa,

Eguzkiak lerregi erre bagakoa,

Bioleta bedartzan legez eskuetan

Erri auxe dalako mendi artietan,

Emon gura neuskio datorkan ondrea,

Dalako Euskalerri erdiko lorea,

Deiturik, erri bakar gaur Arabakoa,

Erdera naste baga euskaldun osoa,

Ta Euskera zainduten legetxe alegin

Bere oiturak gaitik dabelako egin,

Biotzetik agurtzen gaur dot Aramaio,

Erri aukeratutzat au zalako jaio;

Berau da bada ibar zintzo ta leiala,

Atxak solo biurtu egin dituana,

Saritu eragiñik izerdi andiak,

Boteak bere ume zaillen bekokiak;

Eurenez naiz da izan gorputzez txikiak,

Beargin zintzo beti dira txindurriak;

Baña Aramaioar zarrak zein gazteak

Niri eresten jataz dirala erleak,

Ezpadauka lorarik erleak urrean,

Zelan ibilli oi dan billa urriñean,

Alan ikusi oi dot aramaioarra,

Etxean amaituten jakonean lana,

Dirudiala erle zintzo ta langiña,

Doiala erbestera bearraren billa;

Bata badoa ezti geia ekartera,

Bestea pillatzeko dirua etxera,

Agaitik erlearen izena betean

Aramaioarrentzat dator nire ustean.

 

Ez dot nik esan gura txito ta osoro

Akats bagakoa dala Aramaio,

Alan bere bakigu oneitan ardiak

Esan leikela danak dirala zuriak,

Bat edo bat aurkitzen noz bait bada baltza,

Berak dauka librako barbantzuen antza;

Alan erleak bere dan danak zintzoak

Eztira zerren batzuk direan mamoak;

Bai, onak utsik dagoz an goian Zeruan,

Txarrak bere on baga beian Inpernuan,

Baña gitxi-gei emen lekuan lekuan

Txar ta onak gabiltzaz nastean munduan;

Antxiña entzun neban nai dozun errira

Zoaz; baña txakurrak an bere badira;

Au gaitik Aramaion bat edo bat alper

Izan arren ez deutsa orregaitik ezer,

Alan ez dot bardindu nai paradisuaz

Lurrean non nai oi da bat edo bat Judas.

 

Esan dot asieran jaunak lagunketan

Deutsa zoli danari jagiten goixetan,

Alan bada nai neuke azaldu zearo

Neskatilla bategaz beiñ zer zan irago,

Nor zan Mari Antoni Aramaioarra,

Benetan beargiña, gañera goixtarra,

Gari epalla bere benetan azkarra,

Amagaz Arabara sarritan joana;

Esan dodan legetxe erlien antxera,

Etxerako onera zerbait ekartera;

Baña, ama ill jakon, ta beste urtean

Igitaldia eldu egin jakonean,

Auzokoak zituzan eroan lagun bi,

Bata zan Juana eta bestea Iñazi,

Zarrena Bitorian gazteena Bilbon,

Serbitzen luzaroan zireanak egon;

Orregaitik egozan uritar egiñik,

Eta baserriari iguiña arturik;

Garbiro esateko erdi nagiturik,

Erderaz autortzeko señoritaturik;

Baña, zelan egozan orduan etxean,

Ta Mari Antonigaz Kutunak zirean,

Asmau eben beragaz nasi Arabara

Joan bear ebela biak igitara,

Erromeriara asko joan oi dan legez,

Lan eiñ baño geiago olgetako ustez.

 

Izarrak zoli zoli egozan zeruan,

Ixillik illda legez jentea auzuan,

Ollar eta astoak bere lo oraindik,

Ezer bere entzuten etzan eurakandik;

Ontzen uluak zerbait sometan zirean,

Zeintzuk ziran jaioak baso urriñean,

Erlojuak amabi ots ditu emoten,

Esanaz; domekea oraintxe da illten,

Baña jote orduko amabiterdiak,

Neskatillak egozan irurak jagiak,

Ordu batak jo baño len barriz etxetik

Urtenda Miñanora elduta goixetik,

Iru gari arlogaz Araka gañean

Ebagiteko laster berbatu zirean;

Eta bardin samarrak izanik arluak,

Juanari emon eutsan bertatik buruak,

Bakotxak bere sailla ein bear ebala,

Gura zan orduetan egiñagaz lana,

Jardun baga iraunak alkarri emoten,

Batak aiña besteak ez ebala eiten,

Alperrak asmo asko, da esaerea,

Eta egia dala baukat sinistea,

Osterantzean laster dogu ikusiko,

Itsuak bere zerren deutsan igarriko.

 

Egia da Iñazi eta aizta Jauna

Ez egozan premiñan joateko ara,

Etxejaunak zirean euren gurasoak,

Aramaion banakak zirean lakoak;

Bata eta bestea baña, domeketan

Kalera apaindurik jasten ziranetan,

Nok esan jakin ezik Juana eta Iñazi

Baserrian zirala jaio eta azi?

Zorionean urten zirean kanpora,

Jantzian igoteko ainbestean gora;

Bai, arrotzen zituzan euren dote onak,

Baña ez ete eben bear euren gonak?

Ez ekarden aririk etxaguntzarako,

Euren egarria zan dana kalerako,

Ez eben ezetera gura eguzkirik,

Baltzitu ez eioen berak arpegirik;

Billdurrez orregaitik kapela zabalak

Egalik egalera kana bat ziranak,

Eroan zituezan igitara biak,

Arriturik ikusten eutsezan guztiak;

Ez, etziran eurakaz errez baltzituko,

Eta euriaz berez ez asko bustiko,

Damugarri zan bada alako lora bi

Baltzituta etxera egitea etorri.

 

Etzan, ez areentzako egin igitea,

Gogokoago jaken biai kerizpea,

Edo intxaur azpian josten jardutea,

Arturik ipar aixe gozo eta meia;

Eztiñot zireala neskatilla txarrak,

Etxeko gobernuan eukezan bizarrak;

Eurak nai ebena zan erosotxo bizi

Soloko lanetatik eginda igesi;

Eta egoanean nonbait fiestea,

Antxe apainduenak biak agertzea;

Baña Mari Antoni zelan zan pobrea,

Eta buruan bere kukutsik bagea;

Etzan sekula bere fiestan ikusten,

Etzalako auzotik iñora urteten;

Zan bakar zalea ta, zan jaungoikozkoa,

Arrokeria zer zan ezautu bakoa;

Oso galant gorputzez, ederra ariman,

Aingeru baten antza eukan arpegian;

Bai, arbel asko eta gauz ona gitxitan

Aurkituten dan legez emen lurpietan,

Mari Antoni lako neskatxik errian

Beste bat ez egoan beraren aldian.

 

Zirudian enparau danen ispillua,

Birtutez beteriko lora sortatxoa;

Ain zan garbi, ixill ta aiñ zan zentzunduna,

Etxakona aztuten amari entzuna;

Jaungoikoak deutsala beti lagunketan

Jagiteko zolia danari goisetan,

Eta artu dedilla suertea nai noz,

Ona bada berandu eztalako iñoz,

Orregaitik jagiten a zan iruretan,

Juana eta Iñazi nekez zazpiretan,

Au gaitik egin eban lau egun lenago

Arloa, beste biak eiñ zituen baño;

Guraiña lo eginda, aiñ berandu jagi,

Igitaia astiro gero erabilli,

Kantau asko egin da lekaixoa sarri,

Nekau baño lenago eginda jazarri,

Ta onen onenean aretx azpi baten,

Dantzan bere ebela ordu bete galtzen,

Lau eguneko lanaz emotea zortzi,

Nori ein bear jako gaur mira eretxi?

Egiñak esaten dau zer dan egillea,

Ona, erdiko edo ete dan dongea;

Landarea jatorriz baldin bada urra,

Ezin emon lei berak alea intxaurra;

Agaitik geienean zelakoak amak,

Bere iskuten dira dirala alabak.

 

Nagusiari bere ein jakon damutu,

Arei saillak emonak, baita aserratu,

Bera zalako beti goix jagi zalea,

Atsegintzen jakona neskatx langillea;

Eta doe guztiak Mari Antonigan

Berak nai legez zelan aurkituten ziran,

Abiau zan pentsetan semearentzako

Etorrela andragei ezin da obeto;

Ziñoan bere kautan; ondo da dotea,

Baña, lendik aberats daukagu etxea,

Nik gura neukena da ixilla errana,

Ez nagi, loti eta ain gitxi arrana,

Eta Mari Antoni berba gitxikoa

Dalako guretzat da alagalakoa;

Arakako auzoa dana da neurea,

Jaubegeirik bat daukat, bakarrik semea,

Gañera diru puskat umegiñan daukat,

Urtero geitzen deustaz beintzat milla dukat,

Alan guk daukagunaz beste ezer baga

Bizitzeko geiegi ezdaukagu bada?

Naiz izan aberatsak Juana eta Iñazi,

Orreen aldean bauka arek zer ikusi,

Mari Antoni soillik orreik biok baño,

Edozetarako da askozaz geiago;

Orreik legez ak euki ez arren doterik,

Naiago dot guretzat goneaz bakarrik;

Gorputzez da arimaz, nor bera lakorik?

Ez dakit topau leiten Araban besterik,

Etxe bat ondretako da emakumea,

Dontsua da gizona ona bada andrea;

Eztiñot txarra dala andra aberatsa,

Baña, nik naiago dot langin ta apatza;

Aberats, eder, ona, iru gauzak baten,

Kantetan da errezak ez dira billatzen;

Baña Mari Antonik onak badaukaz bi,

Ederrez eta onez santa bat dirudi,

Ta aberastasunik ak euki ez arren,

Eskatzen dodana da birtutea lenen.

 

Onelantxe kontuak eginda atera,

Neska mutillai biai deiturik aurrera,

Agertu eutsen bere barruko gogua,

Ta euren baietzagaz aurrera arloa,

Eroanda, brebeaz zirean eskondu,

Eta euren bizian etxaken damutu.

 

Bai, Mari Antoni zan egiñ andra andi,

Juana ta Iñaziren inbidiagarri,

Zeintzuk umill umillik saillak amaitzean,

Biak laster etxera biurtu zirean,

Eguzkiak bapere ein baga baltzitu,

Baña lotseak ondo eginda gorritu,

Mari Antoni barriz poz pozik Arakan

Geratu zan amaren bertsoak kantetan:

«Jagiteko zolia danari goixetan,

Jaungoikoak zerutik deutsa lagunketan,

Eta suerte ona datorrela nai noz

Ez dalako berandu beretzako iñoz».

 

aurrekoa hurrengoa